Idazle izatea, gorputzez gorputz

Emakumeek literaturan duten tokiaren inguruko datuak eta gogoetak bildu ditu Eider Rodriguezek 'Idazleen gorputzak' lanean. Bost idazlerekin izandako elkarrizketak jaso ditu

Karmele Jaio, Eider Rodriguez egilea, Uxue Alberdi, Miren Agur Meabe eta Laura Mintegi, atzo, Donostiako Pandora tabernan eginiko aurkezpenean. J. URBE / FOKU.
mikel lizarralde
Donostia
2019ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
«[Ama izan ondoren] Hiru lanaldi nituen gutxienez: jarduera profesionala, etxeko lanaldia eta lan literarioa. Estres handiko garaia izan zen, baina nik apurtu behar nuen ama izateagatik nozitzen nuen hesia, ezin nuen permititu amatasunak literaturagintzatik baztertzea». Laura Mintegiren (Lizarra, Nafarroa, 1955) hitzek ematen dute debekatutako eremuak arakatzeko emakume idazleek egin behar duten hautuaren neurria. Literaturan, beste eremu batzuetan bezalaxe, kanporatuak izan dira luzaro andrazkoak, eta estrategia propioak garatu behar izan dituzte horri aurre egiteko, Mintegik bezala, Arantxa Urretabizkaiak (Donostia, 1947), Miren Agur Meabek (Lekeitio, Bizkaia, 1962), Karmele Jaiok (Gasteiz, 1970) eta Uxue Alberdik (Elgoibar, Gipuzkoa, 1984). Eider Rodriguezek (Errenteria, Gipuzkoa, 1977) jaso ditu haien iritziak, pertzepzioak eta nahiak Idazleen gorputzak. Egiletasuna ezbaian literaturaren joko zelaian saiakeran (Susa-Lisipe).

Kezka bat aipatu du Rodriguezek liburuaren iturburutzat. «Konturatuta nengoen emakumezko abeslari, idazle, artista askok tonu eta jarrera jakin bat hartzen zutela, genuela. Eszenara sartzen zirela, ginela, modu jakin batean. Edo, bestela esanda, ezin ginela sartu eszenara modu jakin batera. Kontuz genbiltzan zapaltzen ari ginen territorio horrekin, eta uste dut horrek isla zuzena duela sorkuntza lanean ere». Gai batzuen inguruan ezin hitz egitea edo modu jakin batean ezin kokatzea ekarri du horrek, Rodriguezen iritziz, eta ezintasun hori pagatu beharreko ordainsaria izan da «plazan ikusgarri eta kontuan hartzeko modukoa izateko». Kezkak bazuen oinarria, bera ere «deseroso» sentitu baita gai batzuen inguruan; bai jendaurrean, bai testuarekin «borrokan» aritu denean ere. «Lehendik ere bagenekien ez garela nahikoa aske nahi dugunaz hitz egiteko. Baina idazteko ere ez. Oso baldintzatuta gaude. Ez bakarrik adierazpen askatasunagatik. Irudimena ere oso baldintzatua dago diskurtso nagusiek markatzen dituzten lerro horiengatik. Horietatik kanpo aritzea oso zaila da».

Mugatze mekanismo horiek emakumeei nola eta zertan eragiten dieten jakin nahi zuen Rodriguezek lanari ekin zionean. «Badakigu historikoki emakumeak baztertuak egon direla literaturan. Baztertuak eta jazarriak. Badakigu emakumezko askok eta askok sinatu dituztela beren lanak senarraren izen-abizenekin, edo beren burua desagerrarazi dutela eszenatik. Bentrilokuismo literarioa erabili izan da mendeetan». Baina baztertze mekanismoak ere erabili izan dira emakumeak literaturatik eta sormenetik urruti egon daitezen. «Atzean zegoen leloa zen Prokreazioa bai, kreazioa ez. Oso gutxik lortu zuten zirrikitu horretatik pasatzea, eta lortu zuten horiek gogotik ordaindu zuten. Ikusi besterik ez dago zer suizidio tasa altua dagoen emakume idazleen artean».

Gaur egun mekanismoek hor diraute, Rodriguezen iritziz, nahiz eta «hain zabarrak» ez izan: kritika, sariak, historiografia... «Horiek esaten dute zein den kanona... Eta hor ere ikusten da zer emakume gutxi dagoen testu liburuetan, kritiketan, historiografian eta sarietan». Aurrerapausoak eman diren arren, hainbat mendetan izan den «azpiratze sistemaren» arrastoak nabari dira oraindik ere, eta horren ondorioek liburuan mintzakide dituen bost idazleei zein gradutan eragin dieten jakin nahi zuen Rodriguezek.

Armadura jantzita

Galdera bat du buruan idazleak: «Etsaitasunezkoa eta indarkeriazkoa izan den giro horretan parte hartu nahi duen emakumeak, nola egiten du?». Bere iritziz, askok autodefentsa jantziarekin, «nolabaiteko armadura batekin» egin dute salto plazara. «Armadurak balio du babesteko, baina, aldi berean, mugatu egiten du mugimendu askatasuna».

Alde horretatik, literaturaren joko zelaian emakumeak bazterrean daudela uste du, eta emakume idazleen gorputzak ez direla gorputz neutralak. «Ez da gorputz unibertsal bat, eta jakin nahi nuen horrek nola eragiten dion egileari, testuari eta irakurleari».

Hori guztia emakume idazleak sumatzen duela uste du Rodriguezek, «airean» dagoelako, eta segituan jakingo duela zer leku posible duen joko zelai horretan. «Inkontzienteki askotan, jakingo du horren aurrean zer postura literario hartu behar duen, eta horrek eramango du modu batean kokatzera. Eta hor ari naiz bere gorputzaz, bere jarreraz, bere jantziez eta baita bere testuez ere».

Liburua hiru ataletan egituratu du. Lehenengoan, marko teorikoa jarri du; bigarrenean, bost elkarrizketak jaso ditu; eta, hirugarrenean, ondorioak plazaratu ditu. Elkarrizketatuak aukeratzeko orduan hainbat baldintza bete nahi izan ditu: garai ezberdinetan jaioak izatea, lehenengo liburua garai ezberdinetan argitaratu izana, denboran banaturiko hiru liburu gutxienez izatea, eta ama izatea. «Zergatik ama? Badakigu amatasuna dela emakumearen gorputza kontrolatzeko gudu zelai handienetako bat. Eta iruditzen zitzaidan gaira hurbiltzeko modu egokia izan zitekeela, haurdunaldiak eta ondoren datorrenak idazleen gorputzetan, bizimoduetan eta testuetan sekulako inpaktua duelako».

Bi ordutik gorako elkarrizketak egin ditu Rodriguezek idazleekin, eta bost solasaldi horiek nolabaiteko narrazio bat osatu dute: «60ko hamarkadatik gaur egunera, gorputzez gorputz joan dira josten hamarraldiak. Ia 60 urteren errepasoa da».

Idazten eta argitaratzen garai ezberdinetan hasi ziren arren, badira bost idazleen artean errepikatzen diren hainbat patroi eta dinamika. «Sistemak modu jakin batean eragin die, hain zuzen ere, emakumezko eta idazle izate hutsagatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.