Distantziak batzen diren tokia

Neighbor bikotean aritu ondoren, Maite Larburu musikariak bakarkako lehen diskoa aurkeztu du: 'Hezurren azpian'. Hilaren 28an aurkeztuko du lana, Bilboko Azkuna zentroan, Loraldia jaialdian
Maite LArburu musikaria, atzo, Bilboko Campos antzokiko aurkezpenean.
Maite LArburu musikaria, atzo, Bilboko Campos antzokiko aurkezpenean. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2019ko martxoak 16
Maite Larburu musikariak dio galdera askoren erantzunak aurkitu dituela; arakatzen hasita, hezurren azpikoarekin egin duela topo. «Distantzia konstante bat izan da nire bizitzan. Euskal Herria utzi nuen Amsterdamera bizitzera joateko, eta, gerora, lanbideagatik, Amsterdam utzi, eta nomada baten gisan bizitzen hasi nintzen. Etxea urrun izan dut beti». Euskal Herrira itzuli da orain, eta distantziak lotzen dihardu. Bidaia abestia jarri du adibide gisa: kantu horixe da atzo Bilboko Campos antzokian aurkeztu zuen Hezurren azpian (Gaztelupeko Hotsak) diskoaren lehendabiziko abestia. «Bi punturen arteko distantzia nola zeharkatu arakatzen hasi naiz, eta miatze prozesu horretan aurkitu dut nire hezurren azpia: nagoen lekuan egonda nire etxe bihurtu dena. Beti eman dit antidotoa distantziari aurre egiteko. Eta, era berean, distantziarik handiena neroni naizela ere erakutsi dit».

Hilaren 28an egingo du Larburuk diskoaren jendaurreko aurkezpena, Bilboko Azkuna zentroan, Loraldia jaialdian. Aurrez, hilaren 22an, Bergaran izango da (Gipuzkoa). Amaia Ocerin Loraldiko kidea, Ubane Uzin Gaztelupeko Hotsak diskoetxeko arduraduna eta Jon Eskisabel Badok.eus atariko arduradun eta kazetaria izan ziren, Larbururekin batera, atzoko agerraldian.

Oraingoan «neighborra» falta zaiola esan du Larburuk. Josh Cheathamekin batera egin du musika ibilbidea azken urteetan, eta harekin batera ondu ditu Ura patrikan (2013) eta Hau (2016) lanak. «Bere hutsunea asko nabaritu dut». Auzokiderik gabe, baina, bakarkako bidea hartzea erabaki du oraingoan. «Hirugarren diskoa Neighborrekin kaleratzea nuen buruan, baina beharra sentitu dut prozesu osoa bakarrik egiteko». Askatasuna sentitu duela aitortu du. «Hirugarren hau Maite Larbururena izango zela erabaki nuenean, bata bestearen atzetik sortu zitzaizkidan abestiak, eta ez nuen inoren zain egon beharrik kanta bat bukatzeko».

Aida Torres eta Beñat Iturrioz perkusionistak eta Carlos Taroncher klarinete jolea ditu oraingoan bidaian lagun. «Diskoari kolore etxekoia eta intimoa eman diote. Hezurren azpikoa oso barrukoa da, eta halako doinuak irudikatzen nituen».

Elkartu diren doinuak

Eklektikoa eta intimoa da Hezurren azpian, «ez niregana hurbildu nahi dudalako; norberarengana hurbildu nahi dut». Hitzak janztea da bere doinuen xedea. «Saiatzen naiz hitzei harmonia, erritmoa eta melodia jartzen. Gauza ederrak badaude, uste dut nahi gabe aurkitu ditudala». 11 abesti ondu ditu diskorako, eta hamaika instrumentu erabili ditu: xilofonoa, gitarra klasikoa, gitarra elektrikoa, zintzarriak; eta, nola ez, biolina.

Musikariak adierazi du orain arteko bidean elkartu ez zaizkion bi puntuk bat egin dutela. «Uztarketa bat gertatu da nire musikagintzan: Maite Larburu biolin jotzailea eta Maite Larburu Neighbor batu dira». Diskoko Gona abestian gertatu da hori. «Biolinetik sortu dudan kantu bat da. Nire ogibidea Neighborrera hurbildu da, eta Neighbor nire ogibidera». Irriz bota du ondorioa. «Bada, distantzia bat gutxiago nire bizitzan». Mugarria izan da kantua horregatik. «Abestia, agian, nahi gabe gertatu da, baina Gona aurretiko eta Gona ondorengo abestiak daudela esango nuke, eta egongo direla».

Abestiaren bideoklipa ere egin du Txintxua Filmsek, Marian Fernandezen eta Asier Altunaren gidaritzapean. «Bestearen lekuan jartze hori adierazi nahi nuen kantuarekin, eta primeran eraman dute hori bideoklipera». Besteak beste, Harkaitz Cano idazlea azaltzen da ikus-entzunezkoan. Diskoan agertzen diren Maletadun maitalea eta Katekorratzarena kanten hitzak egin ditu Canok. «Gona jantzi, eta nire lekuan jarri da Harkaitz, lagun zahar batek egin dezakeen moduan. Nire ahotik bere hitzak bidali ditu, eta Cano idazleak egin dezakeen maisutasunarekin, gainera. Ederra izan da, bai bere hitzak nire ahotik irteten ikustea, baita bere hitzak musika bihurtzea ere».

Etengabeko aldaketa

Ibaiaren metafora erabili du: «Iruditzen zait musikaren antz ikaragarria duen zerbait dela, etengabeko mugimenduan dagoelako: badatorrelako eta badoalako». Larburuk hamabost urte egin ditu Euskal Herritik kanpo. «Denbora honetan guztian, ibaia ez da geldirik egon, eta uraren mugimendu bera aurkitu diot euskarari ere. Euskarak, ibaiak eta musikak triangelua osatu dute diskoan eta nire hezur azpian». Entzuleari hiruki bera igorri nahi diola aitortu du. «Hezurren azpietan triangelu asko sortu daitezen nahi dut, elkarren ondoan jarri eta diskoak forma borobila har dezan».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna