Sentitu behar diren artelanak

Iruñeko Udaleko bildumako 84 artelan ikusgai jarri dituzte 'Abstraktu' erakusketan, Ziudadelan. Euskal Herriko zein kanpoko artisten lanak ekainaren 30era arte ikusi ahal izango dira

Abstraktu erakusketan 84 artistaren obrak ikus daitezke. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2019ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Arteari esanahi bat bilatzeko tentaziotik ihes egin, eta norbere buruari sentitzen utzi. Hori da Iruñeko Udalak antolatu duen Abstraktu erakusketaren proposamena. «Buruari ezarritako hesiak eraitsi. Aurreiritziak apurtu. Eraikitako ideiak deseraiki». Erakustaretoan sartu bezain laster, hori bera eskatuko dio ikusleari eskaileretan dagoen horma irudi handiak: Begiratu. Sentitu. Eta aretoan sartutakoan, artelanen kolore biziek eta askotariko formek erraz erakarriko dute. Iruñeko Udalaren Arte Garaikidearen Bildumatik hautatutako 84 artelanekin osatu dute erakusketa, eta Ziudadelako Arma Aretoko 1. eta 2. solairuetan egongo da zabalik ekainaren 30era arte.

Aldarrikapen bat ere bada Abstraktu. Arte abstraktua lengoaia gisa ulertzeko aldarrikapena. Hala adierazi du Javier Manzanos Iruñeko Udaleko Arte Plastikoetako teknikari eta erakusketaren komisarioak: «Geure bizitzan inguratzen gaituzten elementu askotan dago lengoaia abstraktua. Mina, itxaropena, maitasuna... Guztiak dira kontzeptu abstraktuak; ezin ditugu neurtu, baina gurekin batera doaz; ulertzen ditugu, azaldu ezin ditugun arren, ez baitugu horrek beharrik». Beste arte adierazpide batzuekin alderatu du arte abstraktua, eta deitoratu du horiei eskatzen ez zaizkien azalpenak eskatzen zaizkiola arteari: «Kasurako, musikari, arte abstraktu nagusiari, ez diogu imajina errealik eskatzen; haatik, errealitatea baino errealagoak diren irudiak transmititzen dizkigu. Eta badakigu entzuten dugun musikak dantzatzera eramaten gaituen, edo maitatzera, edo negar egitera».

Aurreiritziak alde batera uzteko gonbita da, beraz, Iruñeko Udalak antolatutako erakusketa. Manzanosek adierazi duenez, ikuslea gonbidatu nahi dute bere buruari lasai utz diezaion artelanekin harritzen, haurra balitz bezala. «Helduok ez bezala, haurrek ez baitute azalpenik bilatzen; sinpleki, libre uzten diote beren buruari liluratzen», haren irudiko. «Eraikitako aurreiritziek eramaten gaituzte azaldu ezin den guztia laidoztatzera; baina bizitza gauza esplikaezin zoragarriz beteta dago».

1970eko hamarkadaren erdialdetik gaurdaino sortutako 84 artelan ikus daitezke erakusketan.Euskal Herriko zein nazioarteko beste horrenbeste sortzailek ondu dituzte. Artelan bakoitza egile batena da; hortaz, abstrakzioaren 84 interpretazio ere badira. «Abstrakzioak azken hamarkadetan izandako bilakaeraren berrirakurketa bat da».

Euskal Herriko 33 sortzaileren lanak daude ikusgai —horietako 22 egile nafarrenak dira—; besteak beste, Javier Balda, Mariano Royo, Gonzalo Nicuesa, Koldo Sebastian, Felix Ortega, Txomin Badiola eta Jose Luis Zumetarenak. Atzerriko egileen artean daude, berriz, Antoni Tapies, Jose Manuel Broto, Markus Oehlen, Roland Fischer, Mark Francis, Imi Knoebel, Mitsuo Miura, Eduardo Stupia eta Peter Zimmermann, besteak beste. Artista zaharrena 1922an jaioa da, eta gazteena, berriz, 1986an.

Hautatu dituzten lanen artean hainbat joeratakoak daude: abstrakzio geometrikoa, abstrakzio ez-formalista, espresionismo abstraktua, abstrakzio lirikoa... Gehienak hainbat teknika erabiliz sortutako lan piktorikoak dira. Kolore kromatiko biziko koadroak gailentzen dira; kasurako, Fernando Iriarteren Etxalartik Paris ikusiko duzue , Rosa Brunen Oreada eta Carlos Pascualen Beltza eta laranja. Forma geometrikoak ere nabarmentzen dira artelan askotan, adibidez, Juan Morenoren titulurik gabeko koadro batean. Inolako ordenarik gabekoak ere badira, hala nola Mariano Arsuagaren Iluntasunaren aztarnak serieko izenik gabeko koadro bat.

Bestalde, argazkilaritza lan batzuk ere badaude. Manzanosek nabarmendu duen moduan, arte adierazpide hori errealitatea erregistratzeko euskarri gisa sortu bazen ere, argazkilari batzuk gai dira errealitateari beste foku batetik begiratzeko, eta hari esanahi berriak emateko. Kasu honetan, adibidez, Aitor Ortizek geometria irudikatu du arkitektura fotografiatuz, izenik gabeko pieza batean. Bestetik, hamabi eskultura ere ikus daitezke: Txomin Badiolaren Aingeruak III, Luis Ramosen Bakean utz nazazu, Amadeo Gabinoren Marteko estela eta angel Garrazaren Kontrapuntu I eta II, besteren artean. Azkenik, ikus-entzunezko pieza batekin osatu dute erakusketa.

«Ez da erraza aukeratzea»

84 artelanen artean zein nabarmenduko lukeen galdetuta, komisarioak zalantzak izan ditu. Garrantzi handiko artista ugariren obra daudela adierazi du; «eta, hortaz, ez da erraza bat aukeratzea». Hala ere, hemno sortzaileen lanen artean, Manzanosek Mariano Royoren Horiaren pisu guztia margolana azpimarratu du. Erakusketan ikusleari ongietorria egiten dion pieza da, lehen kolpean ikusten dena. Royo Nafarroan abstrakzioa landu zuten lehen margolarietako bat izan zen, 1970eko hamarkadako eskolako artistetakoa, eta, gazte zendu arren, eragin handia izan zuen Iruñean. Abstrakzioa lantzen zuen, baina espresionismora jotzen zuen; istorioak kontatzen zituen, baina ezkutuan sartzen zituen, Manzanosek azaldu duen moduan. Erakusketarako hautatu duten haren koadroan kolore horia nabarmentzen da, izenburuak dioen moduan, eta Manzanosek musika pieza batekin alderatu du lana: «Erritmoa dauka, eta sentsazioak eragiten dizkigun konposizioa da».

Atzerriko sorkuntzen artean, berriz, Peter Zimmermann eta Imi Knoebel alemaniarren Uholdea eta Pure Freude goraipatu ditu: «Lehenak oso abstrakzio lirikoa lantzen du, oso organikoa; aitzitik, Knoebelek geometria lantzen du, paperaren ordena».

Artelanen nahasketa

Komisarioarentzat artelan guztien nahastea izan da, prozesu osoan, «atsegingarriena»; biltegian zeuden piezak mugitu, hautatu eta erakustareto batean elkartzea. «Bertako eta atzerriko artisten lanak elkarrekin jartzea; Iruñeko Artista Gazteen Lehiaketatik ateratako artista baten artelana jartzea Markus Oehlenen baten edo Arco azoka entzutetsuan eskuratutako baten ondoan, eta ikustea batak ez diola besteari balioa kentzen... Hori izugarria da».

Artelan guztiak Iruñeko Udalaren arte garaikideko bildumakoak dira, eta horietako bakoitzarekin doan kartelean zehaztu dute nola heldu zen pieza horibildumara. Jatorriak ere askotarikoak dira: Iruñeko Artista Gazteen Lehiaketan parte hartutakoak dira batzuk, Arcon eskuratutakoak besteak, galerietatik iritsitakoak... Iruñeko Udalaren funtsa XX. mendeko azken herenetik gaur egunera arte osatuz joan dira, eta egun 400 artista ingururen 500 artelan baino gehiago ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.