Nola azaldu deskribaezina

Jenny Holzer artistak azken lau hamarkadetan sortutako lanak bildu ditu Bilboko Guggenheim museoak, 'Jenny Holzer. Zera deskribaezina' erakusketan. Irailaren 9ra bitartean izango da ikusgai

Jenny Holzer. Zera deskribaezina erakusketak 150 pieza inguru biltzen ditu. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2019ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
«Jabetza pribatuak krimena sortu zuen». Esaldi bat horman. «Eskuekin lan egiten ez duen jendea bizkarroia da». Beste bat. «Bakardadea aberasgarria da». Jenny Holzer artistak (Ohio, AEB, 1950) 250 esaldi jarri zituen New Yorkeko Manhattan auzoko kaleetan, 1977. eta 1979. urteen bitartean. Poster anonimo gisa jarri zituen hormetan, eta, gero, Truismo izeneko sailean bildu zituen denak. Holzerren lehen lana izan zen hori. «Kaleko errotulu edo poster batekin, pertsona batek metro batzuk egiteko behar duen denbora tartea duzu. Truismo-rekin, segundo gutxian funtzionatzen duen zerbait eskaintzen dut». 20 urte zituen artistak orduan, baina, dioenez, hari berari tiraka jarraitzen du oraindik: hitzak ditu lan tresna nagusi, eta botereari, indarkeriari eta sinesmenei heltzen die. «Hainbat egoeratan, axolagabetasuna eta ekintzarik eza delitu dira». Hitzetan labur baina seguru jardun zen Holzer atzo, Bilboko Guggenheim museoan bere ibilbideari buruz ondu duten Jenny Holzer. Zera deskribaezina erakusketaren aurkezpenean. Azken lau hamarkadetan sortutako 150 lan inguru bildu ditu museoak. Gaur ireki ditu ateak, eta irailaren 9ra bitarte izango da ikusgai.

Petra Joos erakusketaren komisarioak dio Holzerrek gogoeta kritikoa bultzatzeko egiten duela artea. «Pentsamendu kritikoa du xede: artistak izena jartzen dio izendaezina eta deskribaezina den horri». LED errotuluak, xaflak, kamisetak, granitozko jarlekuak eta giza hezurrak baliatzen ditu horretarako. Bilbon jarri dituzten piezek errefuxiatuen auzia, emakumeen kontrako indarkeria eta AEBetako Gobernuak Irak eta Afganistango gerretan egindako gehiegikeriak lantzen dituzte, besteak beste. «Nik kontakizunak aurkezten ditut hemen: bortxa jasan duten emakume eta gizonen bizipenak. Zer gertatzen den azaltzea da nire nahia, baina uste dut jakitea eta sentitzea ez dela nahikoa. Ondo legoke urrunago joan eta beste zerbait egitea». Hor utzi du deia. «Bakoitzak ikusiko du zer egiteko gai den. Baina justiziarik ezaren berri izanda ezer ez egitea miopea izatea litzateke, baita berekoikeria hutsa ere». Artea da Holzerren aktibismoa; haren bidez lantzen ditu berak auzi politiko eta sozialak.

Ikerketa lanak baliatzen ditu artistak bere egitasmoetarako. There Was a War (Gerra bat egon zen) izeneko instalaziorako, adibidez, Human Rights Watch eta Save the Children erakundeek 2011. eta 2016. urteen artean jasotako 131 pertsonaren lekukotzak erabili ditu. Siriako haurren larritasuna salatzea da piezaren helburua, eta LED errotulu batean jarri ditu ikusgai. Piezak granitozko bankuak ditu inguruan, eta izkribuak dituzte grabatuta. «Aretoan sartuta, badirudi hilerri batean gaudela».

Harrizko jarlekuak eta LED errotuluak etengabe azaltzen dira Holzerren lanean. «Hitzak harrian zizelkatzen direnean, ukitu egin daitezke; paperean ez bezala antzeman daitezke. Marmolak eta granitoak denbora harrapatzen dute; eta errotulu elektrikoek, berriz, bestelako zeinuak igortzen dituzte. Eserlekuek auzi gelak, ospitaleak eta elizak irudikatzera eraman gaitzakete; onerako edo txarrerako».

I Woke up Naked (Biluzik esnatu nintzen) instalazioan, sexu abusuak jasan dituzten hainbat andreren lekukotzak daude ikusgai. Lanera eraman ditu, halaber, Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun Sailak argitaratutako Ikusteko ahotsak (2016) testigantza liburuan jasotakoak. «Ez zituen ingelesezko lekukotzak itzuli nahi, eta bertako emakumeenak eskatu ditu, beren-beregi, erakusketarako». Areto berean jarri du Purple (Morea) lana: piezak hemeretzi LED errotulu biltzen ditu. «Holzerrek giza saihetsak irudikatu nahi ditu lanarekin». Artistak 1993. eta 1995. urteen artean ondu zuen Lustmord (Sexu hilketa) testua azaltzen da bertan: Jugoslaviako gerran emakumeak gerra arma gisa nola erabili zituzten azaltzen du.

Gerraren atzekoak

Sabaitik zintzilikatuta dagoen zazpi metroko LED errotulua da erakusketan dagoen lan berriena. Afganistango gerran AEBetako armadak atxilotuei egindako abusu kasuak azaltzen dira hor, bata bestearen atzetik. «Artelan honek hamalau orduko iraupena du», azaldu du Joosek. «2004an, Criminal Investigation Command erakundeak txosten bat ondu zuen AEBek Afganistanen zuten Gardez base militarrean egindako abusuekin, eta ikerketa horretan azaltzen diren lekukotzak bildu ditu Holzerrek artelanean».

Haren azpian dago Ram (Ahari burua) LED errotulua: Anna Swirszczynska idazle poloniarraren Barrikada eraikitzen liburuko poemak azaltzen dira bertan. Bigarren Mundu Gerran Poloniako erresistentzian aritu zen idazlea, erizain boluntario gisa. 30 urte geroago idatzi zituen orduko bizipenak, eta Holzerrek guztiak bildu ditu. «Poesia atsegina izan daiteke, eta aldi berean suntsitzailea. Bi ezaugarriak biltzea zoragarria da», azaldu du artistak. Hain zuzen, hainbat idazleren olerkiak proiektatuko dituzteGuggenheim museoaren fatxadan, hilaren 30era bitarte. Euskal idazleen testuak ere izango dira ikusgai; tartean, Gabriel Aresti, Bernardo Atxaga eta Itxaro Bordarenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.