Itxura batean, samurrena

Athletic Levanteren aurka ariko da Espainiako Kopako finalerdietan. Joanekoa ostegunean izango da, Bilbon, eta itzulikoa, martxoaren 4an, Valentzian; biak, 21:00etan

Iñaki Williams eta Ruben Vezo, lehian, Ligako Athletic-Levante partidan. MIGUEL TOÑA / EFE.
ainara arratibel gascon
2021eko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Sevilla, Bartzelona eta Levante ziren Athleticek Espainiako Kopako finalerdietako zozketan zituen aurkari posibleak. Atzo egin zen zozketa, eta itxuraz aurkari samurrena denarekin neurtu beharko ditu indarrak talde zuri-gorriak: Levanterekin. Oraingo honetan, kanporaketa bi lehiatara jokatu da. San Mamesen izango da lehen neurketa, ostegunean, 21:00etan. Itzulerakoa, Ciutat de Valencian, martxoaren 4an, ordu berean. Beste kanporaketan Sevillak eta Bartzelonak neurtuko dituzte indarrak, eta egun bat lehenago jokatuko dira lehiak.

Marcelino Garcia Toral Athleticeko teknikariak honela aztertu zuen atzo kanporaketa: «Nik uste dut bi taldeek nahi genuela elkarren aurka jokatu. Emozio handiko bi partida izango dira». Levante egiten ari den denboraldia goraipatu zuen zuri-gorrien prestatzaileak: «Oso ondo ari da. Berriki Real Madrili irabazi zion Ligan, kanpoan; eta Vila-real utzi du kanpoan Kopako final-laurdenetan. Estu hartuko gaitu. Baina guk orain arteko umiltasunarekin eta ahaleginarekin jarraitu behar dugu lanean, jakinda bi urratsera dugula beste final bat jokatzeko aukera».

Nahi ez zuten aurkaria Bartzelona zela aitortu zuen Marcelinok. «Batez ere azken hilabetean hiru aldiz jokatu dugulako haien aurka, eta beste bi aldiz jokatzea gehiegizkoa izango zelako. Ontzat ematen dugu, beraz, zozketa». Athleticek kanporaketa gainditzen badu, bi final jokatuko ditu hamabost eguneko epean. Lehena, iaztik atzeratua dagoena Realaren kontra, apirilaren 3an; eta, bestea, hil horren 17an, Sevillaren edo Bartzelonaren aurka. Biak Sevillako Cartuja futbol zelaian, eta, pandemiaren egoera aldatzen ez bada, ikuslerik gabe.

Athletic oso bolada onean da kale edo bale egiteko kanporaketetan. 11 daramatza erreskadan gaindituta, aurreko sasoiko Kopakoak eta aurtengo Espainiako Kopako Superkopakoak kontuan hartuta. Horietako asko penaltietan, luzapenean, markagailua iraulita edo arauzko denbora amaitzear zela sartutako golei esker gainditu ditu.

Horren azken adibidea herenegun gertatu zen. Izan ere, Betisek 84. minutuan gola sartu eta gero, Raul Garciak burukada bikain batekin behartu zuen luzapena norgehiagokako azken jokaldian. Azkenean neurketa penaltietara iritsi zen. Zuri-gorriek ez zuten bakar bat ere hutsi egin, eta Unai Simonek gelditu egin zien jaurtiketa Canalesi eta Junmiri. «Zortea dugula esango dute askok. Eta hala bada, zoriak gure alde jarrai dezala. Baina nik uste dut lan handia egin dugula kanporaketa gainditzeko. Taldeak berdin egiten du lan azkenera arte, eta horren fruitua da lortzen ari garena». Levantek ere azken unean lortu zuen asteazkenean finalerdietarako sailkatzea, Vila-realen aurka. Luzapenaren azken minutuan, 121. minutuan, sartu zuen Roger Martik Paco Lopezen taldearentzat 0-1ekoa.

Bi taldeek behin neurtu dituzte indarrak denboraldi honetan. Ligako lehen itzulian izan zen, San Mamesen, eta, artean bolada txarrean egon arren, zuri-gorriek irabazi zuten: 2-0. Berenguerrek eta Williamsek sartu zituzten golak. Ligan, hain zuzen ere, 29 aldiz jokatu dute elkarren kontra. Lehia horietan hamazazpi aldiz irabazi du Athleticek, zazpi aldiz Levantek, eta bost berdinketa izan dira. Espainiako Kopan ez dituzte sekula indarrak neurtu. 1935ean jokatu zuen azken aldiz Levantek Espainiako Kopako finalerdi bat. Orduan Espainiako Errepublikako Kopa zuen izena.

Aldaketak ligako egutegian

Kopako atzoko zozketak aldaketak ekarri ditu hurrengo ligakojardunaldiko ordutegietan. Aldaketa horietako bik euskal taldeeieragiten diete. Levante-Osasuna partida igandean jokatuko da, 18:30ean, eta ez ostiralean, aurreikusita zegoen moduan. Eibar-Valladolid neurketa, berriz, larunbatean 18:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.