Lokarri bihurtzeko urratsak

Gizartearen eta kultura garaikidearen «lokailu» bihurtu nahi dute Bilboko Azkuna zentroa. 2019-2023 urteetarako ondu duten proiektu estrategikoa aurkeztu du Fernando Perez zuzendari berriak

Fernando Perez Azkuna zentroko zuzendaria, Joan Mari Aburto BIlboko alkatea eta Nekane Alonso Bilboko Udaleko Kultura zinegotzia. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2019ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Misioa da argitu dutena. Hala azaldu du Fernando Perez Bilboko Azkuna zentroaren zuzendariak: «Zer garen argitu behar dugu». Joan den maiatzean hartu zuen Perezek zentroaren zuzendaritza, eta azpiegituraren norabidea berritzeko gogoeta prozesua gidatu du azken hilabeteetan. 200 lagun inguruk parte hartu dute, eta labur azaldu du azken ondorioa: «Azkuna zentroa zer den galdetzean, zer dagoen azaltzen du jendeak: 'Badago igerilekua, kiroldegia, mediateka bat...'. Baina zer garen horretan egin nahi dugu indar: gizartea eta kultura garaikidea lotzeko espazioa izan nahi dugu, eta espazioa eta programa norabide horretan egokituko dugu horretarako».

Gizartearen eta kultura garaikidearen «lokailu» bihurtu nahi dute, eta 2023. urtera bitarteko plan estrategikoa ondu dute horretarako. Programan ez ezik, aldaketak egingo dituzte eraikuntzaren espazioan ere. «Aldi berri bat hasi du Azkuna zentroak». Atzo eman zuen Perezek aldaketa nagusien berri, Juan Mari Aburto Bilboko alkatearekin batera egin zuen agerraldian.

ZUZENDARI BERRIA

Urte hasierarekin batera eman du Perezek bere asmoen berri. Izan ere, 2018ko maiatzean hartu zuen Azkuna zentroko gidaritza, Lourdes Fernandez zuzendari ohiak kargua uztean. Kultura zentroaren izaera «eraldatzeko» lana hartu du kargua hartu eta berehala. Ezaguna du etxea, baina, Bilboko Alondegia ireki zutenean —gerora Azkuna zentroa izena hartu zuen— kultur programazioaren zuzendaritza bere gain hartu baitzuen Perezek. Erakusketa, arte eta ikus-entzunezko programen koordinazioa izan zituen zeregin nagusi. Bilbon izan zen urteetan, halaber, BAD Antzerki eta Dantza Garaikidearen jaialdia zuzendu zuen, egonaldi artistikoen programa koordinatu zuen, eta programatzaile ere aritu zen Fant jaialdian.

2015eko abuztutik Azkuna zentroko gidaritza hartu bitarte, Nafarroako Gobernuko Kultura zuzendari nagusia izan da.

Curriculum luzea du Perezek: Euskal Filologian lizentziatua da, eta Ikusizko Arteen Kudeaketan Nazioarteko Lidergo masterra egin zuen New Yorkeko unibertsitatean; Europako Kultur Politiketako graduondokoa Bartzelonakoan; eta Kultur Kudeaketa, Musika, Antzerki eta Dantza masterra Madrilgo Konplutentsean. Uharteko Arte Garaikidearen zentroko patronatuko zuzendari eta Oteiza Museoa fundazioko patronatuko idazkari ere izan da.

EDUKIZ JANZTEA XEDE

Hamar urte beteko ditu datorren urtean Alondegia izenarekin ateak zabaldu zituen kultura zentroak. «2010eko maiatzaren 18an inauguratu zen Bilboko Alondegia, eta kultura zentro berrien eredua izan da Bilbon zein nazioartean hasieratik». Hiriburua aldatu egin da, ordea, eta Azkuna zentroaren norabidea berritzearen premia azpimarratu du Perezek. «Gizartea gero eta konplexuagoa eta aldakorragoa da, eta zentroaren edukiak berriz pentsatzeko une egokia dela iruditzen zaigu». Sortu zenean ezarritako misioa «egokitzea» beharrezkoa dela dio. «Aisialdirako eta kulturarako zentro gisa sortu zena gizarte eta kultura garaikideko zentro bilakatzea nahi dugu». Horra, Perezen arabera, aldaketaren muina.

Behin baino gehiagotan azpimarratu du: gizartearen eta kultura garaikidearen arteko lotura indartu nahi dute, «ingurunean eragiteko eta gizarte sortzaile, kritiko eta askotarikoa eraikitzen laguntzeko. Lurraldea eta biztanleak eraldatzeko epizentroa izan dadin lan egingo dugu».

Azaldu duenez, bost ildo estrategiko zehaztu dituzte datozen urteetarako: gizarte eta kultura garaikidea erdigunean jartzea, zentro irekia sortzea, erabiltzaileenganako ikuspegia berritzea, ikusle eta entzule berriak erakartzea eta zentroaren barne antolaketa egokitzea. Norabide horretan, programazioa «berritu» eta espazioa «berrantolatuko» dute datozen hilabeteetan.

PROGRAMAZIO BERRIA

Gizarte eta kultura garaikidea programazioaren «zentroan» jarriko dituela azaldu du Perezek. «Garenaren eta izango garenaren arteko bidea ekintzen bidez marraztuko dugu». Sei ildo nagusi izango ditu, aurrerantzean, Azkuna zentroak: arte garaikidea, arte biziak, zinema eta ikus-entzunekoak, gizartea, kultura digitala eta literatura. «Harremanetan daude denak».

Orain arteko hainbat ekitaldi mantenduko dituzte, baina baita berriak sortu ere: hezkuntza eta ikerkuntza bultzatzeko Akademia izeneko programa bat sortuko dute. Artista eta sortzaileentzat izango da Akademia, eta lan tailerrak «berreskuratzea» du xede. Kulturaz eta gizarteaz hausnartzeko, berriz, Hitza 22 egitasmoa jarriko dute martxan. «Hitza 22 foroan adierazpen artistiko guztiek izango dute tokia, eta jakintza arloen arteko lotura landuko dugu».

Fatxada programa da beste berrikuntzetako bat. Atzo bertan inauguratu zuten, Aitor Saraiba artistak Beste herentzia izeneko obra jarri baitzuen eraikinaren kanpoaldean. Higinia Garai, Naiara Goikoetxea eta Ane Pikaza artisten lanak jarriko dituzte, gerora, ikusgai.«Eraikinaren fatxada sortzaile garaikideen interbentziorako gune bihurtuko da». Azpiegituraren kanpoko hormak ez ezik terraza ere egitasmora gehitu nahi dutela dio, eta, iragarri duenez, hainbat ekitaldi egingo dituzte bertan udako programazioan.

Antolatzen diren ekitaldietan, euskarazko sorkuntzari eta ikuspegi feministari «arreta berezia» eskainiko diete.

ESPAZIOEN ANTOLAKETA

Programazioa azpiegituraren zentro guztietara hedatzeko, espazioak egokituko dituzte datozen hilabeteetan. Orain arte JOZ Jarduera Osagarrien Zentroa zena Lantegia deituko da orain. «Ideien, sorkuntzaren eta berrikuntzaren laborategia izango da. Esperimentaziorako eta ekoizpen kulturalerako espazioa izango da, berritzailea, artistikoa eta nazioartekoa».

Mediateka ere «berrikusi» egingo dute. «Ideien, sorkuntzaren eta berrikuntzen laborategi bihurtu nahi dugu. Literaturaren epizentro bihurtuko da, eta, kultura digitalaren bidez, gazteak erakarriko ditugu».

Gaur egun dauden espazioak «egokitzeaz» gain, berriak ere sortuko dituzte: erakusketa areto berri bat irekiko dutela azaldu du Perezek, eta artxibategi bat sortzen hasiko direla ere iragarri du, «Azkuna zentroan izan den ekoizpen artistiko garaikidea bildu, sailkatu eta ezagutzera emateko». Memoriaren «bermatzaile» gisa aurkeztu du Perezek proiektua.

BILBOTIK NAZIOARTERA

Bizkaiko hiriburuan eragin nahi du Azkuna zentroak, Aburtoren hitzetan. «Hiriari ateak irekiko dizkio Alondegi berriak: proiektu berritzailea dugu aurrean, Bilboko egungo beharrak eta eskaerak aintzat hartzen dituena. Izan ere, Bilbok esperientzia artistikoak biziko ditu hemen: kulturaz gozatzeko beste modu bat proposatuko da, eguneroko bizitzaren osagai bihurtuko dena. Enbaxadorea ere bada Azkuna zentroa, kulturaren nazioartekotzean urratsak egiten dituelako».

Orain arte 10 milioi euroko aurrekontua izan du Azkuna zentroak, eta, aitortu dutenez, %3 igo da kantitate hori aurten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.