Epikadun denboraldi lirikoa

Kultur ekitaldiei ezarritako murrizketek muga-mugan utzi dute Operaren Lagunen Bilboko Elkartearen denboraldia, baina Rossini laburtu batekin eta hiru saio bikoitzekin eman diote buelta egoerari

OLBE elkarteko Cesidio Niño eta Juan Carlos Matellanes ezkerrean, Christophe Rousset eta Emilio Sagi musika eta eszena zuzendariekin, atzo. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2020ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Denboraldia hasi ere egin gabe egon dira itxiera iragartzeko puntuan. Koronabirusaren eraginez, martxoaz geroztiko geldialdiaren ostean, azkenean, aurreko asteko ostiralean aurkeztu zituen Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak (OLBE) aurtengo denboraldia abiatuko zuen Il turco in Italia opera emanaldiaren nondik norakoak. Gioachino Rossini konpositorearen komedia bat, pandemia sasoi beterako. Baina aurkezpena egin eta hurrengo egunean bertan eman zuen Eusko Jaurlaritzak kultur ekitaldietako eserleku kopurua erdira murrizteko arauaren berri, eta muga-mugan utzi du neurriak elkartearen 62. denboraldia. Euskalduna jauregiko auditorium nagusian 600 ikusle hartu ahal izan dituzte azkenaldian, baina bihartik aurrera 400 ikusle sar ditzakete antolatzaileek, eta ekonomikoki bideraezin bilakatzen zuen horrek proiektua. Ordea, Rossiniren pieza laburtuz eta hiru saio bikoitz antolatuz eutsi ahal izan diote proposamenari, eta, beraz, martxan da Euskal Herriko denboraldi lirikorik egonkortu eta garrantzitsuenetako bat. Isiltasunaren mehatxua laztanduta, baina gaur hasiko dira emanaldiak Bilboko Euskalduna jauregian.

Epika tantekin eman ditu azalpenak Juan Carlos Matellanes OLBEko lehendakariak. «Murrizketak kontuan hartuz, errazago izango genukeen dena bertan behera uztea. Irtenbide txarra zen hori, ordea, bazkideentzat zein gizartearentzat, eta eskura genituen aukeren artean onena hartu dugu». Hala bada, hiru emanaldi egingo dituzte, gaur, urriaren 28an eta azaroaren 2an, eta emanaldi bikoitzak egingo dituzte urriaren 24an, 26an eta 30ean. «Funtzio guztiak bikoizten saiatu nahi genuen guk, baina ezin izan dugu hala egin, eta hiru emanaldi bikoiztu ditugu. Soluzio ona da, arrazoizkoa eta irudimentsua», azaldu du lehendakariak.

Eusko Jaurlaritzak neurri berriak iragarri zituenez geroztik, ordu asko eman dituzte elkarteko ordezkariek abeslariekin, Bilboko Orkestra Sinfonikoko musikariekin, Bilboko Operako koruarekin eta zuzendari artistikoekin negoziatzen, eta bat etorri dira guztiak azken proposamen horrekin. Aurrez antolatuak zituzten sei emanaldietan baino 400 eserleku gehiago izango dituzte orain, eta elkarteko bazkideei lekua egin eta zulo ekonomikorik ez sortzeko aukera emango die horrek, Matellanesen hitzetan. Guztira, 3.800 pertsonak izango dute emanaldiren bat ikusteko aukera —gaurko emanaldian oraindik 600 ikusle biltzeko aukera izango baita—, baina bazkideen artean eta enpresa babesleen artean banatuko dituzte sarrerak, eta, beraz, ez da leihatilako salmentarik izango.

Bertaratu ezin diren bazkideei aukera eskainiko zaie emanaldia streaming bidez ikusteko.

Bertsio egokitua

Operaren bertsio murriztua prestatu behar izan dute proiektua aurrera ateratzeko. Hilabete zeraman taldeak opera osoa egiteko lanetan, eta egun gutxi batzuetan egin behar izan dituzte mozketa eta egokitzapen guztiak. Erlojuaren kontra. Ordu eta erdira laburtu dute jatorrizko bertsioan bi ordu pasakoa den pieza. Baina mozketak eginda ere piezaren erritmoa eta koherentzia mantendu dituztela uste dute Christophe Rousset musika zuzendariak eta Emilio Sagi eszena zuzendariak.

«Ez da gutako inork nahi duen bertsioa», zehaztu du Roussetek; «koronabirusak behartuta ari gara hau egiten». Halere, onartu du pozik gelditu dela azken entseguan ikusitakoarekin, eta lantalde osoak egindako esfortzua laudatu du. Europako lehen mailako beste hainbat antzoki ere antzeko erabakiak hartzen ari direla gogorarazi du zuzendariak, gainera, eta kulturari eutsi beharra nabarmendu. «Ekintza politiko bat da hau. Musika, teatroa, sorkuntza ezin da gelditu. Jarraitu behar dugu jotzen, taularatzen: oso garrantzitsua da hori gizartearentzat, eta, batez ere, haren osasun mentalarentzat».

Mozketak eginik ere, operaren jarraitutasun musikala eta dramatikoa bermatzea izan da erronka, Sagiren hitzetan, eta pozik gelditu da bera ere azken entsegua ikusita. «Ez da sakrilegio bat». Rossinik berak ere etengabe egiten zituen aldaketak, eszena zuzendariak gogora ekarri duenez, eta, horregatik, aldaketa guztiak haren babespean egiten ari diren sentsazioa izan duela esan du. «Nik uste dut ez litzaiokeela gaizki irudituko, eta, are, txalotu ere egingo zuela gure Il turco in Italia hau».

Epikara jo du Sagik azalpenetan, eta haize kontra aritzeko beharra ere aipatu du. «Antzoki bat eta erakunde kultural bat garrantzitsua da egoera zaila denean. Gutxi gorabehera erraza da opera egitea arazorik ez dagoenean. Antzokiak handi egiten dira arazoak daudenean». Sagiren hitzetan, une zail horiei aurre egiterakoan lortzen dute antzokiek prestigioa, eta OLBEk hartutako erabakiaren garrantzia nabarmendu du horregatik. «Bilboko opera opera nazional baten modukoa da».

Jaurlaritzari eskaria

Azarorako ere badu beste opera ikuskizun bat aurreikusia elkarteak, baina OLBEko lehendakariak ez du zehaztu nahi izan orain jokatu bezala jokatuko ote duten. Proposamenari eusteko konpromisoa azaldu du Matellanesek, eta eskari bat ere egin die erakunde publikoei.«Uste dugu denbora dagoela ezarritako murrizketa hauek kulturaren ezaugarrietara egokitu ahal izateko. Eginahalak egingo ditugu emanaldiak bertan behera ez uzteko, baina ikusi beharko da nola egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.