Tourra ardatz hartuta

Abuztuaren 29tik irailaren 20ra jokatuko da Frantziako Tourra. Txirrindulariek espero zuten atzerapena. Giroa eta Vuelta urrirako eta azarorako utzi dituzte

Txirrindulariak iazko Tourreko azken etapan, Parisen. Ineos taldeko Egan Bernal izan zen lasterketaren irabazlea. GILLAUME HORCAJUELA / EFE.
Ainara Arratibel Gascon Aitor Manterola
2020ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Duela aste batzuetatik saihestu ezina zirudiena baieztatu zuen atzo Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak: Tourra atzeratu egingo da. Abuztuaren 29tik irailaren 20ra jokatuko da, betiere osasun agintariek kontrakoa ez badiote. Horren arabera egokituko dituzte beste probak.

World Tourreko egutegia abuztuaren 1ean hasiko litzateke, eta errepideko Munduko Txapelketen datei eutsiko diete. Irailaren 20tik 27ra jokatuko dira, Suitzan. Horren osterako aurreikusi dituzte Italiako Giroa eta Espainiako Vuelta, urrirako eta azarorako. Klasiko nagusiak jokatu ahal izatea ere espero dute. Berehala ailegatu dira erantzunak.

PELLO BILBAO Bahrain McLareneko txirrindularia
«Egutegia zehazteko,har dezatela kontuan gure iritzia eta zaleena»

Pello Bilbaok ez zuen espero Tourra hainbeste atzeratuko zenik. «Baina Tourra bera jokatzeko aukera izatea berri ona da». Ustedu Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak «zuhur» jokatu duela erabakia hartzerakoan. «Kontuan izan behar da halako lasterketa bat antolatzeak lan asko eskatzen duela, eta gauza asko koordinatu behar direla. Beraz, ahalik eta beranduen jarri dute, gero epeak aldatzen ibili behar ez izateko, ziurrenik».

Eguna zehaztuta egoteak «lasaitasuna» ematen dio. «Baina, aldi berean, urruti ikusten da lasterketa, eta horrek ez dakit zenbateraino lagunduko digun». Haren helburua Tourrean izatea da. «Horretarako, espero dut aurretik lehiaketa egun batzuk izatea hanketan. Nireen moduko ezaugarriak dituzten txirrindularientzat beharrezkoa da hori, helburu nagusira sasoi onean iristeko». Astebeteko lasterketak dira horretarako egokienak, haren ustez.

Denboraldia azarora arte luzatzeari ez dio aparteko arazorik ikusten. «Kontuan izan behar da egun World Tourrean lehiatzen ari diren taldeak zabalak direla, eta egutegi estu horri heltzeko moduan daudela». Hori bai, eskaria egin die egutegiaren inguruko erabakiak hartu behar dituztenei. «Har ditzatela kontuan bai txirrindularien iritziak, bai zaleenak».

Dena den, egutegian baino, epe laburrerako beste kontu batzuetan du burua. Garrantzitsuena: ea noiz itzuli ahalko diren errepidera entrenatzera. «Orain arte zorrotz bete dugu eskatutakoa, baina aste honetan langile asko itzuli dira lanera. Gainera, aukera dago, adibidez, lanera bizikletan joateko. Beraz, segurtasun neurriak beteta, uste dut laster aukera izan beharko genukeela errepidean entrenatzeko».

XABIER ARTETXE Ineos taldeko prestatzailea
«Ezusteak egoteko urtea da, taldeen egoera oso diferentea izango baita»

Koronabirusaren pandemiaren bilakaera zein izaten ari zen ikusita, asteak ziren Xabier Artetxek argi zuela Tourra ez zela uztailean jokatuko. «Aurretik txirrindulariek lasterketaren batzuk jokatu behar dituzte sasoia eta erritmoa hartzeko. Oso bortitza izango zen haien osasunerako hiru asteko lasterketa batekin hastea». Dena den, zuhur ere mintzatu da. «Egun horiek ere behin betikoak diren ezin dugu ziurtzat eman; osasun egoerak erabakiko du dena».

Aldagai guztiak kontuan hartuta, aurreikusia duen plangintzan «nahiko kontserbadore» jokatu du. «Azken asteetan ez diet entrenamendu karga handirik sartu nahi izan. Gainera, txirrindulariekin ere hitz egin dut, azalduz egutegia oso estua dela, eta beharbada batzuentzat ez dela erraza izango denboraldi honetan asko lehiatzea. Baina motibatuta egon behar dute».

Tourra korrituko duten txirrindulariak hamabost bat lehiaketa egunekin iristea nahiko luke. «Pare bat lasterketatan parte hartzea nahiko nuke, ondo ailegatuko direla ziurtatzeko eta, horrekin batera, bai lasterketak berak eta bai zaleek merezi duten ikuskizuna izan dezaten». Artetxek argi du hau izan daitekeela urtea ezusteak egoteko: «Txirrindulari eta talde guztiak oso egoera diferentean ailegatu dira».

Gerora begira ere jarri da. Izan ere, denboraldia berandu amaitzeak hurrengoaren antolakuntza eta prestakuntza baldintzatuko du. «Ez dakigu berandu bukatzeak datorren denboraldiaberandu hastea ekarriko duen. Guk bi aukeretan pentsatu dugu». Ez du uste hori arazoa izango denik. «Sasoi honetan gutxi lehiatu diren txirrindulari horiek izango lirateke hurrengoa bete-betean hasiko luketenak».

IMANOL ERBITI Movistarreko txirrindularia
«Egutegia jakitea ona da, entrenamenduak zehaztu ahal izateko»

Ezustean harrapatu du Tourra eta beste lasterketa batzuen data finkatu izanak Imanol Erbiti: «Harrituta nago. Izan ere, orain arte, eman izan dituzten egunak aldatu egiten zituzten handik astebetera, eta orain zer, eta egun guztiak zehaztu dituzte». Harridura horretatik ez zaizkio zalantza kontuak uxatu: «Agian, Tourrak beste lasterketa batzuei aurrea hartzeko egin du, ahalik eta egunik onenak gordetzeko». Hala egin izana ulergarria egiten zaio: «Tourra da lasterketa guztien gainetik dagoena».

Egunak zehazteak belarriak gozatu dizkio, beste alde batetik: «Guretzat oso ona da egutegia izatea, zehaztasun hori gabe ez baita erraza entrenatzea. Kezka kentzen digu, eta zentzua emango dio egunerokoan egiten ari garen lanari».

Konfinamendua amaitu eta Tourra ahalik eta baldintza onenetan prestatzeko modua izango ote duten ez du batere garbi: «Asmatzea izango da kontua, urte ezohikoa delako eta aurrerantzean horrela izango delako. Egoera honetara ondoen egokitzen denak gauzak alde izango ditu, inork ez baitu inoiz horrelako denboraldirik izan».

Etxeko entrenamendua ez baita bere horretan balekoa lasterketei ekiteko, ez eta errepideanentrenatzen hasterako ere: «Errepidera ateratzean, ziurgabetasunean egingo dugu, eta testak egin beharko ditugu entrenatzeko erritmoak jartzeko. Etxeko lana ez baita errepidean egiten duguna, eta ohiko erreferentziarik gabe ari baikara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.