Txillardegi konstelazioari so

Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi'-ren ekarpen poliedrikoari aitortza egingo diote Korrikak, Jakinek eta EHUk. Haren biografia bat, filma, omenaldia eta testu hautatuak aurkeztu dituzte
Jose Luis Alvarez Enparantza <em>Txillardegi</em>, 1978ko Euskaltzaindiaren Bergarako Biltzarrean.
Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, 1978ko Euskaltzaindiaren Bergarako Biltzarrean. BERRIA

Amagoia Gurrutxaga Uranga -

2019ko otsailak 7
Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi (Donostia, 1929 2012). Intelektual ekintzailea, engaiatua. Ideien lerrokatze berriak asmatu zituen astronomiazalea, aurkitu beharreko konstelazioak bazirela erakutsi zuen pentsalaria. Arrazaren bueltan biraka zebiltzan planteamendu esentzialisten aurka, benetako ardatza hizkuntza zela aldarrikatu zuena. «Zer da egiten dena, belaunaldi batek naziotasunari buruz euskararen aldeko hautua egiten duenean, arrazaren alde egin zuen beste belaunaldi baten aurka? Ideien sistema guztia aldatzen da», dio Joxe Azurmendik Txillardegi. Batasunaren pentsalaria biografiako hitzaurrean. Miren Rubio Iturriak idatzi du biografia hori, eta Jakinen, EHUren eta AEKren artean argitaratu dute, Dabilen Pentsamendua bilduma berriaren barruan.

Biografia horrez gain, bilduma horretako testu hautatuen hiru lehen aleak aurkeztu zituzten atzo, Donostiako Carlos Santamaria liburutegian. Txillardegik Euskara batua, Nazio auzia eta Hizkuntzaren filosofia gaien inguruan idatzitako testuekin osatuta daude. Eta testuen osagarri, haren ekarpenari gaur egundik nola behatu pentsatzeko, daukan gaurkotasuna aztertzeko hitzaurrea erantsi diote ale bakoitzari.

Dibulgazioa

Dabilen Pentsamendua bilduma Jakinek eta EHUk abiarazi dute, elkarlanean, eta Jakinen XX. eta XXI. mendeetako euskal pentsamenduaren transmisioa egitasmoan du ernamuina. «Azken 60 urteetan eta gaur egun euskaraz sortutako pentsamendua dibulgazio mailara ekartzea da helburua. Horretarako tresna bat da testu antologien bilduma bat abiatzea», adierazi du Lorea Agirre Jakineko zuzendariak. Bilduma, gaineratu duenez, 2017ko Proiektuari Elkar Saria jaso izanari esker abiatu da. «Eta, nola ez, lehenak Txillardegi behar zuen izan».

Zergatia lehen aleon kontrazalean irakur daiteke: «XX. mendeko bigarren erdiko euskal intelektual garrantzitsuenetako bat; 56ko belaunaldiko kidea; euskara batuaren egile eta eragilea; euskal soziolinguistikaren aitzindaria; lehen euskal eleberri modernoaren egilea; ETA mugimenduaren sortzaileetako bat; politikari abertzale eta ezkertiarra».

Esaldion goiko aldean konstelazio bat ageri da, non Euskara, Herria, Norbanakoa eta Taldea eta Gizaberea ardatz nagusiak diren.«Txillardegi konstelazioa da hori, haren pentsamendua nondik nora ibili zen ulertzeko mapa moduko bat. Lau ardatz horien bitartez datoz Kultura, Nazio kultural politikoa, Askatasuna eta Justizia, eta haietatik eratortzen dira haren hamaika kontzeptuak: euskalduntasun berria, euskara batua, hezkuntza, jakintza, herritartasuna eta hiritartasuna, ezkertasuna, nazioa eta estatua, kultur internazionalismoa, abertzaletasuna, existentzialismoa, engaiamendua, mundua, natura, unibertsoa». Hori dena da Txillardegi, Agirreren esanetan.

Jon Zarate EHUko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordeak, atzoko prentsaurrekoan, unibertsitateaz haragoko Txillardegiren ekarpena nabarmendu zuen: «Unibertsitatetik euskararen alde egindako ikerketa lan oparoaz gain, goraipatzekoa da egindako lan militantea eta gizartea sentsibilizatzeko zuen gaitasuna». Jakin eta EHU ez dira Txillardegiren ekarpenari aitorpena egitea erabaki duten bakarrak.

Larunbatean, omenaldia

«Gorazarre egiteko hainbat arrazoi izanagatik ere, bereziki euskara batuaren aldeko lana aitortzeko eta eskertzeko», 21. Korrikak omenaldia egingo dio Txillardegiri, Asier Amondo Korrikako koordinatzaileak atzo azpimarratu zuenez. «Txillardegik jarri zituen Arantzazuko Biltzarraren 1968ko euskara batuaren sorrera agiritzat jotzen den txostenaren aurrekariak, 1964an egindako Baionako Bileran», erantsi zuen.

Larunbatean, omenaldi ekitaldia eskainiko diote Donostiako Musikene goi mailako musika ikastegian, eta oroigarria emango zaie pentsalari eta ekintzailearen senideei. Segidan, Kote Camachok Eneko Dorronsororen laguntzarekin zuzendu duen Txillardegiren KLIKA filma emango dute. 19:00etan hasiko da omenaldia, eta hara joateko sarrera doakoa izango da —gonbidapena ekitaldiak@korrika.eus helbidean eskatu behar da—.

Ikus-entzunekoa egitean «ETBko zintetatik Euskadiko Filmategiko apaletara, artxibo pribatuetan barrena ere» ibili dira Txillardegiren bila, Camachoren esanetan. Haren lanaren ekoizle, Jakin, EHU eta AEK izan dira; Miren Rubiok idatzitako Txillardegi. Batasunaren pentsalaria biografiaren argitaratzaile izan diren berak. Eta Rubio ere Txillardegiren bila aritu da. «Txillardegiri buruz badira idatziak, baina normalean haren ertz bati bakarrik helduta idatzitakoak izan dira. Haren osotasuna irudikatu nahi nuen eta, horretarako, ezinbesteko tresna izan ditut elkarrizketak, testuez gain», adierazi dio egunkari honi. Jone Forcada alargunak profil «askoz humanoagoa» erakutsi ei dio. Jean-Louis Davant, Fito Rodriguez, Joxe Azurmendi, Pilartxo Etxeberria, Patxi Zabaleta eta Joan Mari Torrealdairi egindako elkarrizketekin, «Txillardegi osotuagoa» eskaini ahal izan ei du. Eta inoiz argitaratu gabeko argazkiak topatu ditu.

Txillardegiren hari muturrak kronologikoki josteko, haren pentsamenduak eta bizipenak nola gurutzatu diren ulertarazteko erabili ditu denak. «Euskal Herriko azken hamarkadetako historian zehar egindako kontaketa ere bada biografia hau, garaian garaiko auziei erantzuten aitzindari izan baitzen Txillardegi», Rubioren hitzetan.

44 egunkari eta aldizkari diferentetan 1.300 artikulu baino gehiago ere argitaratzera iritsi zen. Harribizketa, Atorrasagasti, Larresoro, Igara eta Usako ezizenak ere erabili zituen Txillardegi. Sasian zein sasitik kanpo 28 etxebizitza —pianoa lagun beti— korritu zituen pertsona. «Lan honi heldu nionean, Txillardegiri buruz zeozer banekiela uste nuen, baina harengana hurbildu ahala konturatu naiz zeinen gutxi nekien», aitortu du Rubiok. Gehien-gehien harritu duena «bukaeraraino» izan zuen lanerako grina, «zeinen askea» eta pentsatzen zuenarekiko «zeinen fidela» zen ikustea izan da. «Haren ertz guztiak mahai gainean jartzen dituzunean, ikusten duzuna da ez bakarrik pentsamendu bat, baizik eta egiteko modu bat. Diferenteen arteko akordio bat beti zuela buruan. Berea oso irmoki defendatzeari utzi gabe inoiz».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna