Proposamen bat mahai gainean

EHZ jaialdiaren geroa bere gain hartu duen talde berriak etzi aurkeztuko du bere proiektua, Baionan, bilkura nagusian
Iaz trantsizio urtea izan zuen jaialdiak; EHZ nomada antolatu zuten. Irudian, Itsasun antolatu zikiroa.
Iaz trantsizio urtea izan zuen jaialdiak; EHZ nomada antolatu zuten. Irudian, Itsasun antolatu zikiroa. ISABELLE MIQUELESTORENA

Nora Arbelbide Lete -

2019ko urtarrilak 10
Erran zuten entseatuko zirela, eta entseatu dira. EHZ jaialdiaren gidaritza taldea hartzeko prest agertu ziren dozena bat gazte. Eta larunbatean dute beren entseguaren proposamena aurkeztu eta baieztatuko. Oraino bada zer egin, baina EHZren lerro nagusiak aurkituko dira hor, baita funtzionamendu batenak ere. Martxoa zuten finkatu hasieran jomugatzat, baina, azkenean, urtarrilera aitzinatu dute. Lan zehatzetarako «denbora gehiago ukaiteko, aurten egiten bada», lantaldeko kide Irati Fernandezek zehazturik. Etzi dute hitzordua, Baionako Zizpa gaztetxean. 10:00etan abiatzekoa dute biltzar nagusia. Ekinaldia EHZn interesa duen orori irekia da.

Proiektuaren alde egiten badu bertaratu gehiengoak, horrek erran nahiko luke aurten EHZk aldi bat lukeela. Aski lausoa da kontua, baldintzatua baita etzi bozkatzekoa dutenari. Halaber, larunbata aitzin ez du deus iragarri nahi lantaldeak. Horren berri, lehenik, bilkuran bilduko direnei eman nahi baitiete.

Xedea bada lantaldea, sarea joritzea ere. Azkenean, horretan datza etziko hitzorduaren gako nagusietako bat. EHZren giderrak belaunaldi berri zabal batek har ditzan bere eskuetan. Belaunaldi berriko gazte gehiago hurbilaraztea. Aste honetan berean Baionako Etxepare lizeoko ikasleengana joan dira EHZkoak, erakartzeko asmoz. Gazteria «berriz aktibatzea» garrantzitsua baitzaio talde berriari: «Iruditzen zaigu gazteek bultzada bat behar dutela, eta, beharbada, EHZ izan daiteke motibatzeko tresna bat», Fernandezek beti.

Mementoko, hamabost bat gaztek osatu dute taldea, eta motibatuak dirudite. Hendaiatik Zalgizera, Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako gazteak dira denak. 20 eta 25 urte artean dituzte, eta inor ez da orain arte erabaki guneetan ibilia. Eta horrek ere badu bere garrantzia. Belaunaldi berri bat izan dadin osoki, justuki. Irailetik, ostegunero bildu dira Itsasun: «Biziki ongi pasatzen dira bilkurak, denak sartu baikinen taldean helburu batekin: EHZri segida bat ematea. Motibazio horrek bildu gaitu, eta biziki ongi moldatzen gara. Nahiz eta batzuetan badiren eztabaidak, beti lortzen dugu adostasun bat denen artean».

Badakite zer duten arriskua. EHZ hil edo bizi erabakitzeko —elkartea likidatu ala ez erabakitzeko— antolatu zuten biltzar nagusitik hasi zen elkartzen taldea. Ordu arte jadanik bazen bulta bat gogoetatik gogoetara ari zirela jaialdikoak, zer egin, zertarako... Bazen horrelako giro bat iraileko biltzar nagusi hartan ere, non jende anitz «errea», «asea» ikusi baitzuen belaunaldi berriak, biltzar nagusi horren ondoko egunetan kontatu zuten bezala. Eta aitzineko urteko ekaitzak, 2017. urtekoak, jaialdia deuseztatzera behartu zuela eta oraino gehiago indartu zela nolabaiteko presioa.

Presio hori gainetik kentzea izan zen iraileko biltzarraren xedeetako bat. «Zerotik abiatzeko» errazkiago. Osteguneko bilkura horientzat laguntzaile batek prestatzen die bere etxeko gela bat. Hor ere, gastuak murriztuz, presioa kentzeko. Funtsean, EHZk berak zorrak kitatuak ditu. Gehiago dena, diru bat ere badago jaialdiaren kutxan. Diru aski izanen den ala ez antolatu nahi duten hori antolatzeko, hori proiektuaren arabera, erabakien arabera izanen dela esplikatu du Fernandezek.

Barnealdea eta itsasaldea

Irailetik orain arte, taldearen irudiko EHZk ukan behar lituzkeen helburuak dituzte adostu. Puntu bat itsasaldeko eta barnealdeko gazteak elkartzea eta elkar ezagutzea dute. «Beti aktualitatekoa da behar hori. Horretarako, EHZ eta halako tresnak behar dira. Espazio hori behar da Zuberoako bat eta Baionako bat elkarrekin topatzeko». Bakoitza bere txokoan gero eta gehiago egoten dela deritzo Fernandezek, eta pentsatzen du EHZk egoera horri aurre egiten lagun dezakeela.

Segitu nahi dute ere EHZk «esperientzia bat eman dezan boluntariotzan eta formakuntzan». Hori ere hasieratik badu bere DNAn EHZk. «Balio aldetik ez da aldaketa handirik izanen», baieztatu du Fernandezek. Orain hori guztia nola deklinatuko duten jakiteko, ikusi beharko da ea zer ekartzen duen larunbateko bilkurak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna