Noiz sortua: 2020-06-11 00:30:00

'Iruña-Veleia auzia'. Epaia

Iruña-Veleiako grafitoak faltsuak direla ondorioztatu du epaileak

Bi urte eta hiru hilabeteko zigorra ezarri diote Gil arkeologoari iruzur egin eta ondarea hondatzeagatik. Cerdan txostenak faltsutzeagatik kondenatu dute. Aringarriak ezarri dizkiete, auziak luze jo duelako
Eliseo Gil eta Ruben Cerdan, akusatuen aulkian eserita, epaiketako saio batean, Gasteizko 1. zigor salan.
Eliseo Gil eta Ruben Cerdan, akusatuen aulkian eserita, epaiketako saio batean, Gasteizko 1. zigor salan. JUANAN RUIZ/ FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2020ko ekainak 11

Iruña-Veleia auziak badu epaia. Euskarari, kristautasunaren hedapenari eta antzinateari buruzko jakintza iraultzekoak ziren ezohiko aurkikuntzak ezagutarazi eta hamalau urtera, bederatzi urteko instrukzio fase baten ostean, eta hamabi saioko epaiketa bat egin ondoren, epaileak ondorioztatu du grafitoak faltsuak direla. Eliseo Gil aztarnategiko arduradun zena jo du erantzule nagusitzat: bi urte, hiru hilabete eta 23 eguneko zigorra ezarri dio iruzur egin, dokumentuak faltsutu eta ondarearen aurkako delituak egiteagatik. Urtebete, hiru hilabete eta 23 eguneko zigorra jarri dio Ruben Cerdani, idatziak egiazkoak zirela jakinik txosten faltsuak egiteagatik. Epaileak aintzat hartu du auzia asko luzatu dela, eta aringarriak ezarri dizkie; ondorioz, bietako inor ez da joango espetxera. Epaia ez da irmoa, eta helegitea aurkezteko aukera izango dute aldeek orain.

Ikusi gehiago: Lurmen enpresak helegitea jarriko dio epaiari

Horrebestez, auziko hiru akusatuak zigortu ditu epaileak. Gil eta Cerdanez gain, Oskar Escribano geologoa ere zigortu baitzuen epaiketako lehen egunean, idatziak eta irudiak faltsutzeagatik. Escribanok berak aitortu zuen Veleia idatzi zuela pieza batean, lankideei «broma» bat egiteko. Akusazioarekin hitzartu zuen urtebeteko kartzela zigorra onartzea eta 2.000 euroko isuna ordaintzea. Hark ere ez du espetxera joan beharko.

Egile, zuzenean edo zeharka

Hasieran, akusazio partikularrak, hau da, Arabako Foru Aldundiak zazpi urte eta erdiko zigorra eskatzen zuen Gilentzat, eta fiskaltzak, bost urte eta erdikoa. Ondarea hondatzea eta iruzur egitea leporatzen zioten, baina omisio delitua eta dokumentuak faltsutzea ere egotzi zioten azken unean. Akusazio horiek zirrikitu bat ireki zuten, zigor txikiagoak ezarrita ere, Gili erantzukizunak eskatzeko. Izan ere, epaiketan agerian gelditu ziren aztarnategian egindako lanaren hutsuneak eta akatsak, baina akusazioek ez zuten lortu piezak Gilek berak faltsutu zituela ziurtatzea. Bada, Isabel Diez epaileak azken bide hori baliatu du Gil zigortzeko.

Batetik, epaileak ondorioztatu du grafitoak «gaur egungoak» direla. Epaian frogatutzat ematen da «zeramikazko benetako 36 pieza arkeologiko erromatar berantiarretan inskripzioak egiteko ebakidurak» markatu zituela Gilek berak edo haren aginduz beste norbaitek, «aztarnategietako aurkikuntzei ez zuten balio historiko-kultural erlijioso bat emateko asmoz». Gainera, epaileak nabarmendu du grafitoak «piezak garbitzeko prozesuan» agertu zirela, eta ez aztarnategian, piezak aurkitu zituzten unean bertan. Urtebeteko espetxe zigorra ezarri dio ondarea hondatzeagatik.

Iruzur egiteagatik eta dokumentuak faltsutzeagatik ere zigortu du Gil. Izan ere, epaileak dio ezin dela frogatutzat eman grafitoak Gilek berak egin izana. Aldiz, onartu du Gil, aztarnategiko zuzendari zen neurrian, bertan geratzen zenaren jabe zela, eta, beraz, baita arduradun ere. Epaiak dio Gilek bazekiela idatziak faltsuak zirela, eta, jakinda ere, Cerdani eskatu ziola txostenak egin zitzala benetakotzat irudikatzeko eta diru publikoa eskuratzeko.

Epaiak jasotzen duenez, Cerdanek hiru txosten egin zituen guztira, baina «analisi espektroskopikoak egin gabe» osatu zituen hirurak, eta analisiak ez zituen laborategietan eskatu. Hala ere, txosten horien fakturak kobratu zizkion indusketen ardura zuen Lurmen enpresari, eta hark, Arabako Foru Aldundiari. Epaileak frogatutzat jo du Gilek eta Cerdanek «hitzartu» egin zutela «legez kanpoko onura ekonomikoa» lortzeko jardun hori, bazekitelako dirua jasoko zutela. Aurreneko bi fakturak 5.817,40 eta 6.650,40 eurokoak ziren; hirugarrena ez zuten kobratu.

72 euroko kalte-ordaina

Gilek eta Cerdanek itzuli beharko diote txostenengatik jasotako diru hori Arabako Foru Aldundiari: bien artean, 12.490, 20 euroko isuna ordaindu beharko baitute. Horrez gain, 72 euro eman beharko dizkio Gilek Eusko Jaurlaritzari kalte-ordainengatik: bi euro kaltetutako pieza bakoitzeko, alegia. Izan ere, epaiak jasotzen duenez, ezin izan da frogatu 36 pieza baino gehiago hondatu izana denera. «Analisien fakturengatik jarritakoa alde batera utzita, ez da zehaztu zenbateko kalte ekonomika izan duen Arabako Foru Aldundiak aztarnategi arkeologikoan egindako inbertsioengatik», dio epaiak.

Hasieran, akusazioak adierazi zuen guztira 476 pieza hondatu zituela Gilek, eta 285.000 euroko kalte-ordaina eskatu zuen horiengatik. Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzako teknikariek kalkulatu zuten pieza bakoitzak 600 euro balio zuela; bada, kaltetutako bakoitzarengatik beste 600 euro eskatu zituzten. Azken ondorioak azaltzeko egunean, ordea, faltsutu ziren piezak 291 izan zirela ondorioztatu zuten, eta horiengatik 102.600 euroko ordaina eskatu zioten indusketen arduradunari.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Osakidetzako langile bat Txagorritxuko laborategi batean lanean. ©Gorka Rubio, Foku

Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du Osakidetzak arriskuan jarri dituela langileak

Ainhoa Larretxea Agirre

ESK sindikatuak aurkeztu zuen salaketa, eta ekainaren 16an egin zuten epaiketa. Sindikatuak Nekane Murga Osasun sailburuaren eta Osakidetzako zuzendaritzaren dimisioa eskatu du. 

Jendea paseoan, konfinamendua arintzeko lehen fasean. ©JON URBE/ FOKU

Jaurlaritzak ziurtatu du COVID-19aren agerraldiak «kontrolatuta» daudela

Irati Urdalleta Lete

Beste hamalau positibo eta hiru hildako daude. Jaurlaritzak pentsatu du neurriak areagotuko dituela jende pilaketak «mantenduz eta orokortuz» gero

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna