Ziburuk, euskara baltsan

Ziburuko 3. Euskal Liburu eta Disko Azoka egingo dute ekainaren 4an. Ekitaldi haboro gehitu dituzte, hala nola 'Zubiburu' mahai ingurua, eta karpa bat. Janbattitt Dirassar omenduko dute.

Azokaren antolatzaile eta babesleak, aurtengo edizioaren aurkezpenean, Ziburun. GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
Ziburu
2022ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun

«Zeren xerka dabil ekaitza zeharkatu duena?/Non du habia hitz galduak?/Ahantzitako istorioak non daude kukutuak?», galdetzen du Maddi Zubeldia idazlearen olerki zatiak. Aurkezpen bideoan entzungai da osoki, irakurlea hitzen itsasorat hegaldaka daraman poesia erakargarria. Ziburuko antxetaren gisan, egunerokoa goratik ikusteko parada eman lezake literaturak edo musikak, are gehiago, norbere hizkuntzan naturaltasunez. Baltsan elkarteak eta Argia aldizkariak antolatzen duten Ziburuko (Lapurdi) Euskal Liburu eta Diskoen Azoka ate joka ari da: hirugarren edizioa ekainaren 4an egingo dute, eta hura iragartzeko sortu dute bideoa.

 

Berritasunak dakartzate: bigarren karpa bat ezartzeaz gain, argitaletxe gehiago jinen baitira, egitarauari gehituko baitizkiote hiru saio, eta, Zubiburu mahai ingurua, zeinean Janbattitt Dirassar omenduko baitute.

Azoka euskara hutsez egitea antolatzaileen hautu kontzientea da. «Euskara hutsezko azoka antolatzea arrisku bat zen, desafioa, abentura. Alta, geroak erran digu jendeak babestu egin duela, are, eskertu ere bai. Agerikoa izan da: jende jarioa etengabekoa baitzen iaz, eta argitaletxeak salmentez kontent ziren», erran du Ladix Lanouguere Arrosagaraik.

Euskaldunentzat euskara hutsezko azoka bat edukitzeak erran nahi duena nabarmendu dute Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokako antolatzaileek, eta nekez uler dezaketela poz hori hizkuntza hegemonikoetako elebakarrek. Halaxe laburtu du Lanouguerek: «Elebitasun indibiduala ontsa da, baina kolektiboa ez: zepo bat da. Elebiduna aldebakarrekoa baita, etengabe itzulpena egiten ibili behar baitugu euskaldunok. Eskertzekoa da, beraz, urtean egun batez, hori egin behar ez izatea!».

Koldo Izagirreren aspaldiko olerki baten egituraz baliatu da antolatzailea, erakusteko haien hautua ez dutela beti denek konprenitzen: «Euskara ez dakienak ez daki zer tranpa den elebitasuna: beti guri eskatzen zaigu elebidun izatea jendartea elebakarrean ari delarik eta euskara apaingarri baizik ez daukagularik,/ baina, oroz gaitenik, euskara ez dakienak ez daki zer galtzen duen».

Euskal Herri osokoak

Harago, herriko lengoaian «bizi» eta «gozatzeko» eguna dela aitzinerat ezarri du antolatzaileak: «Jendeak gogotik baliatzen du, elkarrekin euskaraz elkartzeko, plazerez, pozik eta alai, eta naturalki!». Gaineratu du urtean barna barreiatu oasi bakanetako bat dela azoka hau.

Euskal Herri osoko argitaletxeak biltzea izan da beste parioa, eta erabakia arrakastatsua izan dela diote antolatzaileek. Bidexka esperimental hura, errepide bilakatua baita dagoeneko: lehen edizioan hamasei argitaletxek parte hartu bazuten, aurtengorako, bikoiztu baita kopurua.

Komikiekin hartu zuten deliberoa, diskoei ere aplikatuko diete aurten: juntatzea, bederatzi diskoetxeak elkarren segidan kokatuak izanen baitira. «Komikiari bezala, aurten, musikagintzari ikusgarritasun handiagoa eman nahi diogu; elkarren ondoan ezarriz, sendotzen baita, eta zaleek eskertzen dute», azpimarratu du Lanouguerek. «Bat eginik saldo dira, bat eginik salbu dira», dio Zubeldiaren olerkiak preseski; antxetendako nola, komiki eta diskoendako ere, berdin balio du.

Zenbaitetan, irauteak ez baitu iraungitzea saihesten, berritasunek aire freskoa ekarriko diote hirugarren edizio honi: omenduko baitute Janbattitt Dirassar, ukan duen ibilbide oparoagatik. Bizi guztian kazetari izana da, Basque Eclair kazetan, Sud Ouest-en, eta, Herria aldizkarian ere bai. Gainera, baditu nobela eta olerki liburuak idatzirik euskaraz. Euskaltzaindiak 2004an ohorezko euskaltzain izendatu zuen.

Zubiburu mahai ingurua ere berritasunen parte da: protagonistetako bat izanen da Dirassar bera, idazle aritua den aldetik. Amaiur Epher idazle «hasiberriarekin» esperientzia trukean ariko da. Estitxu Eizagirre Argia aldizkariko zuzendariak azaldu du proiektu horren zergatia, eta Joxean Artzeren hitzak hartu ditu horretarako: «Geroa eraiki nahi duen herriak bere iragana ezagutu behar duelako, nondik datorren jakin, non dagoen eta nora doan jakiteko». Horretarako da solasaldia, «idazleen arteko zubi lana» egiteko. «Beren esperientziak trukatuko dituzte, idazte lanaz, euskararen hautuaz, tratatutako gaiez...». Alde horretatik, oroitarazi du, karia horretara ere, Ziburuko Etxeberri klasikoa «ahanzturatik ateratzeko» eman duela jada mintzaldia Celine Mounole Hiriart Urruti filologoak. «Ez dauka bere herrian berean ez karrika, ez plaza izenik ere!».

Egitarauak tinkaldia sentituko du: Zubiburu-z gain, eguerdian, azoka hetsia den bitartean, Boga eta Atalaia ostatuen aitzinean Ni Banna folk taldeak joko baitu, eta ondotik, Pantzo Irigaraik umorezko saioa emanen baitu, arratsalde hasmentan.

Horiek hola, Adur Larrea antolatzaileak borobildu du egitaraua: iazko programazioak segituko du aurten ere. Goizean, Iturri Zaharrean haurren ikusgarria izanen da, Zirriborroka bertso-marrazki saioa eguerdian, eta Adar musika taldearen kontzertua, behin azokak bortak zerraturik, 20:00etan.

Maddi Zubeldiak azaldu du aurtengo haurren ikusgarria zertan datzan: « Formula berri bat plantan ezarri dugu: Ama lurrak pausa behar du ipuin musikatuari, txotxongiloak gehitu baitizkiogu, bisualagoa izateko. Gainera, zuzeneko musika izanen dugu. Eskoletako haurrek kantuz parte hartuko dute».

Lanouguerek akitu du aurkezpena, irria begitartean, Euskal Herriko euskaltzaleei deia eginez: «Etor daitezela euskararen errepublika aldarrikatzerat, edo hortaz gozatzerat!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.