Albistea entzun

Bihar estreinatuko dute 'Hobe ixilik!' antzezlana, Hondarribian

Bikote eztabaidak ditu ardatz komediak. Ramon Agirrek euskaratu eta egokitu du jatorrizko frantsesezko antzezlana, eta Itziar Ituñorekin batera taularatuko du.
Ramon Agirre eta Itziar Ituño, <em>Hobe ixilik!</em> antzezlaneko protagonistak.
Ramon Agirre eta Itziar Ituño, Hobe ixilik! antzezlaneko protagonistak. DAVID VICENTE / TXALO PRODUKZIOAK Tamaina handiagoan ikusi

Iraia Vieira Gil -

2023ko urtarrilak 12

Salome Lelouch bere maitasun harremanean oinarritu zen Fallait pas le dire! antzezlana idazteko. Eta obra horren euskarazko bertsioa taularatuko dute bihar Ramon Agirre eta Itziar Ituño aktoreek, Hobe ixilik! izenburupean eta Txalo Produkzioak konpainiaren bultzadarekin. Gizon baten eta emakume baten arteko bikote eztabaidak ditu ardatz istorioak, izan eguneroko kontuei lotuak, izan bestelako gaiei buruzkoak. «Garrantzirik gabeko edozein gauza izan daiteke haien arteko eztabaidagai, gazta tarta bat, esaterako, baina gai potoloagoak ere bai», azaldu du Agirrek. Hala, umoretik abiatuta eta komedia formatuan, amatasun subrogatuaz, klima aldaketaz, Me Too mugimenduaz eta musulmanen buruko zapiaz ariko da bikotea. Gaia edozein dela ere, batak zerbait esaten badu, kontrakoa erantzungo dio besteak. «Bakoitzak pentsatzen duena esaten du, astakeriak badira ere», gehitu du Agirrek. Bihar estreinatuko dute antzezlana, Hondarribiko (Gipuzkoa) Itsas Etxea auditoriumean, 19:00etan.

Agirre bera izan da obra euskaratzeaz eta moldatzeaz arduratu dena, eta jatorrizkoa «lan originala» dela uste du. «Oso ondo josita dagoen komedia bat da, bereziki ausarta, eta gai delikatuak taburik gabe lantzen dituena». Frantzian, esaterako, antzerki arloko hainbat sari jaso ditu. Euskarazko bertsioan, zenbait aldaketa egin dizkiote: «Euskal Herrira ekarri dugu istorioa». Bere burua ezkertiartzat jotzen duen Parisko bikote burges bat da obra originalean protagonista; baina, kontakizuna sinesgarriagoa egiteko, bilbotarrak bihurtu dituzte biak.

Bikote xelebre bat

Begoña Bilbaok zuzendu du Hobe ixilik!, eta ez du uste kokalekuak hainbesteko garrantzia duenik antzezlanean; pertsonaiei egin dizkieten aldaketak azpimarratu ditu hark. «Lanbideak aldatu dizkiegu biei. Gizona aktore langabetua zen Lelouchen obran, eta gurean unibertsitate irakaslea da, adibidez». Emakumeari ere buelta eman diote: «Militante feminista bat zen lehen; taxilaria da orain». Agirrek egiten du irakaslearena, eta Ituñok taxilariarena.

Nabari da adin aldea ez ezik izaera desberdina ere badutela bikotekideek. «Arrazionala» da gizona, eta naturaltasuna gailentzen zaio andreari. Hala deskribatu du azken hori Agirrek: «Nortasun handiko emakumea da, gizonen munduan ondo konpontzen da, eta badaki bere burua errespetarazten». Haren pertsonaiak ez bezala, Ituñorenak burura etortzen zaizkion gauzak esaten ditu beti. «Gizonak isilik egoteko eskatzen dio orduan, gauzak edonon, edonola eta edonori ezin zaizkiolako esan».

Gidoian ere berrikuntzak gehitu dizkiote jatorrizko obrari. «Elkarrekin dantzatu, eta koreografia txikiak egiten dituzte, dantza klaseetara joaten direlako», kontatu du Bilbaok. Tangoa, lindy-hopa, saltsa... Nahiago dituzte bikoteka dantzatzen diren erritmoak, eta ez da kasualitatea. «Dantzan hasten direnean bukatzen dira eztabaidak», azaldu du Agirrek. «Itziarrek ikusten duenean ni berotzen ari naizela, dantza egitea proposatzen dit, eta ez dago eztabaida gehiagorik».

Eszenografia minimalista

Hamahiru eszena ditu obrak, denak «laburrak», Bilbaoren hitzetan. Mugimenduen eta argiztapenaren bidez adierazten da bikotea non ari den eztabaidan. «Dekoratua oso minimalista da, bi bloketan banatua: leiho moduko bat eta sofa bat». Hezurdura horrek hainbat gune sortzeko aukera eman die: taberna, taxia, etxea...

Asier Sancho eszenografo madrildarrak sortu du diseinua, eta Bilbao oso pozik dago haren lanarekin. «Aurrez ere lan egin dugu harekin, eta oso ona da». Izan ere, eszenografia minimalista horrek erraztasunak ematen dizkie aktoreei eszenen arteko trantsizio azkarrak egiteko.

Bihar estreinatuko dute obra, nahiz eta entseguak egiteko asti handirik ez duten izan. «Aktoreen agendak galarazi digu entseguetan lehenago hastea», azaldu du Bilbaok. Agirrek, berriz, uste du obra prest dagoela martxan jartzeko. «Antzeztean ikusiko dugu zer aldatu behar dugun, zer azpimarratu, eta zer kendu». Oraingoz, obra ikustera joateko deia egin die ikusleei, eta oso ondo pasatuko dutela ziurtatu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Maialen Lujanbiok idatzi du liburuko testua, eta Arrate Rodriguezek ondu ditu ilustrazioak. Irudian, bi egileak, atzo, Donostian. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

'Traste arrunten barruan zuk zer ikusten duzu?' album ilustratua argitaratu dute

Miren Mujika Telleria

'Traste arrunten barruan zuk zer ikusten duzu?' album ilustratua argitaratu dute Maialen Lujanbiok eta Arrate Rodriguezek, Pamiela argitaletxeko Bagara sailean. Albumak Rosa Valverde artistaren lana ezagutaraztea du xede

Alena Baeva biolinista. ©ANDREJ GRILC

Beethovenen 'Bosgarren sinfonia' interpretatuko du Euskadiko Orkestrak

Erredakzioa

Dinis Sousak aurrenekoz zuzenduko du orkestra denboraldiko bosgarren programan. Hilaren 3tik 9ra izango dira kontzertuak
Joxean Fernandez, Maria Pilar Rodriguez, Isabel Herguera, Izaskun Arandia eta Bingen Zupiria, liburuaren aurkezpenean. ©Jagoba Manterola / Foku

'Euskal emakume zinemagileak' liburua plazaratu dute

Andoni Imaz

Euskal Herriko zinemagintzan «funtsezkoak» izan diren emakumezko zuzendariak ditu ardatz, eta Euskadiko Filmategiak eman du argitara. Maria Pilar Rodriguez ikertzaileak koordinatu du artikulu sorta.

Inauteri giroan murgilduko du herria festibalak. ©GUILLAUME FAUVEAU

Inauterietako dantzak eta musika batuko ditu Hartzaro festibalak

Berria

Otsailaren 10etik 21era egingo dute Uztaritzeko jaialdia, udaberriari ongietorria emateko asmoz

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...