Hitz beraren hiru aurpegi

Txaro Arrazolak 'Ustiaketa bikaina' izeneko erakusketa jarri du Gasteizko Artium museoan. «Paisaia garaikide kezkagarriak» sortzen ditu, gizakiaren jarduerak Lur planetan duen eragina islatzeko asmoz

Txaro Arrazolak Ustiaketa bikaina erakusketa aurkeztu zuen atzo, Gasteizko Artium museoan. RAUL BOGAJO / FOKU.
unai etxenausia
Gasteiz
2021eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Lurreko aberastasunak erauztea; norberaren onurarako beste pertsona baten lana gehiegikeriaz erabiltzea; eta eztanda egitea. Euskaraz, egoeraren arabera, ustiaketa, esplotazioa edo leherketa hitzak erabili ohi dira ekintza horiek definitzeko, eta gazteleraz, berriz, explotar berba. Txaro Arrazola artista gasteiztarrak hitz horren hiru adiera horiekin jolas egiten du, eta haien arteko loturak proposatzen ditu Ustiaketa bikaina erakusketan. Izan ere, elkarren artean harremana daukaten «paisaia sozial kezkagarriak» margotzen ditu; giza ekintzek, zuzenean ala zeharka, munduan zein pertsonengan izandako ondorio suntsitzaileak erakusten dituztenak. Euskal Herriko Arte Garaikidearen Artium museoan daude ikusgai Arrazolaren lanok, Gasteizen, heldu den urteko martxoaren 13ra bitarte.

Bere obraren nondik norakoak izan ditu hizpide Arrazolak berak erakusketaren aurkezpenean, eta adierazi du 1980ko hamarkadaren amaieran hasi zela Paisaia sozialak izeneko saila sortzen. Horren harira, Xabier Arakistainek, erakusketako komisarioak, artistaren aurrekariak azaldu ditu, haren proposamena hobeto ulertze aldera: «1993an, New Yorkeko Bushwick auzo hondatuko fabrika zahar batean zuen estudioko leiho handitik ikusten zituen paisaiak sortzen hasi zen». Hala ere, gehienetan, Arrazola ez da gertakarien tokira bertara joaten paisaiak margotzeko: «Egunkarietatik hartu izan ditut ideiak; izan ere, behin orrialdea pasatzen dugunean edo hurrengo egunean, gertakizunak ahazten ditugu». Horregatik, gertakariak ahanzturan ez jausteko eta «jendeak gogoratzeko» sortzen ditu tamaina handiko margolanak. Halere, artistaren ustez lan bikoitza «kontakizun oso bat» da, «mikrokosmos bat».

Komisarioak nabarmendu du «oso kolore gutxiko» margolanak direla erakusketakoak; «beltz-beltzak eta zorigaiztoko mundu bat» deskribatzen dutenak. Baina artistaren nahia garbia da, Arrazolak berak azaldu duenez: «Jendeari espazio hauetan zikindu gabe egotearen fantasia eskaintzea da nire asmoa». Horregatik ez die markorik jarri margolanei: haren hitzetan, hurbiltasunaren ideia azpimarratzeko, eta «mihisearen mugetatik harago hedatzen direlako sentipena ez eteteko».

Komisarioa ere mintzatu da margolanen nondik norakoez eta haiek lantzen dituzten gaiez. «Zuzeneko giza ekintzek era guztietako kalteak eragiten dituzte, eta margolanek horiek erakusten dituzte: erortzeak, hondakin pilatuak, istripuak, terrorismo ekintzek eragindako egoerak...». Horrez gain, «muturreko pobrezia egoerak» islatzen dituzten paisaiak ere sortu izan ditu artistak: favelak, gerrako errefuxiatuen kanpalekuak... Eta, komisarioak gehitu duenez, «tamalez», horietako batzuk duela 30 urte pintatutako koadroak badira ere, «erabateko gaurkotasuna» dute oraindik.

Oihalaren gainean

Emultsio fotografikoa, margo akrilikoak eta bestelako askotariko teknikak erabiltzen ditu Arrazolak margolanetan, baina gehienetan oihalaren gainean sortzeko joera izaten du. Arakistainek zehaztu du artista ehungintzan trebatutakoa izan ez arren bere jarduera artistikoaren «adabegi» bihurtu dela arlo hori. Horregatik, erakusketan ikusgai dauden lanetako batzuk patchwork teknikaren bidez gauzatu ditu.

Hain zuzen, bai Arrazolak bai komisarioak nabarmendu dute aretoaren sarrerako gelan patchwork teknikaz egindako margolan bat dagoela. Proletariotza berria izena du; 1993an hasi zen artista hura lantzen, eta 2012an amaitu zuen. Arakistain: «Bigarren eskuko arropekin egindako pieza bat da, Salvation Armyren dendetan erositako arropekin egina, eta oihal gainera bere egunerokotasuneko irudiak transferitu zituen». Hori bakarrik ez, garai hartan beste hainbat margolan ere egin zituen teknika bera erabiliz. «Erakusketan ikusgai dauden margolanen beste bitxikeria bat da ez direla pertsonak agertzen», gaineratu du artistak.

Jarrera punkia

Arrazolak aitortu du lan bat egiten hasten denean hasieran ez dakiela ondo zer sortu nahi duen. Prozesuan aurrera doan heinean daki zer ari den sortzen. «Niretzat, artea ez da zerbait teknikoa bakarrik; barrutik ateratzen den zerbait dela uste dut». Punkarekin erlazionatzen du bere estiloa. «Sorkuntza prozesu indiziplinarioekin identifikatzen naiz».

Margolanak egiten hasi zen garaian, haren iritziz, artea ez zegoen «garai onean»; asko produzitzen zen, baina «kalitaterik gabe». Bere burua praktika horietatik urruti kokatzen du: «Ni sekula ez naiz hor kokatu. Urte horietan pertsona gehienek ez zuten kontuan hartzen artearen gauzarik garrantzitsuena dena: mundua aldatzea. Ni horretan saiatzen naiz».

Arakistainek iritzi dio Arrazola bere belaunaldiko euskal artistarik «onenetariko bat» dela. Eta, haren ibilbide artistikoa goraipatzeaz gain, euskal artista orori mesede egin diela erantsi du: «Plataforma A egitasmoaren sortzaileetako bat izan zen: plataforma hori beharrezkoa bihurtu da euskal sortzaileentzat». Gizarte osoan, eta bereziki artean, «berdintasunaren alde» egiteko konpromisoa daukan artista gisa definitu du Arrazola.

Artiumen erakusketa jartzearekin hunkituta agertu da artista; museoarekin beti «oso harreman estua» izan duela azaldu du, eta «etxean bezala» sentitzen dela. Hausnarketarako galderak ere aireratu ditu, erakusketaren gaiaren harira: «Ba al daukagu aukerarik munduko baliabideak eskuratzeko? Ba al dut eskubiderik bizi naizen etxean bizitzeko?».

Beatriz Herraez museoko zuzendaria harro agertu da erakusketa bertan izateaz. «Askorentzat artista ezaguna da, baina beste askorentzat ez. Guretzat oso berezia da haren lanak gurera ekartzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.