Kultura opari, esker onez

Ruper Ordorikaren eta Bernardo Atxagaren 'Hautsi da anphora' ikuskizuna izango da Korrika Kulturalaren emanaldi nagusia. Gizarteari «emandakoa itzultzea» dute helburu antolatzaileek

Korrika Kulturalaren antolatzaileak eta parte hartzaileetako batzuk, atzo, Derion egindako aurkezpenean. RAUL BOGAJO / FOKU.
gotzon hermosilla
Derio
2022ko otsailaren 10a
00:00
Entzun

Euskal gizarteak Korrikari eskainitako sostengua eskertu eta «emandako laguntza itzultzea». Hori da Korrika Kulturalarekin AEK-k bete nahi duen helburu nagusia. 22. Korrika martxoaren 31an abiatuko da, Amurriotik (Araba), eta apirilaren 10ean bukatu, Donostian; ohi bezala, lasterraldiarekin batera kultur egitarau zabala prestatu du AEK-k Korrika Kulturalaren aterkipean. Derion (Bizkaia) aurkeztu dute.

 

AEK-ko eledun Aitziber Balantzategik azaldu duenez, Korrika Kulturalaren helburua da «jendarteak emandako laguntza nolabait eskertu eta herriari itzultzea». AEK «Korrika deitzen den ekinbide ero eta erraldoia» egiten hasi zenetik, milaka kultur ekitaldi antolatu dituzte Euskal Herriko txoko guztietan, eta 22. Korrika honetan ere horri eusteko asmoa dute.

'HAUTSI DA ANPHORA'

Bi atal nagusi izango ditu Korrika Kulturalak: alde batetik, nazio mailako ikuskizunak; hor, Loraldiak jaialdiarekin elkarlanean antolaturiko Hautsi da anphora izango da emanaldi nagusia; eta, beste alde batetik, herri eta eskualdeetan antolatuko diren mota askotako ikuskizunak.

Ruper Ordorikaren eta Bernardo Atxagaren Hautsi da anphora ikuskizunak izen bereko diskoa du oinarri. Diskoa 1980an plazaratu zen, Ruper Ordorikaren lehenengo lana izan zen, eta Bernardo Atxagak Etiopia liburuan agerturiko poemak zituen ardatz. Loraldia jaialdiko Amaia Otzerinek azaldu duenez, «berritzailea» eta «mugarria» izan zen lana plazaratu zenean, «eta gaur egun ere badu zer esana».

Aurreko Korrika Kulturalean aurkezturiko Kalaportu emanaldia bezalaxe, aurtengoa ere Loraldia jaialdiarekin batera antolatuko dute, eta, Ruper Ordorika eta Mugalaris taldearen parte hartzeaz gain, Atxagak ere esku hartuko du ikuskizunean, «garai hartako poemei gaurko begirada literarioa» emateko. Bost emanaldi izango dira: Senperen (Lapurdi), Iruñean, Bilbon, Eibarren (Gipuzkoa), Gasteizen eta Errenterian (Gipuzkoa).

'ANTIGONE EDO EZETZAREN BEHARRA'

Antigone edo ezetzaren beharra antzerki ikuskizuna izango da eskaintza oparo horretako aukeretako bat. Horman Poster kolektiboak moldatutako klasikoaren bertsio librea da, eta, Korrika Kulturalaren aurkezpenean, Xanti Agirrezabala aktoreak lan horren zati txiki bat antzeztu du. «Boterea hartzen duenak ezin du amore eman; boteredunak ez dauka lagunik, ez dauka barkatzekorik, ez dauka errukirik», esan du Agirrezabalak antzeztutako pertsonaiak, eta, talaia batera igota, debeku sorta luzea irakurri du, botereak galarazitako aldarrikapen zerrenda amaigabea.

«Jendarteko arauak, familia kodeak, botere harremanak, egitura desegituratuak eta horiek guztiak kolokan jartzen dituzten pasioen salda odoltsua» da antzezlana, Horman Poster kolektiboko kideen esanetan. Lan horren bi emanaldi aurreikusita daude: apirilaren 1ean Donostian, eta apirilaren 9an Agurainen (Araba).

EÑAUT ZUBIZARRETA

Herrietako emanaldiei dagokienez, AEK-k ikuskizun zerrenda bat prestatu du, tokian tokiko Korrika batzordeek aukera ditzaten nork bere herri eta eskualdean emateko. Zerrenda osoa www.korrika.eus webgunean egongo da, eta, datak zehaztu ahala, orri bereko agendan iragarriko dira emanaldiak.

Eñaut Zubizarreta Trigger musikariak biolontxeloarekin egiten duen emanaldia, esaterako, aukeran dago Korrika Kulturalak prestatutako eskaintzan, eta musika tresna horrekin technora, flamenkora, musika esperimentalera eta beste estilo batzuetara egiten duen gerturatzearen adibide txiki bat eskaini du zuzenean aurkezpenean.

ANTZERKI LAN UGARI

Askoz oparoagoa da Korrika Kulturalaren eskaintza. Antzerkiak, esaterako, leku garrantzitsua hartuko du. Hika taldeak Tarara antzezlana taularatuko du Zornotzan (Bizkaia), otsailaren 18an; Axut taldeak Amua emango du martxoaren 3an, Iruñean, eta 19an Maulen. Jon Zubiaga Buah txabal ikuskizunarekin egongo da, martxoaren 3an Mungian (Bizkaia), eta hurrengo egunean, martxoaren 4an, Mikel Martinezek Tabernaria aurkeztuko du herri berean.

Lanku kultur enpresarekin elkarlanean, eRRe ikuskizunaren zenbait emanaldi eskainiko ditu Korrika Kulturalak. Antzerkia eta bertsoak uztartzen dituen lan horretan Haizea Arana, Leire Vargas, Aner Euzkitze eta Oihana Arana aritzen dira, eta oraingoz zenbait emanaldi dituzte aurreikusirik: martxoaren 25ean Zarautzen (Gipuzkoa), apirilaren 3an Gasteizen, eta apirilaren 9an Astigarragan (Gipuzkoa).

BESTELAKO EMANALDIAK

Pirritx, Porrotx eta Marimotots dira 22. Korrikaren omenduak, eta haiek ere egongo dira Korrika Kulturalaren eskaintzan. Otsailaren 25ean Kui kui ikuskizuna emango dute Zornotzan, eta Zorionak Marimotots!, berriz, Tafallan eta Lodosan (Nafarroa), martxoaren 9an eta 10ean, hurrenez hurren.

Horrez gain, Jon Maiaren Kantu bat gara ikuskizunak, Uhinak dokumentalaren proiekzioek, bertso saioek, musika emanaldiek eta abarrek osatuko dute Korrika Kulturalaren programazioa herririk herri.

SORKUNTZARAKO BEKA

Korrikaren arduradun Asier Amondok azaldu duenez, Korrika Kulturala «erakusleiho bat» da euskal sortzaileentzat, eta, bide horretan, beste urrats bat egingo dute bi urte barru egitekoa den 23. Korrikari begira. AEK-k kultur beka bat antolatuko du, euskal sortzaile orori zabalik egongo dena, eta horren asmoa da agertoki edo plaza batean emateko modukoa den ikuskizun bat ekoizten laguntzea, eta hurrengo Korrika Kulturalaren egitarauan txertatzea.

Amondok esan duenez, proposamenak jasoak dituzte, eta egitasmo guztiak epaimahaiaren esku daude orain. AEK-k apirilean iragarriko du zein den Korrika Kulturalaren bekaren irabazlea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.