Ikurra, biziberritzeko

Iraia Iturregik esan du «gizatalde bikaina» dagoela, baita «talentu handiko jokalariak» ere. «Konfiantza» dauka egoerari buelta emango diotela

Iraia Iturregi, azalpenak ematen, atzo, Lezaman, teknikariak zuzendutako aurreneko entrenamenduan. ATHLETIC.
haritz gallastegi
2021eko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Iraia Iturregiri (Loiu, Bizkaia, 1985) uste baino lehenago iritsi zaio barru-barruan daraman taldearen ardura hartzeko ordua. Duela hiru urte futboleko botak gordetzea erabaki zuenetik prestatzen aritu da eman berri dioten ardurarako. Athleticeko emakumezkoen egiturako arlo guztietan aritu da lanean. Azken urte eta erdian, bigarren taldeko teknikaria izan da. Herenegun utzi zion haztegiko gazteak prestatzeari, eta, atzo, lehen taldea zuzendu zuen estreinakoz. «Ez zen nik buruan nuen momentua, baina momentua hau da. Egoerari aurre egin behar zaio. Athleticeko entrenatzaile izatea ohorea da, eta aurrera egiteko prest gaude», esan zuen Iturregik, atzo, haren aurkezpenean.

Athletic joko eta bolada txarrean dabil. Kluba sortu zenetik bizi duen egoerarik gaitzena da. Jokoan izan dituen azken 27 puntuetatik hiru baino ez ditu eskuratu. Azken bederatzi partidatan ez du irabazi. Sei norgehiagoka galdu ditu, eta hiru berdindu. «Zuhaitza mugitu beharra zegoen taldearen dinamika aldatzeko. Iraia ondo prestatuta dago. Bera da aproposena», azaldu zuen Joseba Agirre kirol zuzendariak.

Bistan da Athleticek zerbait behar duela. Jaitsiera postuetatik lau puntura besterik ez dago. Klub zuri-gorria inoiz ez da horren egoera txarrean egon. Baina, era berean, testuingurua ezagutzea ezinbestekoa da zuri-gorriek bizi duten egoera ulertzeko. Angel Villacampa entrenatzaile ohia ez dela egoeraren erantzule bakarra, alegia. Emakumezkoen futbola asko hazi da azken urteotan, eta horrek ikaragarri handitu du Espainiako maila nagusiaren maila. Iturregik barru-barrutik bizi izan du bilakaera hori. «Jokalari nintzen sasoian oso zaila zen ligak irabaztea, baina egun, taldeak prestatuagoak daude. Baliabade gehiago eta hobeak ditugu. Baina, batez ere, jokalari atzerritarren etorrerak igo du maila. Europako jokalari onentsuenek ligara etortzea erabaki dute». Aurkariak asko indartu dira, eta Athletic, ordea, ahuldu. Maite Oroz eta Damaris Egurrola taldearen oraina eta etorkizuna ziren, baina biek ala biek beste egitasmo batzuk abiaraztea erabaki zuten, pasa den udan. «Taldeak nabaritu egin du euren hutsunea. Klubaren asmoa haztegia landuta lehiakorra izatea da. Etorkizun ona daukagu. Baikorra naiz».

«Talde ausarta» gura du

Iturregik ondo ezagutzen ditu jokalariak. Eskarmentu handien duten futbolariak taldekide izan zituen, eta gazteenak, berriz, bere aginduetara aritutakoak dira bigarren taldean. Guztiei baikortasun mezua igorri zien lehen hartu emanean. «Taldean dagoen talentuan sinesteko esan diet. Emaitza onek konfiantza ematen dutela esan ohi da, baina konfiantza lana eginda lortzen da». Bihar Lezaman Eibarri derbia irabaztea baino ez dauka buruan orain Iturregik. Bi lan saio zuzenduta ezinezkoa baita teknikari batek dituen ideiak jokalariei barneratzea. Bada, derbira begira, azken jardunaldietan ikusi dituen gabezietan jarriko du azpimarra. «Lau partida daramatza taldeak golik sartu barik. Gure lehen entrenamendu saioan erasoko lana landu dugu. Zelaiaren azken herenean egin beharreko lanari jarri diogu arreta. Bestalde, aurkariek aukera gutxi egin arren, golak sartzen dizkigute. Hori ere konpondu beharra dago. Arlo taktikoa baino gehiago, arlo psikologikoa ari gara lantzen».

Derbia jokatu ostean, etenaldia izango du txapelketak. Eta orduan bai, berak gustuko duen jokamoldea futbolariei transmititzen ahaleginduko da. Jokalari gisa zituen ezaugarriekin antz handia duen joko proposamena egingo du Athleticek. «Intentsitate handiko taldeak, ausartak eta alaiak ditugu gustuko. Garaipena da lehentasuna, baina ikuskizuna ematea ere gustuko dut».

Iturregik Aitor Elizegi Athleticeko presidentea izan zuen ondoan, eta hari galdetu zioten ea zer sentipen zituen lau egun eskasetan bi entrenatzaile kargutik kenduta, eta erantzun zuen «bizirik dagoen bitartean» ez duela ahaztuko aste hau, baina «etorkizunera» begiratu behar dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.