Uberaren premia dute

Gaur Levanteren zelaian irabazi eta goiko postuetara gerturatu nahi du Realak. Ondo ari da etxeko taldea

Jon Ander De la Hoz.
2018ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Atotxan lehenik eta Anoetan gero, Donostian ohitura da Realaren partidetan sartzen diren golak suziri bidez jakinaraztea. Gertuko uretan lanean zebiltzan arrantzaleei emaitzaren berri emateko abiatu zuten gerora usadio bilakatu zena. Haiek ederki jakingo zuten txalupa bat azkarrago ibiltzen dela beste ontzi baten uberan sartzen denean.Bada, itsastarren jakituria hori baliatu nahi du Realak gaur iluntzean, hiru puntuak eskuratu eta goiko postuetara gerturatzeko.Horretarako, ezinbestekoa du Levanteri irabaztea. Sailkapenean lau puntu aurretik da aurkaria, eta txuri-urdinek nahitaez hartu behar dute haren ubera; goragoko postuei begiratu nahi badiete, bederen. Irabaziz gero, puntu bakarrera jarriko litzateke Reala.

Suziriak entzun eta irabazteko, baina, golen bat sartu behar da derrigor, eta azken hiru jardunaldietan alerik ere ez dute lortu donostiarrek. Egoera hori aldatzeko asmoa erakutsi du Asier Garitano entrenatzaileak:«Futbola da, boladak izan ditugu. Hasieran, gol asko sartu genituen; orain, gehiago kostatzen ari zaigu. Jokalariak berberak dira, eta lanean jarraitu beharko dugu poliki-poliki».

Horretarako, etxetik kanpo erakusten ari den jokoari eutsi nahi dio Realak. Txuri-urdinak ligako bisitaririk onenak dira, Bartzelonarekin, Sevillarekin eta Levante gaurko aurkariarekin batera. Hamar puntu eskuratu dituzte orain artean, eta horrela segitu nahi du Garitanok: «Orain artean horrela izan da, etxetik kanpo atera dugu puntu gehien. Hurrengo partida ere etxetik kanpo dugu, eta ea zerbait lortzen dugun».

Alabaina, Bergarako entrenatzaileak uste du gaurko partida ez dela erraza izango, eta goraipatu egin du Levanteren jokoa: «Oso ondo daude. Agian, Lehen Mailan dauden talde onenetako bat da egun». Estatistikek berretsi egiten dute Garitanok esandakoa; azken hamabost puntuetatik hamabi eskuratu ditu Paco Lopezek zuzendutako taldeak. Roger Marti da bolada onaren arduradun nagusietako bat; sei gol sartu ditu Valentziako jokalariak. Ruben Rochina da txanponaren beste aldea. Orain artean taldeko jokalaririk onentxoena izan da, bai, baina min hartu du, eta ez da ariko Realaren aurka.

Txuri-urdinak, berriz, jokalari gehiagorekin ari dira pixkanaka. Garitanok hemeretzi jokalari ditu bidaiatzeko prest, eta etxean utzi beharko du haietako bat. Bidaia egingo dutenen artean dago Mikel Oiartzabal. Gaurkoa leku berezia da harentzat, han egin baitzuen debuta Realarekin, duela hiru urte. Baliteke bera izatea taldea garaipenaren bidean jarriko duena; Valentzia portu ona da irabazteko.

LEVANTE-REALA

Levante. Oier; Jason, Postigo, Rober, Chema; Toño, Campaña,

Bardhi, Prcic; Morales eta Roger.

Reala. Moya; Aritz Elustondo,Diego Llorente, Hector Moreno, Theo; Illarramendi, Zubeldia, Pardo, Januzaj; Oiartzabal eta Willian Jose.

Epailea. Medie Jimenez.

Lekua. Valentzia Hiria (26.354 ikusle).

Ordua. 21:00 (Gol).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.