Espazioa habitatzeko moduak

Natacha Sansoz eta Irati Inoriza 'Trans Humus' proiektua garatzen ari dira Uharte zentroan. Bakoitzak bere eremutik, gorputzek espazioa okupatzeko duten modua dute aztergai
Natacha Sansoz eta Irati Inoriza beren proiektuak Uharte zentroko Habitacion aretoan sortzen ari dira. Lanerako espazioak ondoan jarri dituzte.
Natacha Sansoz eta Irati Inoriza beren proiektuak Uharte zentroko Habitacion aretoan sortzen ari dira. Lanerako espazioak ondoan jarri dituzte. IÑIGO URIZ / FOKU

Ane Eslava -

2019ko otsailak 20
Bakoitza bere proiektua garatzen ari den arren, Irati Inoriza eta Natacha Sansoz artistek galdera bera hartu dute abiapuntu gisa: nola okupatzen eta habitatzen dute gorputzek espazioa? Iaz, Itzal Aktiboa saria jaso zuten bi artistek, Euskal Herriko artista gazteei zabalkundea emateko saria. Orain, galdera hori oinarritzat hartuta, Trans Humus izeneko proiektua garatzen ari dira elkarrekin, Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan (Nafarroa). Urtarrilaren 25ean sartu ziren zentroaren Habitacion eremuan, eta martxoaren 3ra arte egongo dira han. Erakusketako espazio iraunkor bat da areto hori, fokua jartzen duena prozesu artistikoak publikoari zabaltzeko esperientzietan. Joan den astean aurkeztu zuten ordura arte egindako lana.

Biek oso proiektu zehatzak landu nahi zituzten, baina konturatu ziren beren planteamenduek antzekotasunak ere bazituztela: batetik, bien lan dinamikak lotuta daude prozesu kolaboratiboekin, Inorizak azaldu duen moduan: «Artearen bitartez, loturak sortu ohi ditugu komunitatearekin; inguruan ditugun talde eta norbanakoekin». Lankidetzaren ideiari jarraituz, lanerako espazioak ondoan jartzea erabaki zuten, dinamika komunak gauzatzeko bakoitzak bere proiektua sortzen duen bitartean. «Hala, truke bat sortzen da gure artean: egunero ari gara gure proiektuez hitz egiten, elkarri babesa ematen...». Bestetik, gorputza da bi artisten lanaren abiapuntua. Sansozek gizarte eta kultura arlora eramaten du gaia, eta Inorizak, berriz, abstrakziora. Trans Humus izenburua jarri diote egitasmoari, «ibiltaritza, transformazioa eta elkarrizketa delako».

Sansozen proiektuak orain dela urte bat du jatorria. Orduan, mugen eta errefuxiatuen gatazkatik abiatuta, espazioak habitatzeko gaiaren inguruko kezka sortu zitzaion. «Probatu nahi nuen nola den gorputz batek berriro okupatzea galdutako espazio publiko bat», azaldu du. Hori aztertzeko, Europako mugako herrialde batzuetara joan zen, eta performanceak egin zituen kalean, espazio publikoan: Turkian, Tunisian, Bosnia eta Herzegovinan, Frantzian, Alemanian eta Euskal Herrian egin zituen. Orain, ikerketa lerroari jarraituz, hainbat ekintza proposatu ditu lankidearekin batera erakusketa espazioa okupatzeko eta bizitzeko eta komunitatea sortzeko. Horretarako, «habitat nomada» bat sortu du, txabola baten modukoa, eta hor instalatu ditu artilezko alfonbrak eta oihalezko hainbat elementu, Europan zehar egindako performanceetan erabilitakoak.

«Egitasmoa asko interesatzen zait, izenetik bertatik hasita: Habitación. Izan ere, nire proiektuaren oinarria da espazioak habitatzea; beraz, oso interesgarria iruditu zait espazio hau, arte garaikideko zentro bat, Iratirekin bizitzea eta partekatzea», adierazi du Sansozek. Aretora heldu bezain laster, lehen esku hartzea egin zuen: habitación jartzen duen idazkunari co aurrizkia erantsi zion. Azkenik, kolektibizatzearen eta artea kalera ateratzearen ideiari jarraituz, aurkezpen egunean «zopa kolektibo bat» egin zuen: aurkezpenera osagai batzuk eramatera gonbidatu zuen jendea, denen artean zopa bat prestatu eta hartzeko. «Areto honetan otordua partekatzea modu bat da jendea erakusketaren parte bihurtzeko», haren hitzetan.

Kirola eta arte plastikoak

Inorizak, bestalde, gizakiaren nortasuna osatzen duten tentsioak ditu aztergai, kirolean sortzen diren gorputzen arteko talkak oinarri gisa harturik. Kontatu duenez, bi gorputz femeninoren arteko kontaktuak erakarrita, kontaktu dantza aztertzen hasi zen. Baina uste zuen «fikziozkoegia» zela, eta beste kirol batean jarri zuen fokua: borroka librean. Bigarren hori errealagoa iruditzen zaio, bai eta interesgarriagoa ere. «Borroka librean gertatzen den bi emakumeren gorputzen arteko talkak atentzioa ematen dit: talka horren bitartez, kirolaren eta borrokaren bitartez, bi gorputzek bat egiten dute», adierazi du.

Kirolaren eta arte plastikoen arteko lotura topatu zuela ere esan du artistak: «Kontaktu handiko kirol bat izanik, zeinean gorputz batek bestea nokeatu behar duen, gorputzen arteko tentsioa sortzen da, bi gorputzak elkartzen dira, eta zerbait oso plastikoa dago hor, izugarri interesatzen zaidana». Hasieran, marrazkien bitartez aztertu zituen bi gorputzen arteko tentsioak: kontaktuaren unean gorputz bakoitzak sortzen dituen marrak eraman zituen paperera. Gero, objektuetara jo zuen: kirolariek entrenatzeko darabiltzaten maniki batzuk hartu, eta eskulturak egiten hasi zen. Azkenik, Burlatako borroka libreko taldeko kideak grabatu zituen, entrenatzen, haien mugimenduak aztertzeko. Elementu horiek guztiak jarri ditu ikusgai aretoan.

Sansozek eta Inorizak ez zuten aurretik elkar ezagutzen, eta, esan dutenez, horrek ere aberastu egin du espazioa partekatzearen esperientzia. Halaber, ikasten ari dira nolakoa den artista izatea Hego eta Ipar Euskal Herrian, lehena Baionan bizi delako, eta bigarrena, berriz, Balmasedan (Bizkaia). Sansozek ziurtatu du gauza asko ikasten ari direla bi errealitate horien antzekotasunak eta ezberdintasunak aztertuz : «Honek aldatuko du guk artean pentsatzeko dugun modua».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna