Albistea entzun

Sorterriko irudiak, sorterrian

Ramon Serras Photomuseumen sortzaile izandakoari eskaini diote Zarauzko 29. Argazki Bilera. Haren ibilbide zabalaren erakusgarri diren dozenaka irudi aukeratu, eta herriko hiru espaziotan jarri dituzte
Haurrak olatuekin jolasean, Zarauzko malekoian, Ramon Serrasek hartutako argazki batean. Hari eskainitako erakusketan dauden irudietako bat da.
Haurrak olatuekin jolasean, Zarauzko malekoian, Ramon Serrasek hartutako argazki batean. Hari eskainitako erakusketan dauden irudietako bat da. RAMON SERRAS Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Sarasola -

2022ko apirilak 20 - Zarautz

Kamera bat lepotik zintzilik, eta fotometro bat eskuetan hartuta. Hala ageri da Ramon Serras (Zarautz, Gipuzkoa, 1943-2021) Zarauzko Photomuseumen ikusgai dagoen argazkietako batean. Eta ziurrenik hala ezagutuko zuten askok, kamera beti aldean zuela. Argazkia zuen pasio, eta irudiak hartzen ez ezik, argazkilaritzari buruzko hamaika arloren dibulgazio lanetan ere buru-belarri aritu izan zen urte luzez. Horrek eraman zuen, beste zenbait lagunekin batera, Photomuseum bera eta Zarauzko Argazkizale Elkartea sortzera. Iaz zendu zen Serras, eta, haren ekarpena aitortzeko, hari eskaini diote Zarauzko 29. Argazki Bilera. Haren argazkietatik bilduma bat aukeratu, eta udalerriko hiru eraikinetan jarri dituzte ikusgai. Maiatzaren 22ra bitarte erakutsiko dituzte museoan bertan eta Torre Luzean daudenak, eta 29ra bitarte, berriz, Sanz Enean kokatutakoak.

Aste Santuaren bueltan, urtero antolatu izan dute Zarauzko Argazki Bilera azken lau hamarkadetan. «Photomuseum bera Argazki Bilera batekin hasi zen; egin zuten lehen bileran aurkeztu zuten Ramonek [Serras] eta Leopoldok [Zugaza] museoa sortzeko asmoa», ekarri du gogora museoaren egungo zuzendari Martxel Altunak. 1992a zen, eta hurrengo urtean irekiko zituen ateak Photomuseumek. Ordutik, askotariko gai eta teknikei eskaini diete urtero Argazki Bilera. Aurten, ordea, erabaki zuten Serrasi «oso-osorik» eskainiko ziotela. «Gure ustez esanguratsuak diren lanak eta haren ibilbidea erakusten dutenak aukeratu, eta atzera begirako bat osatu dugu, sintesi bat». Izan ere, ofizioz gozogilea bazen ere, afizioak bilduma zabala osatzera eraman zuen Serras, eta haren lagin bat da ikusgai jarri dutena.

Hainbat argazkilaritza teknika landu zituen bere ibilbidean, baita hainbat gai jorratu ere, erakusketako irudietan ikus daitekeenez. Baina horien artetik bat nagusitzen da: Zarautz. «Oso zarauztarra zen», nabarmendu du Altunak. «Beste leku batzuetako argazkiak ere badaude, baita beste tematika batzuetakoak ere, baina Zarautz oso presente dago».

Ibilbidea Photomuseumen hasiz gero, Serrasek kamera lepotik zintzilik eta fotometroa eskuetan duen erretratuarekin topo egingo du bisitariak. Haren emazte Celina Gorostizagoizak zuri-beltzean hartutako irudia da —eta erakusketan daudenetatik Serrasek egina ez den bakarra—. Lehen horman, argazkilariak hastapenetan egin zituen irudiak paratu dituzte, 80ko urteetakoak: erretratuak, paisaiak, natura hilak... gaitegia zabala da: «Kontuan hartu behar da Ramon nondik zetorren. Garai batean ez zegoen gaur egun bezalako argazkilaritza eskolarik; Zarautzen ez zegoen argazkizale elkarterik ere. Bera autodidakta izan zen. Argazkilaritzan pixkanaka joan zen sartzen, eta uste dut gustuko zuen zerbait topatu zuela hor, pasio bat». Baina ez zela pasio hori lantzera mugatu, eta dibulgaziorako grina beti izan zuela gehitu du Altunak. Horren adibidetzat jarri ditu sorterrian bertan bultzatu zituen proiektuak. Argazkilaritzaren historia ere «asko interesatzen zitzaion», eta argazkiak atera ez ezik, bildu ere ugari bildu zituen. Bere bi joera horien erakusle da, esaterako, udalerriko irudi zaharrak bilatu eta bildu ostean plazaratu zuen Zarauzko argazkiak (1866-1936) liburua. Hori eta argitaratu zituen beste zenbait liburu aretoetara eraman dituzte, egin zituen erakusketa batzuetako eskuorriekin batera.

Erretratu sorta

Aretoan aurrera eginda, bestelako gai bat ageri da argazki serieetako batean: Arratiako (Bizkaia) 1990eko urteetan «azken ikazkinari» egindako erretratuak daude, landu zituen gaien aniztasuna erakuste aldera jarri dituztenak. Eta, horien ondotik, zuri-beltzeko erretratu sorta zabal bat ipini dute. Pertsona ezagun ugari ageri dira haietan: musikariak, margolariak, sukaldariak, idazleak, bertsolariak... guztiak ere zarauztarrak edo Zarautzekin lotura estua izan dutenak: Anjel Lertxundi, Karlos Argiñano, Arantza Lazkano, Andoni Egaña, Imanol Urbieta, Maite Agirre, Anjel Illarramendi... Jorge Oteizaren hiru erretratu ere badira horien parean, sepia kolorekoak haren kasuan.

Altunaren hitzetan, Zarauzko malekoian gora eta behera paseatzen sarritan ibiltzen zen Serras, «beti kamerarekin». Eta hurrengo serieak erakusten du paseo horien emaitza: hondartzako toldoak, olatu harroekin jolasean dabiltzan haurrak eta itsasaldeko beste hainbat paisaia ageri dira.

Kostako paisaia gehiago datoz jarraian, baina oso bestelako molde batean aurkeztuak. Hain zuzen, Serrasek Polaroid kamerarekin irudiak hartu, eta, artean guztiz lehortu gabe zeudenean, ezten batekin gainazala urratuz osatu zituen hurrengo bi serieetako argazkiak. Altunaren hitzetan, bide berriak probatzeko Serrasek zuen joeraren erakusle dira margolan itxurako argazki horiek. Arrantzaren ingurukoak dira irudietako batzuk, Zarautzen eta Getarian (Gipuzkoa) hartuak, 1987an; eta, beste behin ere, Zarauzko lekuak dira protagonista aldameneko seriean, 1988-1998 urteetakoan.

Kamera estenopeikoarekin

Sanz Eneako lau aretotara ere eraman dituzte Serrasen argazkiak, eta gaien arabera banatu dituzte geletan. Sarrerako aretoan bildutakoak Irakurketa gela izenburupean batu dituzte; hain zuzen, irakurtzen ari diren herritarrak ageri dira argazki guztietan, hondartzan horietako asko, baina baita herriko bankuetan eserita, malekoian eta beste hainbat lekutan ere. Zuri-beltzean hartutakoak dira denak.

Kolorea da nagusi, aldiz, hurrengo aretoan. Kamera estenopeiko batekin ateratako zazpi argazki handi daude, natura protagonista dutenak, eta lauso antzean baina kolore biziz ageri dituzte errekak, zuhaitzak, hostoak eta beste. Natura da, berriro ere, hurrengo gelako irudien ardatza. Bizkaiko parajeak erakusten dituzte argazkiek, Zabalbideak proiekturako 1994an erretratatu zituenak.

Zarautz eta inguruetako gertaerak jasotzeko Serrasen zaletasunaren lekuko da azken aretoa. Altuna: «Fotokazetaria izan gabe, Zarauzko gertakari asko jaso zituen Ramonek. Euskal jaia zela, danborrada zela, antzerkia zela, kirolak zirela... herriko gertaera pila bat argazkitan hartu zituen». Udalerriak hirigintzan izaniko aldaketen lekuko ere badira haren erretratu asko. «Bi alderdi horiek daude haren lanean: ibilbide artistiko bat jorratu nahi izan zuen gaztetatik, eta inguruko gertaerak ere jaso zituen». Kirola da azken aretoko argazki guztien gaia, eta, hala, herrian izandako estropadak, harri jasotzaileen saioak, krosak, pilota partiduak, igeriketa probak eta surflariak ageri dira erretratuetan, besteak beste.

Torre Luzean, berriz, paisaiak agertzen dituzten dozena erdi bat argazki daude, zuri-beltzekoak eta txikiak denak. Baina batez ere argazki panoramikoak bildu dituzte aretoan, Serrasek 2004an Zarautz izeneko liburuan ere jaso zituenak. Izenburuak iragartzen duenez, bere sorterria da nagusi, beste behin ere, irudietan, udan: hondartza, moila, olatuak, herritarrak ur ertzetik pasieran...

Katalogoa bidean

Argazkien artean, hainbat testu ere jarri dituzte aretoetan. Serrasi eta haren lanari buruz haren lagun izandakoek idatzi dituzte denak: Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak, Isabel Agirretxe Zarauzko Argazkizale Elkarteko lehendakariak, eta Josep Maria Ribas i Prous, Pio Gerendiain, Joxepo Teres eta Joxe Mari Sarasua argazkilariek.

Altunak aurreratu du erakusketaren katalogoa ateratzeko asmoa dutela, eta bertan bilduko dituztela testu horiek denak ere.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ahomentan: Agertoki berri baterako lanak

Agertoki berri baterako lanak

Itziar Ugarte Irizar

Badira zenbait auzi behin eta berriz agertzen direnak kulturgileen ahotan, maiz urgentzia forman; dela sortzaileen prekaritatea, dela euskal kulturaren bazterreko egoera. Epe motzean horiek beste leku batean ezartzeko mugimenduak bidean dira, baina badira askatu gabeko eztabaidak ere.

Joxean Muñoz Otaegi eta Amagoia Gurrutxaga Uranga, Donostian. ©Maialen Andres, FOKU

Agertoki berri baterako lanak

Itziar Ugarte Irizar

Badira zenbait auzi behin eta berriz agertzen direnak kulturgileen ahotan, maiz urgentzia forman; dela sortzaileen prekaritatea, dela euskal kulturaren bazterreko egoera. Epe motzean horiek beste leku batean ezartzeko mugimenduak bidean dira, baina badira askatu gabeko eztabaidak ere.

Hazia musikaleko dantzariak, entseatzen, Errenteriako Dantzagunean (Gipuzkoa). ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Kooperatiben aitzindariaren fruitua

Andoni Imaz

Gontzal Mendibil musikariak Jose Maria Arizmendiarrieta kooperatiben sustatzailearen bizitza kantu bihurtu du, 'Hazia' musikala sortzeko. Datorren irailaren 17an estreinatuko dute, Arrasaten.

'Orelhas' irudia. ©Alex Rozados.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.