Kartzela zigorra ezarri die epaileak 'Osasuna auziko' 11 auzipetuetatik bederatziri

Bizkairi jarri dio zigorrik gogorrena epaileak, zortzi urte eta zortzi hilabetekoa. Sei baino gehiagokoa konplitu beharko dute Artxankok, Peraltak eta Pascualek

Ezkerretik hasita, lehenengo lerroan, Angel Bizkai Osasunako kudeatzaile ohia, beste auzipetu batzuekin batera, Osasuna auziko epaiketan. JESUS DIGES / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2020ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Nafarroako Auzitegiak atzo atera zuen Osasuna auziaren epaia, epaiketa bukatu zela bi hilabete ere igaro ez direla, eta akusatuen aulkian eseri ziren 11 lagunetatik bederatzi zigortu ditu. Urtebete, eta zortzi urte eta zortzi hilabete bitarteko espetxe zigorrak ezarri ditu. Zigorrik handiena Angel Bizkai Osasunako kudeatzaile izandakoak jaso du: zortzi urte eta zortzi hilabeteko espetxe zigorra; fiskalak bost urte eta 11 hilabete eskatzen zituen. Diego Makirriain fundazioko presidente ohia eta Jordi Figueras jokalaria absolbitu ditu. Bidegabeko jabetzea, kontuen faltsutzea eta kirol ustelkeria egiteagatik zigortu ditu.

Bizkairen kasuan, isunak ere ezarri dizkio epaiak —325.000 euro ordaindu beharko ditu, kirol ustelkeriagatik—, eta inhabilitatua egon beharko du 11 hilabetez, kudeatzaile edo antzeko lanposturik eduki gabe kirol elkarteren batean. Miguel Artxanko presidente ohiari eta Jesus Peralta zuzendaritzako kide izandakoari sei urte eta zortzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri die auzitegiak. Bi horiei ere isunak ezarri dizkie, eta 900.000 euro ordaindu beharko dituzte kirol ustelkeriagatik. Horrez gain, ezingo dute bi urtez kirol elkarteren bateko zuzendaritzan egon.

Artxankoren zuzendaritzan presidenteorde zen Juan Antonio Pascuali sei urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra jarri diote epaileek. Horrek ere 900.000 euroko isuna ordaindu beharko du kirol ustelkeriagatik, eta bi urtez ezingo du kirol elkarteren bateko zuzendaritzan jardun. Sancho Bandres orduko diruzainari bost urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri zaio. Cristina Valencia eta Albert Nolla higiezinetako agenteei bederatzi hilabeteko kartzela zigorra jarri die epaiak. Azkenik, Antonio Amaya eta Xabier Torres orduan Betiseko jokalari zirenei urtebeteko kartzela zigorra ezarri diete epaileek, eta ezingo dute jokatu bi urtez. Horrez gain, 900.000 euroko isuna ordaindu beharko dute bi horiek ere.

Epaiak dakarren beste agindu bat hauxe da: zigortuek Osasunari 2,340 milioi euro eman beharko dizkiote kalte-ordainetan, 2012tik 2014ra klubeko altxortegitik modu irregularrean atera zuten diru kopurua, hain zuzen. Artxankok eta Peraltak, gainera, 1.000 eta 2.600 euro itzuli beharko dizkiote klubari, dietak behar ez zen bezala kobratzeagatik. Bizkaik, berriz, 600.000 euro itzuli beharko dizkio Osasunari, zehaztu gabeko mailegu batengatik. Zigortuek aukera daukate epaiari helegitea jartzeko Auzitegi Gorenean.

Osasuna auziko epaiaren bidez, lehen aldiz zigortu da kirol ustelkeria Espainiako ligan, eta, hain zuzen, delitu horretatik abiatu zen auzia. Javier Tebas LFPko presidenteak bultzatu zuen hasiera. Izan ere, Bizkai 24 urtez Osasunako kudeatzaile izan zenak 2015eko otsailean LFPren aurrean aitortu zuen Miguel Artxanko presidentearen bi denboraldietan sei partida erosi zituela Osasunak. Tebasen arabera, 2013-2014ko denboraldian Valladolideko presidente Carlos Suarezek ohartarazi zion Osasunak partidak eros zitzakeela.

Sabalza: «Pozik gaude»

Osasunako presidenteak epaiaren balorazioa egin zuen atzo bertan, eta «pozik» daudela adierazi. Klubak egia azaleratzeko egindako lana nabarmendu zuen: «Osasunak ez balu salaketa jarri, epai hau ez litzateke egongo». Gogoratu zuen nola bere zuzendaritza izan zen auzitara jo zuena: «Klubean sartu ginenean gustatzen ez zitzaizkigun hainbat gauza ikusi genituelako». Epaiarekin Osasunaren irudia «kaltetu» daitekeela onartu arren,«orrialde beltz hau pasatu ahal izateko ezinbestekoa zen epaitegiek beren lana egitea». Osasuna «klub zintzoa» izan dela esan du, eta orain, hau guztia igarota, betiko bereizgarriak berreskuratu dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.