Salbuespena, Eibar

Alavesek, Athleticek eta Osasunak irabazi egin dute ligako lehen neurketa. Realak berdinketa lortu du, eta soilik Eibarrek ekin dio porrotarekin sasoiari

Alaveseko jokalariak garaipena ospatzen, atzo, Mendizorrotzan. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2019ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Orokorrean, euskal taldeek emaitza positiboak lortu dituzte Espainiako Lehen Mailako aurreneko jardunaldian. Hiru puntuak eskuratu dituzte Alavesek, Athleticek eta Osasunak. Realak, berriz, berdindu egin du, eta Eibarrek soilik galdu du lehen norgehiagoka. Egoerari buelta ematen saiatuko da Eibar asteburu honetan, eta gainerako euskal taldeek jarraipena eman nahi diote emandako itxurari.

ALAVES

Lanari jarraipena

Itxura ona emanda lortu zituen denboraldiko aurreneko hiru puntuak Alavesek. 1-0 gailendu zitzaion Levanteri. Entrenatzailea aldatu du, baina iragan sasoiko bide onean segitzen duela erakutsi zuen taldeak. Joseluk sartu zuen neurketako gol bakarra, bigarren zatiaren hasieran, 54. minutuan. Alabaina, Pachecoren lana ere nabarmendu behar da. Haren geldialdiak erabakigarriak izan ziren partida irabazteko. Emaitzari eusten jakin izan zion Alavesek, eta etxean gelditu ziren hiru puntuak. Bigarren neurketa ere Gasteizen jokatuko du Alavesek. Igandean izango da, Espanyolen kontra.

ATHLETIC

Garaipen ahaztezina

Gau magikoa izan zuen Athleticek. Bilboko Aste Nagusiaren atarian, talde zuri-gorriak festa aurreratu zuen. Ezin hobeto hasi zuen liga. Lehen hiru puntuak poltsikoratu zituen, eta ez edonoren aurka: Bartzelona zuen aurrean, egungo ligako txapelduna. Era ikusgarrian irabazi zuen, gainera. Aritz Adurizek sartu zuen partidako gol bakarra, 89. minutuan, eta txilenaz. Ukitzen zuen lehen baloia zuen Adurizek, eta sareetara bidali zuen. Azken sasoia eskasa egin zuen Athleticek. Zuloan zegoen abendu hasieran, eta beldurra izatera iritsi ziren Athleticeko zaleak. Gaizka Garitanok hartu zuen orduan taldearen zuzendaritza, eta nabarmen egin zuen gora. Arrakasta izandako jokamoldearekin segitzea zen helburua, eta erabaki zuzena dela berretsi zuen. Baikor dira Athleticekoak denboraldi berriari begira, eta bide onean egin dute aurreneko urratsa. Larunbatean, Getaferen aurka, bigarrena eman nahi dute.

OSASUNA

Ametsetako itzulera

Maila nagusira itzuli da Osasuna, eta iragan sasoian egindako balentriari jarraipena emateko asmoz zelairatu ziren Jagoba Arrasatek entrenatutako jokalariak.Baita lortu ere. Ez zuen partida ona jokatu Osasunak, baina 75. minutuan Chimy Avilak sartutako gola nahikoa izan zuen hiru puntuak eskuratzeko. Sufritzea ere tokatu zitzaion. Golaren bila joan zen Leganes, eta izan zituen abagauneak. Ruben atezaina, ordea, bikain aritu zen, eta atea hutsean mantentzea lortu zuen. Jakitun dira gorritxoak mailari eusteko lan handia egin beharko dutela, baina konfiantza hartzeko balio izan zien garaipenak. Aurrez sinatuko zuen Osasunak horrela itzultzea Lehen Mailara. Larunbatean jokatuko du lehen derbia, Eibarren aurka.

REALA

Berdinketa zoroa

Bana berdindu zuen Realak Valentziaren zelaian, baina zapore onarekin amaitu zuten neurketa txuri-urdinek. Izan ere, 100. minutuan sartu zuen Mikel Oiartzabalek berdinketaren gola, penaltiz. Partida ona egin zuen Realak, eta merezitako puntua eskuratu zuten. Intentsitate handia ezarri zion lehiari. 58. minutuan, aurretik jarri zen Valentzia. Gameirok sartu zuen gola. Epaileak zalantza egin zuen aurrelaria jokoz kanpo ote zegoen, baina, azkenean, ontzat eman zuen gola. Erasoari emanda aritu ziren donostiarrak azken ordu erdian, eta 100. minutuan iritsi zen saria. Aurretik, partida erabakita uzteko aukera izan zuen Valentziak, baina, 96. minutuan, penaltia kanpora jaurti zuen Gameirok. Amaieraraino saiatu zen Reala, eta ez zen alferrikakoa izan saialdia. Sentipen onarekin ekin diote denboraldiari txuri-urdinek, eta igandean, Mallorcaren zelaian, segida eman nahi diote.

EIBAR

Irudi kaskarra

Eibarrek lortu zuen euskal taldeetan emaitzarik txarrena. 2-1 galdu zuen, Mallorcaren aurka. Ezin okerrago hasi zuen partida. Lo irten zen, eta laugarren minuturako aurretik zen etxeko taldea. Ohi bezala, defentsako lerroa aurreratuta kokatu zuen Eibarrek, baina ez zituen ezarri bere nortasunaren parte diren intentsitatea eta erritmoa. Mallorcak eroso mugitu zuen baloia, eta Eibarrek galduta zirudien. 31.minuturako lehen aldaketa egitera behartuta sentitu zen Jose Luis Mendilibar. Exposito zelairatu zen Escalanteren ordez. Teknikariak asmatu zuen erabakian, eta partidaren ekimena hartzen hasi zen Eibar. 57. minutuan iritsi zen banakoa; Oliveirak sartu zuen. Partida asko berdindu zen azken ordu erdian, eta, zoritxarreko jokaldi batean, Oliveirak berak bere atean sartu zuen baloia. Eibar saiatu zen emaitza iraultzen, baina ez zuen lortu. Iaz gertatu bezala, galdu egin zuen ligako estreinako partida talde igo berri baten aurka, eta irudi kaskarra emanda, gainera. Gorako joera hartu beharrean dago. Larunbatean izango du hurrengo aukera, Osasunaren aurka, etxetik at berriro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.