Frantziako Tourra

Handienaren parera iritsi da

Cavendishek berdindu egin du Merckxek Tourrean ezarritako 34 garaipeneko marka. Laugarrenez irabazi du aurtengo lasterketan. Aranburu seigarren izan da, eta liderrak batera helmugaratu dira

Handienaren parera iritsi da.
enaut agirrebengoa
2021eko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Askoren ustez, Eddy Merckx da sekula izan den txirrindularirik onena. Ez da baieztapen hutsala, flandriarraren garaipen zerrenda errepikaezinak mamitzen baitu. Irabaz daitekeen guztia irabazi zuen Merckxek, eta ez behin bakarrik. Tourrak, adibidez, bost ditu; eta lasterketa horretako 34 etapa ditu irabaziak. Bada, Mark Cavendishek (Deceuninck) berdindu egin zuen atzo marka historiko hori, Frantziako probaren 13. etapan. 2008an lortu zuen lehen garaipena Man uharteko txirrindulariak, eta hamahiru urte geroago heldu da handienaren parera, gainbehera betean zirudienean.

Cavendishek 2016koa zuen Tourreko azken garaipena. Ezinezkoa zirudien piramidearen goiko erpinera itzultzea, baina aurten lau etapa irabazi ditu jada. Oraindik badu tartea bosgarrena lortu eta marka berri bat ezartzeko. Atzo, Michael Morkov taldekidearen eta Jasper Philipsenen (Alpecin) aurretik sartu zen Carcasonako helmugan, berriro azkarrenen arteko azkarrena dela erakutsita. Alex Aranburuk ere (Astana) lehiatu zuen esprinta, eta seigarren sailkatu zen. Aldaketarik ez zen izan sailkapen nagusiko lehen postuetan; Tadej Pogacar (UAE) da maillot horiaren jabe oraindik.

Iheslariek ez zuten bezperako askatasunik izan. Pierre Roger Latourrek (TotalEnergies), Omer Goldsteinek (Israel) eta Sean Bennettek (Qhubeka) egin zuten lehen ahalegina, baina tropela gainean izan zuten une oro. Elkarri mokoka hasi ziren, eta 53 kilometro falta zirenean harrapatu zituzten.

Jaitsiera batean, sastraka artera erori ziren ziklista asko, eta Bike Exchange taldea izan zen kaltetuenetako bat: Lucas Hamilton eta Simon Yates gabe gelditu zen. Geldialdiaren ostean, Quentin Pacherrek (B&B Hotels) piztu zuen sua. Doi-doi gainditu zuen minutu bateko langa, eta helmugatik 20 kilometrora irentsi zuen multzo nagusiak.

Deceuninck taldea nahiko ezkutuan izan zen, harik eta azken bost kilometroetan agertu zen arte. Esprinta ezin izan zuen bideratu beste egun batzuetan bezain erraz, eta Cavendish itxita gelditzeko zorian izan zen. Haatik, Morkoven gurpilera itsastea lortu zuen azken metroetan, eta errematean ez zuen barkatu.

Ineosek soka tenkatzeko asmoa erakutsi zuen etaparen azken zatian, baina faboritoak batera helmugaratu ziren. Pirinioetara heldu aurretik, etapa hautsia eta bihurria jokatuko da gaur Carcasona eta Quillan artean. Oso litekeena da ihesean erabakitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.