Albistea entzun

Fant 2021: beldurra fikziora baztertzea

Aurrez aurre egingo da Bilboko Zinemaldi Fantastikoa, etzitik maiatzaren 16ra. 'Ilargi guztiak' filmaren estreinaldiarekin hasiko da, eta Europa eta Euskal Herri mailako primiziak ere izango ditu
Gonzalo Olabarria zinegotzia, Vanesa Fernandez jaialdiko zuzendaria eta Eugenio Puerto Fanteko programatzailea, festibalaren aurkezpenean.
Gonzalo Olabarria zinegotzia, Vanesa Fernandez jaialdiko zuzendaria eta Eugenio Puerto Fanteko programatzailea, festibalaren aurkezpenean. ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Igartua Aristondo -

2021eko maiatzak 5

Beste hainbat kultur ekitaldiri gertatu bezala, Fant Bilboko Zinemaldi Fantastikoak ere atzeratu egin behar izan zuen 2020ko aldia, eta, orobat askori jazo bezala, betiko egunetan antolatu ahal izango dute aurtengoa, 27. aldiz dagoeneko: ostiralean hasiko da festibala, eta, hilaren 16ra bitarte, 73 film luze eta labur emango dituzte orotara, 43 ekitalditan banaturik. Virginia Fernandez jaialdiko zuzendariak azpimarratu du «zinema aretoen aldeko apustua» egin dutela; horrenbestez, film guztiak Azkuna zentroan aurrez aurre ikusteko aukera egongo da. Alabaina —eta honetan ere hainbat egitasmorekin egin dute bat—, online aukera zabalduko dute aurten: Filmin plataformaren bitartez ere emango dituzte ekoizpenetako zenbait.

Zuzendariak nabarmendu duenez, Fant «berritzen ari da etengabe, eta inoiz ez du ahazten Bilboko ehundura artistikoa»; aurten ere ildo horri jarraitu diote programazioa ontzeko orduan. Berrikuntzarako joera agerikoa da estreinaldietan: mundu mailako bat, Europa mailako hiru eta Euskal Herri mailako zortzi eskainiko dituzte aurten. Horietako batzuk sail ofizialerako aukeratu dituzte: esaterako, Euskal Herrian lehen aldiz ikusi ahal izango dira Kurtis David Harderren Spiral, Yernar Nurgaliyeven Sweetie, Tou Won't Believe It eta Michael Mayerren Happy Times; aldiz, Europa mailako estreinaldiak izango dira Harpo eta Lenny Guilten Mother Schmuckers eta Badley Parkerren The Devil Below pelikulak.

Bestalde, tokiko sorkuntzak lehen ekitalditik bertatik izango du zeresana, Igor Legarreta bilbotarraren Ilargi guztiak filmaren estreinaldiarekin hasiko baita aurtengo aldia. Azken gerra karlistan girotuta dago pelikula: basoan bizi den andre batek neska bat salbatuko du umezurztegi batetik, eta hilezkortasuna emango dio berarekin basoan bizitzearen truke. Fernandezen iritziz, «ohorea» da jaialdiaren lehen proiekzioa euskarazko film bat izatea».

Bilboko Campos antzokian egingo dute hasierako ekitaldia, eta, Legarretaren filma proiektatzeaz gain, pare bat sari ere banatuko dituzte: zehazki, Ohorezko Fant saria emango diote Jaume Balaguero zuzendariari, eta Fantrobia, berriz, Lluis Quilez zuzendari, gidoilari eta ekoizleari. Aitortzaz gain, Balaguerok toki nabarmena izango du aurtengo festibalean. Izan ere, larunbatean bere sorkuntzarik entzutetsuenetako bat emango dute: Los sin nombre.

Film laburrak, oinarrizko

Ohi bezala, film laburrak izango dira jaialdiaren oinarrietako bat. Guztira, 21 ekoizpen motz proiektatuko ditu festibalak, eta haietako 11 euskal zuzendarienak izango dira. «Ohorea eta eginbeharra da harrobia babestea, eta hari aitorpena egin eta leiho bat eskaintzea», azpimarratu du Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantzako zinegotziak. Ekoizpenok larunbatean ikusi ahal izango dira, Balagueroren filmaren ondoren. Hautatutakoen artean, euskarazko zenbait ekoizpen daude: Aitor Mendilibarren Irten barrura, Xanti Rodriguezen Ospel, eta Maria Fontanen Zerua hautsi zen gaua, hain zuzen.

Oro har, programazioa «zabala eta heterogeneoa» dela nabarmendu du zuzendariak, eta, halaber, umorea gailendu dela aurtengo hautaketan, ezustean. 600 filmen artean aukeratu dituzte aurtengo programazioa osatzen duten hamarnaka ekoizpenak, eta, nahiz eta beldurrezko generoak azpigenero asko dituen barnean, komedia gailendu da, nahiz eta ez diren saiatu hala izan zedin. «Behin aukeraketa eginda, gure artean hausnartu genuen: 'komedia non, eta Fanten'», aitortu du Fernandezek.

Hasiberriak, maisuekin

Zuzendariak jaialdiari aitortzen dion pluraltasuna lehen begi kolpean antzeman daiteke, egitarau berean ageri baitira film laburrak ontzen dituzten hainbat egile hasiberri, esaterako, eta dagoeneko nazioarteko sona duten zuzendari batzuk. Festibalak atal bat du pisua duten sortzaileak nabarmentzeko propio —Fant-eko maisuak—, eta aurten biri egin nahi izan diete hamaikagarren aitortza: Bong Joon-ho eta Jack Sholder zuzendariei, hain justu. Hego Korean aspalditik klasiko bilakatua da, eta 2019an nazioartean ere berretsi zuen izaera hori Bongek, Parasite pelikula sarituari esker; Fantek berriro eramango du zinema aretora ekoizpena, eta, horrez gain, zuzendari korearraren beste hainbat lan ere emango ditu: The Host, Memories of Murder, Mother eta Snowpiercer. Bestalde, zuzendari estatubatuarraren The Hidden filma ere ikusi ahal izango da.

Hasiberriak eta maisuak uztartzeaz aparte, ordea, ñabardura gehiago ere baditu jaialdiak. Fanten ardatza filmak dira, baina, dena dela, beste ekintza batzuentzako tokia gorde dute aurten ere programazioan. Esaterako, ikusgai dago jada Odol Tinta- Banpiroari omenaldia erakusketa: Bilboko Zabalguneko eraikinean batu dituzte Dracula kondeaz 25 artistak ondutako komikiak, ilustrazioak eta diseinuak, tartean Ane Pikaza, Susanna Martin eta Klari Morenok egindakoak.

Igandean, berriz, Akelarre filmaren ekoizpen prozesuaren nondik norakoak aletuko dituzte Nerea Torrijosek, Aranzazu Callejak eta Maite Arroitajauregi Mursego-k, bakoitzak bere egitekotik: jantzien diseinurik onenaren Goya saria irabazi zuen Torrijosek, eta musikarik onenaren kategorian gailendu ziren Calleja eta Arroitajauregi. Horiez gain, beste hiru garaikur bereganatu zituen ekoizpenak aurtengo Goya sarietan, bost guztira. Orotara, hamabost izendapen izan zituen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Oscar Gomez eta Esperanza Lopez —ezkerretik hasita, lehenengo biak—, hiru performerrekin batera. ©Iñigo Uriz / Foku

'Harrespila' ikuskizuna Oteiza museoan eskainiko dute asteburuan

Ane Eslava

L'Alakran taldearen performance bat da. Oteizaren teorietatik abiatuta, cromlech bat osatuko dute parte hartzaileekin batera. Hamabi saiotan egingo dute, eta izena emateko aukera zabalik dago.

Ekoizleak, zuzendaria, aktore nagusiak eta instituzioetako ordezkariak, pelikularen aurkezpen prentsaurrekoa baino lehen, atzo, Bilboko Azkuna zentroan. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Hilezkor izateak ikaratuta

Amaia Igartua Aristondo

Gaur estreinatuko dute Igor Legarretaren 'Ilargi guztiak' filma, Bilbon, Fant jaialdiaren inaugurazioan. Heriotzak eragiten duen beldurraz dihardu, hilezkortasuna lortzen duen pertsonaia baten begietatik

 ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.