Argindarra ekoizten hasi da Euskal Herriko parke eoliko handiena, 111 MWekoa

Iberdrolak enpresak hornituko ditu Valtierra eta Cadreita arteko Cavar parketik. Nafarroa iparraldeko mendietan ere zenbait proiektu aztertzen ari dira

Parke eolikoaren haize errotak jartzen, Valtierra eta Cadreita arteko lurretan. IBERDROLA.
Iker Aranburu.
2020ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Hamabi hilabeteko lanen ondoren, argindarra ekoizten hasi da Euskal Herriko parke eolikorik indartsuena, Cavar izenekoa, Valtierrako eta Cadreitako lurretan (Nafarroa). Iberdrolaren proiektua da, Nafarroako Rural Kutxaren finantzaketarekin egindakoa. Europako Inbertsio Bankuaren mailegu bat ere jaso du proiektuak.

Berez, lau parke biltzen dituen proiektu bat da Cavar gunearena. Guztira 32 haize errota jarri dituzte, Siemens Gamesak egindakoak. Haize errotak SG 3,4-132 modelokoak dira, eta 3,4 megawatteko potentzia daukate. Palak 64,5 metro luze dira.

Iberdrolak azaldu duenez, Cavarren eraikuntzarako 80 milioi euroren erosketak egin dizkie hornitzaileei, eta haietako asko Nafarroako Erriberakoak eta inguruko eskualdeetakoak ziren.

«Cavarrek erakusten du enplegua eta aberastasuna sor ditzakegula karbono gutxiko ekonomia bat sustatzen badugu eta inbertsioak bideratzen baditugu etorkizuneko sektoreetara, hala nola energia berriztagarrietara, sare adimenduetara eta biltegiratzera», azaldu du Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak.

Parke eolikoak urte osoan 45.000 etxebizitza argindarrez hornitzeko adina argindar sortuko du. Edonola ere, argindar hori ez da etxeetara joango, enpresetara baizik, Iberdrolak kontratua egin baitu hainbat enpresarekin luzerako argindarra hornitzeko. Cavarreko elektrizitatea erabiliko dute, besteak beste, Kutxabankek, Euskaltelek eta Uvescok (BM eta Super Amara).

Proiektu asko bidean

Badira 25 urte Euskal Herrian lehen parke eolikoa jarri zutela, Erreniega mendikatean (Nafarroa). Bultzada handia izan zuten XXI. mendeko lehen urteetan,baina 2008an abiatutako krisiak geldialdi bat eragin zuen sektorean. Koronabirusaren krisiak beste etenaldi bat eragiten ez badu, hurrengo hilabeteetan eta urteetan energia eolikoak beste suspertze bat izango du Hego Euskal Herrian —Ipar Euskal Herrian ez da proiekturik martxan—.

Eolikoan ohikoa denez, Nafarroan doaz bizkorrago proiektuak —han dago instalatutako potentziaren %80tik gora— Iruñeko gobernuak 650 megawatteko potentzia duten proiektuak onartu ditu, haien artean Cavarrekoa. Erriberan ere Enhol talde nafarra 166 MWeko potentzia duten bost parke ari da eraikitzen. Naturgy, berriz, 49,5 MWeko potentzia duten bi parke eoliko egiten ari da Añorbe, Artaxoa, Barasoain eta Tirapu herrien artean.

Orain arte parke gehienak Iruñerritik behera kokatu badira ere —Leitzako Aritz-Kornieta da salbuespena—, iparraldean ere badira orain proiektu batzuk. Sustrai fundazioak ohartarazi duenez, Sacyrrek bost parke eoliko eraiki nahi ditu Iruñerriaren iparrean dauden Txulapain, Odieta, Ezkabarte, Esteribar eta Erroibar haranetan. 56 haize errota izango lituzkete, eta 224 MWeko potentzia. Mendi ezagunak ukituko lituzkete errotek: Ortxikasko, Mendurro, Aldaon, Ilurdotz...

Are iparralderago, Lesakako Agiña eta Gardelegi mendien inguruan, Auzoberri parke eoliko bat eraikitzeko tramiteak hasi dituzte Nordexek eta Accionak.11 haize errota izango lirateke.

Jaurlaritzak ere baditu asmoak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan parkeak jartzeko, eta, Iberdrolarekin batera, Aixeindar enpresa sortu du horretarako. Kokapen egokien bila ari dira; aurreratuen dagoen proiektua Iturrietako mendietan dago (Araba).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.