Albistea entzun

'Agirretarren bandera', hankapetik oihalera

Ekida egitasmoak 'Agirretarren bandera' antzezlana estreinatuko du etzi, Azpeitian. Familia baten bizimoduari buruz arituko dira, krisi garaian girotuta
Ekida egitasmoko kideak <em>Agirretarren bandera</em> obra entseatzen aritu ziren atzo, Azpeitiko Soreasu antzokian.
Ekida egitasmoko kideak Agirretarren bandera obra entseatzen aritu ziren atzo, Azpeitiko Soreasu antzokian. ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Andoni Imaz -

2022ko maiatzak 5

«Bizitza joan, bizitza ihes/ egunero egonezinez/ gorri zein gris, eskuin-ezker/ gure iraultzaz ez da ezer», kantatu zuten, Jacques Marchaisen hitzak moldatuta, Manifestua ikuskizunean orain urtebete; eta kantatu dute oraintsu, taldean, Maiatzaren Lehenaren karietara, sarera igotako bideo batean. Joan badoan bizitza horri eta egunerokoaren egonezinari buruz hitz egiten jarraituko du Ekidak, artea ikuspegi sozialistatik lantzeko egitasmoak, estreinatzear den Agirretarren bandera antzezlanean. Etzi egingo dute lehen emanaldia, Azpeitiko Soreasu antzokian (Gipuzkoa).

Agirretarren bandera-n, Naiara Azpilkueta, Paul Beitia, Ane Biain, Aratz Fernandez de Pinedo, Onintze Goitiz, Ibon Guerra, Mikel Izurieta, Maialen Malles, Ainhoa Mariaezkurrena eta Lurdes Ondaro aritu dira zuzendari, gidoigile, antzezle eta teknikari lanetan, eta Eñaut Zubizarreta Trigger-ek sortu du musika. Beitiak kontatu duenez, Manifestua-ren esperientziak balio izan die agertokian ikuskizun bat sortzeko eskarmentua izateko, eta, lan artistikoaz gain, bestelako kontu teknikoak eta azpiegiturakoak ere ikasteko.

Lan hura amaitu orduko hasi ziren hurrengoan pentsatzen: beste obra eszeniko bat nahi zuten, antzerkiaren moldeetara egokituta, oraingoan. «Hasieratik esan genuen produkzio propioa landu nahi genuela: ez bakarrik hitz egin eta teorizatu arteaz eta ekoizpenaz, baizik eta lan hori praktikan jarri, antolatu». Testuak eta kantak argitaratu dituzte Ekidaren webgunean, baina zuzeneko saioek garrantzi berezia dute haientzat; alde horretatik, «aurrerapauso bat» izango da Agirretarren bandera.

Antzezlana hutsetik sortzeko bidea aberasgarria izan da Ekidako kideentzat, asko ikasi baitute teatroaz eta teknikaz, Beitiaren hitzetan, egindako urrats bakoitzaren esanahia zukutzeko asmoz. «Beti pentsatzen dugu funtzio politiko bat betetzen duen arte produkzio eta produktu bat egitea; horrek teorian zer esan nahi duen badakigu, baina gero praktikara ekarri behar da: zer publikorentzat egin, zer gai landu, zer hautu artistiko egin... Prozesua ederra eta intentsoa izan da».

    Ekida egitasmoko kideak 'Agirretarren bandera' obra entseatzen aritu ziren atzo, Azpeitiko Soreasu antzokian.

Ekida egitasmoko kideak 'Agirretarren bandera' obra entseatzen aritu ziren atzo, Azpeitiko Soreasu antzokian. ANDONI CANELLADA / FOKU

Motzean esanda, familia bati buruzko istorio bat da Agirretarren bandera. Eugenio Agirre Alvarezen ahaideei buruzkoa, hain zuzen: haren alabak eta bilobak, bost kideko langile familia bat. Hura hil egin da, eta etxea utzi die oinordetzan ondorengoei. Apartamentu horretan girotuko dituzte gazteen kezkak eta nahiak, eta beste batean bi amarenak. Eta, tramaren azalpenetan, hitz batzuek lotzen dute etxe bat eta bestea: «gure garaia», «porrota», «krisia», «ametsak»...

«Gure ustez, politikoki eta sozialki oso aktuala da obra. Alternatiba iraultzaileen porrotaren garai batean, arakatu dugu horrek pertsona batzuengan zer eragin izan dezakeen, bai politikoki, baita pertsonalki eta sozialki ere. Zer eragin eduki dezakeen muturren parean daukagunetik harago ez begiratze horrek», azaldu du Beitiak. Krisiaz ari da, zentzu zabalean: «Krisi politiko orokor bat, eta hor kolpe handi bat bezala sartzen den krisi ekonomiko bat». Azkenean, eguneroko bizimoduaz arituko dira antzezlanean, bizimodu garaikide «azkar eta esperantza gabekoaz».

Aurkeztu, eraldatzeko

Familia baten bidez elementu horiek jokatzen ari zirela etorri zitzaizkien gogora Koldo Izagirreren Agirretarren bandera bertsoak, Oskorrik abestutakoak: «Agirretarren bandera/ hartu dute hankapera/ gure ametsen hondarrak doaz/ errekan behera/ ikusirikan galera/ askok egin du atzera/ ezin omen da poza ekarri/ minduen aldera». Izagirre agirretartasunaz aritu izan da Metxa esaten dioten agirretar baten ibili herrenak (1991) eta Agirre zaharraren kartzelaldi berriak (1999) liburuetan ere: «Hor dago agirretarren imajinario hori... Bertsoek zapalduen politikaren porrota irudikatzen dute, eta behar genuen abizen bat gure familiari jartzeko».

Beitiak ez luke beren obra kokatuko erabat antzerki politikoaren tradizioan, baina biek, lanak eta tradizioak, bat egiten dute antzerkia eraldaketarako tresna gisa irudikatzeko forma batzuetan: «Saiatu gara erakusten jendearentzat identifikagarria izan daitekeen bizimodu bat, baina baita egoera hori aldatu daitekeela eta aldatu behar dela». Ez dute geratu nahi garai ilunen kronika zaputz batean. «Iruditzen zait ziklo politiko baten amaieraz asko hitz egin dela Euskal Herrian, bestelako arte produktu batzuetan, baina orokorrean badagoela derrotismoan geratzeko joera bat. Segur aski sintomatikoagoa izango da, kontzientea baino».

Ekidak arratsalde eta gaueko egitarau bat antolatu du larunbaterako, antzezlanaren estreinaldiaren bueltan. Emanaldia Soreasu antzokian egingo dute, 19:00etan, eta doan izango da. Aurretik, 16:30etik aurrera, zenbait musikari eta bertsolari arituko dira herriko plazan, eta, ondoren, 22:00etan hasita, kontzertu gehiago egingo dituzte gaztetxean: Desgaraian eta Rodeo taldeek joko dute, eta DJ Mito bikotea ariko da gero musika jartzen.

Emanaldi gehiago egingo dituzte aurrerantzean; estreinaldiaren ondoren emango dute horien berri. Antzezlanaren formatua moldakorra da, eta, horri esker, antzokietan ez ezik, kalean eta bestelako guneetan ere egiteko moduan izango dira.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©Monika del Valle / Foku

Zubi bat bi ilunpetarantz

Iñigo Astiz

Besteak beste, Jane Austen, Virginia Woolf eta Judith Butler itzuli ditu Ana Isabel Moralesek ingelesetik euskarara. Gogoratu duenez, ordea, nerabezaro hasierara arte ezezagun zitzaizkion bi hizkuntzak, eta, beraz, ezinbestean, bi norabidekoa izan da aldi berean haren bidaia linguistikoa.

Egi(r)antzaz

Beñat Astiz.

(Barañain, Nafarroa, 2004). Maiatzean jokatu zen Nafarroako 36. Eskolarteko Txapelketa, herrialdeko bertso eskolen topaketen barruan, eta Astizek eraman zuen txapela. Besteren artean, Barañaingo kopla txapelketan eta Bardoak taldekako bertso ekimenean kantatu izan du.
Euskadiko Orkestra Wayne Marshallen zuzendaritzapean, atzo, orkestraren egoitzan egindako entseguan. ©J. URBE / FOKU

30eko urteetarako bi bidaia musikatu

Miren Mujika Telleria

Wayne Marshal zuzendari eta piano jotzaileak Euskadiko Orkestra zuzenduko du gaur Kursaalean, Andra Mari abesbatzarekin batera
 ©Monika del Valle / Foku

Zubi bat bi ilunpetarantz

Iñigo Astiz

Besteak beste, Jane Austen, Virginia Woolf eta Judith Butler itzuli ditu Ana Isabel Moralesek ingelesetik euskarara. Gogoratu duenez, ordea, nerabezaro hasierara arte ezezagun zitzaizkion bi hizkuntzak, eta, beraz, ezinbestean, bi norabidekoa izan da aldi berean haren bidaia linguistikoa.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...