Kondairazko bilduma bat

Bilboko Arte Ederren museoak Felix Fernandez Valdes enpresari bilbotarraren bilduma berregin du, 200 artelan ingurukoa, eta bilduma horren parte izandako 79 margolan eta eskultura jarri ditu ikusgai

Felix Fernandez Valdes enpresariaren ilobetako bat, aitona izandakoaren bildumakoa izan zen Joaquin Sorollaren koadro bati begira. LUIS TEJIDO / EFE.
Inigo Astiz
Bilbo
2020ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Orain arte kondaira moduko bat izan da arte historialarientzat Felix Fernandez Valdes enpresari bilbotarraren arte bilduma. Bazuten haren existentziaren berri; ezaguna zen haren kalitatea; jakina zen Francisco Goyaren Santa Cruzko markesa haren parte zela, baina bilduma osoaren arrasto gutxi batzuk baino ez zituzten zehatz ezagutzen. Familiaren argazki album batetik abiatuta, eta bi urte eta erdiko ikerketa baten ondoren, enpresariaren 400 artelan inguruko bilduma osoa berregin ahal izan du orain Bilboko Arte Ederren Museoak, eta bilduma horren parte izandako 79 artelan jarri ditu ikusgai Valdés bildumako maisulanak erakusketan. 1976an hil zen bildumagilea, eta, urteen poderioz, sakabanatuz joan ziren harenak izandako lanak. Haien atzetik aritu behar izan dute Maria Pilar Silva-Maroto eta Javier Novo komisarioek. Aurrez sekula erakutsi gabeak ziren orain ikusgai dauden lanetako asko. Otsailaren lehenera arte egongo da zabalik erakusketa, museoko bigarren solairuan. «Haren ikuspegiaren zabaltasuna ikus daiteke».

Enpresariaren erretratu batekin abiatzen da ibilbidea, eta Bilboko Kale Nagusiko 15. zenbakiko bigarren solairu osoa hartzen zuen etxearen argazki bat ere ikusi ahalko du bisitariak azalpenen ondoan. Lehen-lehen mailako artelanez beteta daude hormak: Anton van Dyck bat han, Jose de Ribera bat hemen, Francisco de Zurbaran bat harago, Grekoa... 400 metro koadro inguru bete arte. XIV. mendeko margolanetatik hasi, eta XX. mende erdialderainokoak. Egongelan. Logelan. Etxeko kaperan. Kuttunenak baino ez zituen han, ordea, zeren eta, familiak esandakoaren arabera, zazpi seme-alaben etxeetara eramaten baitzituen etxeko hormetan sartzen ez zitzaizkionak. Antzinako artetzat jotakoak hartzen zuen bilduma erdia, eta arte moderno izendatutakoak beste erdia. Eta, gutxi gorabehera, proportzio horiek mantendu dituzte Bilboko erakusketa antolatzeko ere. Erdi eta erdi, eta ordena kronologikoan.

Hitlerrentzako oparia

Erakusketaren erdialdean, Goyaren margolana da bi isurialde historikoak bereizten dituen tontorra. Joaquina Tellez-Giron y Pimentel ikus daiteke han, zetazko ohantze baten gainean alboz etzanda, musikaren musaren irudikapenekin lotu ohi den lirarekin eskuan; eta lauburu txiki baten irudiak apaintzen du musika tresna. Hori da erakusketako lanik garrantzitsuena, komisarioen hitzetan, eta baita mugarri lanak egiten dituena ere. Antzinako artea haren aurretik, arte modernoa haren ondoren.

Fernandez Valdesek Francisco Franco diktadoreari berari erosi zion margolana 1947an, haren lehengusu Francisco Franco Salgado-Araujoren bitartez, milioi eta erdi pezetaren truke. Baina, lehenago, Adolf Hitler diktadorearentzako oparitarako erreserbatuta eman zituen hainbat urte, lauburuagatik. Garao hartako agintariek svastika naziaren oihartzuna ikusten zuten irudi hartan, eta horregatik aukeratu zuten. Francok mugimendua argi ikusi ez, ordea, eta itxarotea erabaki zuen, harik eta, azkenean, Hitlerren gainbehera ikusirik, oparia egiteak zentzua galdua zuen arte, eta ezerezean geratu zen diplomazia eta espioitza lan guztia.

Sekretuz eta zurrumurruz beteta dago margolan horren historia, ordea, Silva-Maroto komisarioaren hitzetan. Besteak beste, inon ez dago lanak Francoren eskuetan nola bukatu zuen zehazten duen dokumenturik, ez eta erosketaren edo ordainketaren arrastorik ere, baldin eta erosita eskuratu bazuen. Eta justu-justukoa da Francoren aipamena ere Fernandez Valdesen erosketa agirietan. Enpresariak behin eta berriz egin zituen eroslea zein zen zehazteko eskariak, baina isiltasuna besterik ez zuen jasotzen erantzun modura. Eta bankuaren ordainketaren bazter batean soilik ageri da diktadorearen aipamen bat, lehengusuaren sinadurapean eta, betiere, zeharka.

Edonola ere, historialariak nabarmendu du Fernandez Valdesen bilduma koadro bakar hori baino askoz ere gehiago dela.

Ibarrola, ixteko

Erlijiotasuna zuen bildumaren leitmotiva, Silva-Marotoren hitzetan. Eta Zurbaran zuen artista kuttunetako bat, antzinakoen artean. Baina bildumagilearen zaletasunen zabaltasuna nabarmendu du Novok. Badira gotiko berantiarreko triptikoak, eskultura barrokoak, Mariano Fortunyren lanak, Eduardo Rosalesenak, Dario de Rogoyosenak, Robert Dellaunayrenak, Erromatik Parisera heldu berri zen Amedeo Modiglianiren akuarela bat...

Zura, palma olioa eta kakaoa inportatzen aritzen zen Fernandez Valdes, Ginea oraindik Espainiaren menpeko kolonia zen sasoian, eta han egindako diruarekin erosten zituen bildumarako artelanak. Komisarioen hitzetan, frankismoak emandako inportaziorako baimenari esker egin zuen negozioa Fernandez Valdesek, baina ez dute topatu diktadorearen erregimenarekin bestelako harremanik zeukala adierazten duen bestelako daturik. «Ez zen Francoren oso zalea», zehaztu du Silva-Marotok, «gehiago zen monarkikoa». Eta, zehaztu dutenez, bada 1936ko Gerran Eusko Jaurlaritzaren artelanak babesteko programarekin bat egin zuela zehazten duen dokumentu bat ere.

Urte luzez jarraitu zuen artelanak bildumatzen, eta horren erakusle izan nahi du erakusketa ixten duen margolanak: Agustin Ibarrolaren hastapenetako Barrualdea-k. Historialariek zehaztu dute XX. mende erdialdetik aurrera ere lanean ari ziren hainbat euskal artistaren lanak erosi zituela. Novo: «Bildumak hartzen duen tarte kronologiko osoaren irudia eskaintzeko balio du Ibarrolak, guztira bost mende hartzen baititu, beti kalitateari eutsiz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.