Txapela janzteko buru barik

Urtebeteren ostean, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala jokatuko dute larunbatean Bilbo Arenan, eta bertan kantuan izango diren zortzi bertsolariek zabalik ikusten dute lehia

Bizkaiko Bertsolari Txapelketan arituko diren bertsolariak. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2021eko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Zehazki, 30,75 urte ditu aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalak. Jone Uria Albizuri bertsolari eta matematikariak egin du kalkulua: larunbatean Bilbo Arenan kantuan arituko diren zortzi bertsolarien adinak kontuan hartu, eta hori da batezbestekoa. Izan zitekeen urtebete gazteagoa ere, baina, pandemiaren eraginez, antolatzaileek eten behar izan zuten iaz hasitako txapelketa, eta, ondorioz, orain egin behar izan dute finala. «Gaitza» izan da hori, Bizkaiko Bertsozale elkarteko lehendakari Belate Olabarriak onartu duenez: «Antolatzen eta desantolatzen ibili gara, baina, oztopoak oztopo, lortu dugu». 17:00etan hasiko dira kantuan Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Etxahun Lekue Etxebarria, Gorka Pagonabarraga Agorria, Nerea Ibarzabal Salegi, Onintza Enbeita Maguregi, Xabat Galletebeitia Abaroa eta Uria bera, eta iluntzean jakingo da txapeldunaren adina. Eta izen-abizenak, noski.

Onintza Enbeitak onartu duenez, urtebeteko atzerapenak «arrarotu» egin du guztia. «Sentsazio hori airean dago». Bera izan zen pandemia aurreko azken txapelketako irabazlea,eta txapela bigarrenez janzteko aukera izango du orain. Horregatik, umorera jotzeko baliatu du aukera. «Pertsonalki, hobe niretzat», erdi irribarrez, maskarapean. «Edozer gertatu daiteke zapatuan. Nik urtebete gehiagoz eduki dut txapela, eta, orduan, bi aldiz egin dut historia: txapela irabazi duen lehen emakumea ni izan naiz, eta txapela hiru urtean eduki duen lehenengoa ere izan naiz».

Erabat zabalik deskribatu du finaleko saioa Enbeitak berak. «Hemen berdin du noiz hasi zinen bertsotan, zer irabazi edo galdu zenuen; hemen 17:00etan dena hasten da zerotik». Enbeitak, esaterako, aurten ez du finalerako txartel zuzenik jaso, finalaurrekoen fasean ez baitzuen lehen posturik lortu, eta saio guztietako puntuazioen zain egon behar izan du larunbatean kantuan arituko zen jakiteko. Onartu duenez, ordea, ona da izen berriak agertzea. Umorez berriro ere azalpena: «Beteranoak izatea tokatzen zaigu, eta niri txapelarena baino gehiago kostatzen zait hori onartzea, finaleko zaharrenak garelako, diferentziagaz. Hori ona da Bizkaiko bertsolaritzarentzat». Esperientziak finalari aurre egiteko bestelako «arma emozional» batzuk ere ematen dituela gehitu du.

Etxahun Lekuek ere faborito argirik gabe ikusten du finala. Bigarren txapela janzteko aukera du hark ere zapatuan, 2016an jantzi baitzuen lehena. «Txapel bat edukitzeak ez du ezer esan nahi; nik nahiko zabalik ikusten dut finala». Saio on bat espero duela ere esan du. «Ni bat gehiago sentitzen naiz. Gustura sentitzen naiz zortzikote honetan».

Lehen finalaren ilusioa

Kontrastean, Aitor Etxebarriazarragak eta Gorka Pagonabarragak lehen finala izango dute. «Sorpresa» eta «ilusioa» aipatu dituzte biek. Etxebarriazarraga: «Niretzat, neure burua bertsolari moduan onartzeko modu bat izan da finala. Bertso eskola barik hasi nuen ibilbidea, 22 urterekin, eta neure burua baloratzeko arrazoi on bat da beti bertsolari moduan ikusi dudan jendearekin Miribillan bertsotan egiteko aukera izatea». Eta gogotsu Pagonabarraga ere: «Sustotxoa ere hartu nuen. Ez dut esango ez nuenik amesten final batekin, baina inondik inora ez nuen uste etorriko zenik».

Aitor Bizkarrak bigarren finala izango du, eta pozik dago hura ere. «Lehenengoa garrantzitsua izan zen, eta berezia. Ez dakit hau ere beste modu batean garrantzitsua eta berezia izango den. Aurreko finalean esan nuen saioari zutik eustera etorri nintzela, eta oraingoan pentsatzen dut gorputzaldi onean natorrela, tentsioagaz eta gogoz, baina ez, behintzat, lotuta eta ikaratuta».

Demostratu beharrik gabe

Pandemiaren ondorioz, Jone Uriari bigarren planoan geratu zaio finalari buruzko kezka. Seigarren finala izango du, eta zamarik gabe aritu nahi duela azaldu du. «Presioa ematen du final askotan kantatu izanak, baina nik pentsatzen dut ibilbide bat badudala, zer demostraturik ez dut sentitzen, eta saiatuko naiz ahalik eta ondoena kantatzen, gustura sentitzen, eta etorri behar bada, etorriko da».

Xabat Galletebeitiak finala egitea nabarmendu du, eta bertan egon ahal izatea. «Finalera pasatu ostean, sekulako lasaitasuna daukat. Balio handia ematen diot finalean egoteari, baina ez naiz konformatzen horregaz bakarrik; disfrutatu nahi dut, eta sufritu ere bai, sufrimendu ona delako bizi duguna».

Nerea Ibartzabalek ere leherketa bat irudikatu du zapatuan. «Azken urteetan gure emozioak apur bat edulkoratuak izan dira, eta kristorena da imajinatzea zapatuan berriro sentituko dugun dena, eta disfrutatzea espero dut». Hirugarren finala izango du aurtengoa, eta horregatik egin du bere gogoeta. «Txapelketak bizkor zahartzen gaitu denak. Bizkor bihurtzen zara beterano, eta laster zaude leku arduratsuago batean. Eta nahi nuke hor eutsi, urteetako ibilbidea daukaten beste hainbeste bertsolari dauden bezala, hor eutsi diotenak. Hasierako eferbeszentzia hori amaitzen denean, eusten jakitea, hor egoten jakitea».

Talde baten ordezkari

Bizkaiko Bertsozale elkarteko lehendakari Olabarriak ere Txapelketaren garrantzia nabarmendu du«Bertsolaritzaren erakusleihoa da». Urte osoko lana izan dela gogorarazi du, eta baita talde lan handia ere. Hain justu, horren ikurtzat aurkeztu ditu aurten txapeldunari txapela jarriko dioten bi bertsozaleak ere: Moises Enbeita eta Joseba Etxebarria.

«Ohore bat da», azaldu du Enbeitak. Eta antzera Etxebarriak ere: «Poz ikaragarria hartu nuen». Eta berehala egin dute oharra. «Proposamena jasotzean, talde baten ordezkari ginela izan zen burura etorri zitzaigun lehen gauza», Etxebarriak, eta Enbeitak segida: «Bestela, ez genukeen onartuko».

Antolatzaileek finalera garraio publikoz joateko eskatu dute, eta gogorarazi maskara jantzita eduki beharko dela eta aretoa hainbatetan aireztatuko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.