Oztopoak musikaz gainditu

Hilaren 29an egingo dute Hatortxu Rock elkartasun jaialdia, hogeita bigarrenez, 'Urak eginen du bide' lelopean. Euskal Herriko zein kanpoko 11 taldek joko dute. Aurten, Sara Fernandez omendu dute
Autengo Hatortxu Rock-en joko duten taldeetako bat da Des-kontrol. Hogeigarren aldian ere izan zen taldea, Lakuntzan (Nafarroa).
Autengo Hatortxu Rock-en joko duten taldeetako bat da Des-kontrol. Hogeigarren aldian ere izan zen taldea, Lakuntzan (Nafarroa). IDOIA ZABALETA / FOKU

Ane Eslava -

2018ko abenduak 19
«Ura indarra da. Ura harririk handiena hautsi eta higatzeko gai da, munduari forma berriak emanez. Beti bilatu eta aurkitzen ditu aurrera jarraitzeko bideak, gure herriak bezala». Hatortxu Rock jaialdiko antolatzaileen hitzak dira. Hilaren 29an ospatuko dute aurtengo festa solidarioa, hogeita bigarren aldiz, Atarrabiako (Nafarroa) Entrecementerios izeneko gunean, eta Urak eginen du bide esaldia aukeratu dute ekitaldiaren lelo gisa. «Izan ere, Euskal Herria ere, traba asko izan arren, beti aurrera egiteko bidea aurkitu duen herri bat da, eta, urak bezala, presoak etxera ekartzeko bidea aurkituko du», azaldu du Aitor Agirrezabal antolakuntzako kideak. Esan duenez, egitarau «askotarikoa» prestatu dute aurtengoan, eta dagoeneko sarrera guztiak saldu dituzte. Hori dela eta, jaialdia «arrakastatsua» izango dela aurreikusi dute.

Hatortxu Rock jaialdia 1999an sortu zuten, bi helburu argirekin: lehena, euskal presoek, iheslariek eta deportatuek bizi duten egoera salatzea; eta, bigarrena, sakabanaketa sufritzen duten presoen senide eta lagunei laguntza ekonomikoa ematea. Hemeretzi urteren ostean, berdin jarraitzen dute bi xedeek, Agirrezabalek esan duen moduan: «Euskal Herrian tresna asko ditugu preso politikoen eskubideen defentsan lan egiteko, eta Hatortxu Rock beste bat da: festa giroan eta musikaren bitartez, etxean behar eta nahi ditugula aldarrikatzeko modu bat da». Gogorarazi du oraindik 270 lagun inguru Espainian eta Frantzian gatibu daudela, eta ziurtatu du lanean jarraitzeko konpromisoa dutela, «behintzat preso guztiak etxean izan arte».

Aurten, Sara Fernandez iruindarra izan dute gogoan jaialdiaren aurkezpen bideoan. Fernandez duela hamabost urte hil zen, errepideko istripu batean, Valdemoroko espetxera (Madril) zihoala lagun bat bisitatzera. Haren ahizpa Anaren hitzak entzuten dira bideoan, Sarari hitz egiten: «Kilometroak, errepidea, dispertsioa. Nora zoaz, horren urrun, Sara? Zatoz. Hator». Hatortxu Rock-en antolatzaileek salatu dute «urrunketak» hil zuela Sara, eta gaur egun, oraindik ere, ehunka lagun irteten direla asteburuero errepidera, «bizia arriskua jarrita». «Hori dela eta, bideo honekin Sara omendu dugu, baina, era berean, gogora ekarri nahi ditugu sakabanaketak hil dituen hamasei euskal herritarrak», adierazi du Agirrezabalek. Azaroaren 29an izan zen Fernandezen heriotzaren urtemuga, eta, hain justu, hilabete baten ostean ospatuko dute jaialdia.

Dena prest da dagoeneko festarako: boluntarioen sarea, karpak... Sarrerak, gainera, iragan ostiraletik daude amaituta. Arduradunak kontent daude izandako emaitzarekin: «Urtero halako jaialdi bat antolatzeko erronkari aurre egiteak bere arriskuak ditu, apustu ekonomikoa oso handia baita; beraz, pozik gaude». Azaldu duenez, urtero saldu ohi dituzte sarrerak abenduaren erdialderako, baina urte batzuk zailak izan dira. Iaz, adibidez, ez zituzten sarrera guztiak saldu; Agirrezabalen ustez, hogeigarren edizio bereziaren ondoren jendea «gogobetea» zegoelako.

Erronkari aurre egitea ahalbidetzen duen sostengua boluntario sarea da: urtero-urtero, ehunka lagunek beren alea jartzen dute jaialdia antolatu ahal izateko, hainbat modutara. Gehien ikusten diren lanak barran edariak zerbitzatzea eta segurtasun lana egitea dira, baina beste asko daude: azpiegituren eta argindarraren muntatzea, sukaldeko lana, komunikazioa, sexu erasoen kontrako gune seguruko lana...

Hori guztia antolatzeko, lantaldetan banatzen dira: 10-12 talde daude, bai eta dena koordinatzeaz arduratzen den beste talde gidari bat ere. Azken urteetan eskema berari jarraitu diote, eta horrek «erraztu» egiten du dena. Urte erdi inguru ematen dute dena prestatzen, eta azken bizpahiru hilabeteak dira «neketsuenak». Aurten, orotara, 700 boluntariok lan egingo dutela kalkulatu dute. Agirrezabalentzat, lagun horiek dira jaialdiaren «altxorrik handiena»: «Sekulako zortea da halako ekitaldi handi bat aurrera atera ahal izatea elkartasunez eta auzolanean». Hala ere, tamaina horiek urrun gelditzen dira hasierako urteetako datuetatik, urtez urte handituz joan den jaialdi bat baita Hatortxu Rock: lehenbizikoa Berriozarko frontoian egin zuten, boluntario gutxi batzuen artean.

Urtero, jende ororen gusturako egitaraua prestatzen saiatzen dira, eta aurten ere hori egin dute. Hainbat estilotako taldeak sartu dituzte egitarauan: ska, rock, oi... Euskal Herriko sei taldek joko dute. Azken kontzertua emango du Zartako-K taldeak; denbora baten ostean, agertokietara itzuliko da McOnak; Kaleko Urdangak taldeak Nortasuna diskoa aurkeztuko du, eta Des-Kontrol, Belako eta Iruñerria Jamaika Clash ere arituko dira. Valentziatik (Herrialde Katalanak), berriz, Mafalda «musika borrokalariko» taldea etorriko da, bai eta Auxili ere. Non Servium taldea Mostolestik (Espainia) etorriko da Hatortxu Rockera, eta, urrutiagotik, Suediatik eta Italiatik, The Baboon Show indie taldea eta Talco ska-punk taldea, hurrenez hurren.

Vendettaren azkenekoa

Jaialdia larunbatean ospatuko den arren, musika egun bat lehenago helduko da Hatortxu Rock-eko karpetara, ostiralean, Vendetta taldeak agur kontzertua emango baitu bertan. Hamar urteren ostean, taldekideak banandu egingo dira, eta agur «berezia» prestatu dute. Agirrezabalek esan duenez, festibalaren antolatzaileek eta taldekideek gertuko harremana izan dute urteotan, eta «aukera polita» iruditu zaie taldearen aroa modu horretan ixtea.

Hala, Atarrabiako Entrecementerios gunea elkartasun gune bilakatuko dute bi egunez. «Bidean dauden harriak higatzeko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna