Kontakizun hegemonikotik at

Mariana Castillo Deballek 'Amarantus' izeneko erakusketa jarri du ikusgai Gasteizko Artium museoan. Saiatu da bere lanetan «historiaren kontakizun hegemonikotik» aldentzen eta bere bertsioa sortzen

Mariana Castillo Deball artista, Amarantus erakusketaren aurkezpenean, Gasteizko Artium museoan. RAUL BOGAJO / FOKU.
unai etxenausia
Gasteiz
2021eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Norena da iragana? Nola finkatzen eta hedatzen dira kultura edo haren interpretazio bat gaurkotasunean? Galdera horiei tira egin, historiaren «kontakizun hegemonikotik» aldendu, eta ezagutza eta kultura sortzeko, irudikatzeko eta zabaltzeko modu berriak interesatzen zaizkio Mariana Castillo Deball margolari eta eskultore mexikarrari. Izan ere, besteak beste, Mexiko Espainiaren kolonia bihurtu aurreko historiako objektu eta margolanak nahi bezala birsortu ditu Amarantus erakusketan. Azken hogei urteotan artistak osatu duen obra multzoaren aukeraketa bat da. Gainera, bilduma egiteko, arte garaikidearekin zerikusirik ez duten erakunde eta pertsonekin aritu da lankidetzan: esaterako, zientzietara, literaturara eta teknologiara hurbildu da. Gasteizko Arte Garaikidearen Artium museoan ikusgai daude artista mexikarraren obrak, heldu den urteko martxoaren 13ra bitarte.

Erakusketaren hirugarren geltokia izango da Gasteiz; izan ere, aurretik, Siegengo (Alemania) Gegenwartskunst museoan eta Mexikoko Arte Garaikideko Unibertsitate museoan aurkeztua diote obra. Lehen aldia du artistak bere lana Gasteizen aurkezten, eta pozik esan du «ohorea» dela obra Euskal Herrian aurkeztea. «Zer gehiago eska dezaket?».

Artistak erreferentzia egin die Europara ekarri eta Mexikora itzuli izan ez diren antzinako obrei. Horregatik, haien beste bertsio bat egiten saiatu dela esan du: «Birsortzen eta moldatzen ditudan objektu eta margolan asko Europan daude oraindik, eta ezin dira Mexikora itzuli. Obrak moldatzeaz gain, berritu eta geure egiten saiatzen naiz». Horren harira, Catalina Lozano erakusketaren komisarioak adierazi du obrak berritzeko eta historiaren kontakizun hegemonikotik aldentzeko balio duela arte garaikideak: «Azken hamarkadetan asko erabili da arte garaikidea bertsio hegemonikoak zalantzan jarri eta interpretazioak egiteko». Biek uste dute interpretazioak eta arteak «harreman estua» daukatela elkarren artean.

Castillo Deballek elkarlanean egin ditu erakusketaren parte diren pieza asko; adibidez, hainbat ikertzaile mexikar proiektuaren parte izan dira. Baina, batez ere, arkeologoekin kolaboratu du artistak. Ezinbestekoa da berak esparru horrekin duen harremanaz jabetzea bere azken hamarkadetako proiektu asko ulertzeko. Horren harira, Lozanok azaldu du Castillo Deballek arkeologiarekiko duen interesaren zergatia: «Diziplina horretan erabiltzen dituzten metodologien antzekoak erabili ditu bere lanetan». Horrez gain, inprenta bidez sortutako lanak, margolanak eta bideo bidez sortutako edukiak ere ikus daitezke erakusketan.

Tenochtitlan

Obra guztien artean, bada bat erakusketaren gela oso bat hartzen duena: Nuremberg Map of Tenochtitlan. 2013an sortu zuen artistak, eta mapak eremu handi bat betetzen du. Duela 500 urte kolonizatzaile espainiarrek azteken hiriburuaz egindako lehen mapa eskala handian erreproduzitu du artistak, eta zurezko oholak erabili ditu horretarako. Halere, mapa pertsonalizatu egin du. «Materialean, eskalan, teknikan eta abarrean aldaketa asko egiten ditut». Mapari erreferentzia eginez, komisarioak goraipatu egin du Castillo Deballek berritzeko eta egokitzeko daukan trebetasuna, eta adierazi du «lurra grabatu erraldoi» bihurtzeko nahiz beste zenbait teknika baliatzeko gai dela. «Lurra narratiba bihurtzen dut askotan», gaineratu du artistak.

Hala ere, erakusketako obra guztiek ez diote erreferentzia egiten Mexiko espainiarren menpeko bihurtu aurreko garaiari. Horren adibide da gela bat betetzen duen tamaina handiko beste obra bat: Pleasures of Association, and Poissons, such as Love; 2017an sortu zuen artistak. Banbuz eutsitako japoniar kalkomania paper gainean eginiko kiribil itxurako instalazioa da, eta paper bakoitzak neurri desberdina du. Obrak animalia ornodunek 200 milioi urtez izan duten bilakaera erakusten du.

Zoriak baldintzatuta

Obraren parte diren lan guztiak sortzeko teknika eta metodologia ezberdinak erabili arren, oinarri berbera dute. Izan ere, zoriak garrantzi handia du Castillo Deballen obran. Eta ezagutza hegemoniko batek baztertutako objektuetara hurbiltzeko metodologia gisa baliatu du. Lozanorentzat ere hori da obraren oinarri nagusia: «Zoriak baldintzatzen du, neurri handi batean, mundua eta hari buruzko kontakizunak deskribatzen ikasten dugun era. Horrela, anekdotikoa dena salbuespenera hurbiltzeko modu bat bilakatzen da». Artistak adierazi duenez, kontzeptu horren bidez historiaren inguruan «hausnartzea» da bildumarekin lortu nahi duena.

Oinarrizko mezuari forma emateko «objektu deserosoak» sortzen dituela dio artistak.Termino horren nondik norakoak ulertzeko, Lozanok azaldu du bere posizio partikularretik historia ofiziala eta hura baliozkotzen duten entitateak «zalantzan» jartzen dituztela objektu horiek, eta horregatik direla deserosoak.

Finean, historiaren bere kontakizun propioa sortzeko erabili du bere obra artistak, eta lan bakoitza objektu deseroso bat da: «Objektu deserosoak etengabe ezabatzen, ordezkatzen eta suntsitzen dira gauza berriei lekua egiteko, baina desagertze hori ez da inoiz erabat gauzatzen; gero eta gauza, zati, distortsio eta hibrido gehiago dauzkagu inguruan». Beraz, artistak sortu dituen lanek galderak botatzen dizkie kontakizun hegemonikoei, eta ikuslearentzat irudimen ariketa bat abian jartzen da. Komisarioaren ustez, Amarantus-ek «egiteko eta pentsatzeko moduak» jasotzen ditu, baina baita «ikusi eta ez ulertzeko moduak ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.