Albistea entzun

Klika eta klika kulturaraino

21. Korrika Kulturalak sei estreinaldi izango ditu, eta, gainera, ehunka ekitaldi antolatuko ditu Euskal Herri osoan. Sakelako telefonoetarako aplikazio bat ere abian jarri du Korrikak
Asier Amondo Korrikaren koordinatzailea eta Korrika Kulturalean parte hartuko duten zenbait eragile, atzo, Gasteizen egindako agerraldian.
Asier Amondo Korrikaren koordinatzailea eta Korrika Kulturalean parte hartuko duten zenbait eragile, atzo, Gasteizen egindako agerraldian. ENDIKA PORTILLO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Beñat Alberdi -

2019ko otsailak 14 - Gasteiz

Gares (Nafarroa) eta Gasteiz elkartuko ditu 21. Korrikak, apirilaren 4tik 14ra, eta lekukoa Euskal Herriko zazpi herrialdeetatik pasatuko da hamar egun horietan. AEK-k korrika egitera bultzatu nahi ditu herritarrak, eta, horretarako, Klika dauka aurtengo leloa. Nolanahi ere, korrika egitetik harago ere eragin nahi du, «klik» gehiago lortzeko bidean, eta horri lotuta antolatu du Korrika Kulturala, Asier Amondo Korrikaren koordinatzaileak adierazi duenez: «Euskarazko kultura sortu eta kontsumitzeko Klika, euskal komunitatea sortzen jarraitzeko Klika piztu dadin». Sei estreinaldi izango ditu aurtengo Korrika Kulturalak, eta jada martxan dute sakelako telefonoetarako aplikazioa ere.

Guztiaren oinarria elkarlana dela nabarmendu du Amondok. Artisten laguntzaz gain, beste hainbat eragileren laguntza jaso dute. Egiten duten esfortzua itzuli nahi izan diete euskal kultur unibertsoa osatzen dutenei: «Korrikan erakusleiho bat eskaini behar diegu Euskal Herrian dauden sortzaileei eta eragileei».

KORRIKA APP-A

Aurtengo edizioak ere sakelako telefonoetarako aplikazio propioa izango du. Berrikuntza batzuekin dator, gainera. Korrikaren harira antolatutako kultur agenda eskainiko du, eta eguna, ordu eta tokia zehatz jakinarazi. Bestalde, tokiaren eta egunaren araberako bilaketak egiteko aukera emango du, toki batetik noiz edo egun batean nondik igaroko den jakiteko.

Horrez gain, ikusgai dauka ibilbidearen mapa, eta erabiltzaileak momentuan kontsultatu ahal izango du lekukoa nork daraman, zenbat kilometro osatu dituen eta zenbat falta dituen.

'GARAIKIDEAK'

Aiko taldeak dantza eta musika hartu ditu oinarri Garaikideak ikuskizuna prestatzeko. Eurek sorturiko fandango, mazurka, jauzi, polka eta tango berriak estreinatuko dituzte, baina, betiere, atzerako ispiluari, hau da, tradizioari sarritan begiratuz. Ordubete luzez, «iturri zaharretik ur fresko eta berria edateko aukera» eskainiko du Aikok, Korrikako arduradunek adierazi dutenez.

Dantza entzungai eta musika ikusgarri bilakatu nahi dituzte lanarekin. Emanaldi bakoitza desberdin egingo dute, inprobisazioa eta sorkuntza ere badelako euskal tradizioaren parte.

Otsailaren 17an estreinatuko dute ikuskizuna, Berriozarren (Nafarroa), eta beste saio bat egingo dute martxoaren 24an, Agoitzen (Nafarroa).

'ENKARGUZ'

Xabier Zabala musikariak eta Andoni Egaña bertsolariak abesti bat sortzeko enkargua hartu dute, Alberto de Abajoren lan bisualaren laguntzaz.

Baina nola sortzen da abesti bat? Prozesua bera taularatuko du hirukoteak, publikoaren parte hartzearekin. Ikusleak prozesuaren urratsei argiago jarraitu ahal izango die pantailaren bitartez.

Martxoaren 7an hasiko du bidea Enkarguz. Sormenaren ibaia obrak, Iruñeko Mendillorri Civivox aretoan. Gero, Beasainen (Gipuzkoa), Tuteran (Nafarroa) eta Gasteizen eskainiko dute.

'JULE'

Kale antzerkiak ere bere tokia izango du Korrika kulturalean: Hortzmuga Teatroaren Jule lana estreinatuko dute, familia osoarentzako obra.

Eraikin bat eraistear dago, baina bertako biztanle batek uko egin dio handik ateratzeari. Izan ere, hainbat amets ditu betetzeko. Eraikuntza lanetako zaindariak, berriz, ez du familiarik, eta horrek hutsune bat eragiten dio barruan. Hirugarren pertsonaia batek, neskatoak, familia zeharo ahaztuta dauka, eta dagoeneko ahaztu du amets egiten. Umorea, fantasia eta irudimena landuko dituzte antzezlanean. Martxoaren 9an estreinatuko dute, Errenterian (Gipuzkoa). Lizarratik (Nafarroa) eta Garestik (Nafarroa) pasatuko da martxoan.

'OHOLTZA'

Beñat Krolem artistak urteak daramatza inprobisazioa lantzen. Horrela gorpuztu du Oholtza performancea. Bertsolaritza eta eskulturak lotu ditu. Izan ere, bere gorputza eta bertsolari kolaboratzaileena erabiliz eraikiko ditu artelanak. Horrez gain, hainbat osagai gehituko dizkie: egurra, oihala, LED argia... Emanaldian bertan proiektatu, diseinatu eta muntatuko ditu egiturak. Bi bertsolariren gorputzak espazioan modu jakin batean egituratuko ditu. Hori izango da bertsolariaren bat-batekotasunaren oinarria. Bertsolariak abesten duen unean bertan hitzekin sortzen duen bertsoaren pareko prozesuak erabiliko ditu Krolemek. Oholtza bertsoaren sortze prozesuaren eta gorputzaren jarreraren arteko azterketa da, antolatzaileen arabera. Oraingoz emanaldi bakarra egingo dute, martxoaren 30ean, Getxon (Bizkaia), Erromoko kultur etxean.

'MUSUA'

Pirritx, Porrotx eta Marimotots ohikoak izan dira aurreko Korrika Kulturaletan, eta aurten ere ez dute huts egingo. Musua ikuskizuna prestatu dute. Mundua biraka ari da eguzkiaren inguruan. Baina eguzkiak ez ezik, musuek ere biraka jartzen dute mundua. Hain zuzen ere, musuek pailazo hirukotea ere «biraka» jartzen dutelako prestatu dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek lana, eta ikusleari galdetu: «Eta zu?». Kanbon (Lapurdi) hasiko dituzte emankizunak, otsailaren 20an, herriko eskubaloi gelan. Gerora, Irunberrin (Nafarroa) eta Lodosan (Nafarroa) ariko dira.

'KALAPORTU'

Joseba Sarrionandiaren lurralde poetikoa irudikatuko du ikuskariak. Hamar bat musikarik, oinarri Audience banda hartuta, euren sormena aurkeztu dute agertokian. Besteak beste, Ines Osinagak eta Joseba Irazokik parte hartuko dute emanaldian.

Horrez gain, poemen hitzek eta irudiek lagunduko dute lurralde poetikoa irudikatzen. Ander Lipus eta Miren Gaztañaga jardungo dira aktore lanetan.

Lehen aldiz, Korrika Kulturaleko lan batek Euskal Herriko bost hiriburu zeharkatuko ditu. Bilbon izango da estreinaldia Loraldia Festibalean, martxoaren 15ean, Arriaga antzokian. Gasteiz, Baiona, Donostia eta Iruñea pasatuko ditu gero.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Aitor Fenandino eta Mikel Losada aktoreak, 'Bake lehorra antzezlaneko eszena batean ©Monika del Valle/Foku

Karlistaldian kokatutako gerrei buruzko antzezlana sortu du Patxo Telleriak

Iñigo Astiz

Zehazki, 1872ko karlisten eta liberalen arteko Zornotzako bake ituna hartu du abiapuntu antzerkigileak, baina kasu zehatzetik harago, bakeari eta gerrari buruz gogoeta egiten duen obra bat sortu du: 'Bake lehorra'. Astelehenean estreinatuko dute euskaraz

Saria jaso duten musikariak, gaur, BECeko ekitaldian. ©Marisol Ramirez / Foku

Hamar artista eta talderen lana aitortu dute Musika Bulegoaren VI. Sarietan

Ainhoa Sarasola

Olatz Salvador, Chill Mafia, Gaur, Ether Ensemble, Maite Larburu, Ramon Lazkano, Verde Prato, Amak, Trio Zukan eta Motxila 21 taldeak saritu dituzte aurten, Barakaldoko BECen eginiko galan.

Led Silhouette dantza konpainiako Martxel Rodriguez eta Jon Lopez kideak. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Erriberriko antzerki jaialdiak inklusibotasuna izanen du ardatz

Yasmine Khris

Uztailaren 15etik 31ra egingo dute antzerki klasikoaren jaialdia. Espazio «paritario eta feminista» baten alde egin dute apustua aurten

Ezker-eskuin, Arantxa Arzamendi, Mari Jose Telleria, Pello Leiñena, Aizpea Otaegi eta Andoni Iturbe. ©ERESBIL FUNDAZIOA

Musikastek «euskal musikaren hiriburua» batuko du 50. urtez

Miren Mujika Telleria

Bihar hasiko da Musikaste, Errenterian, maiatzaren 28ra bitarte. «Urrezko ezteiak» ospatuko dituzte aurten; izan ere, 50 urte bete ditu jaialdiak. Hamar emanaldi egingo dituzte, askotariko doinuekin

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...