«Birdiseinatuta» eutsiko dio

Euskadiko Orkestrak, egitaraua moldatu, eta kontzertuak bikoiztu ditu denboraldiaren bigarren erdialderako, ahalik eta zale gehienengana heltzeko. Abonatuen %20 inguru galdu ditu lehenean

Mikel Urkiza, Robert Treviño, Oriol Roch eta Ruth Reinardt, atzo goizean, Euskadiko Orkestraren egoitzan, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2021eko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Euskadiko Orkestrak iragan ekainean iragarri zuen denboraldi berria, ziurgabetasunak ziurgabetasun, jardunari eutsi behar zion konbentzimenduz. Ez da askorik baretu giroa, eta orkestrako kideek mantendu egin dute konbentzimendua. Neurri berriengatik, baina, «birdiseinatu» egin behar izan dute orduan aurreratu zuten programazioa: ordutegiak, egutegia eta baita egitarau sinfonikoa ere. Emanaldiak bikoiztuko dituzte, obrak aldatu, eta denboraldiro eman ohi dituzten 50 kontzertuen ordez, ehun eskainiko ditu aurten orkestrak; hala, «abonatu guztiekin konplitzeko», Oriol Roch zuzendari nagusiaren hitzetan. Aitortu du lan gaitasuna «muturrera eraman» dutela, eta jardunarekiko konbentzimendua berretsi: «Musikarien artean borondate osoa dago bizitzarako substantziala dela uste dugun hori defendatzeko; gure bizimoldeari eusteko borondatea dugu, zeina musika sinfonikoak ere osatzen duen».

Bi neurrik eragin dute, batez ere, orkestraren ekainera arteko denboraldia birformulatzea: batetik, musikarien artean ere tartea gorde beharrak —«errepertorioko zenbait obra corpus sinfoniko handikoak ziren; hori ohikoa da Euskadiko Orkestran», azaldu du Rochek —, eta, bestetik, aretoetako edukiera mugak: gehienez 400 lagun. Kopuru txikia da orkestrak bildu ohi duen publikoarekin alderatuz. Horregatik, zenbait kasutan, programa bakoitzeko bost kontzertu eman beharrean hamabi ematea erabaki dute.

Denera, bederatzi izango dira ekainera arteko programak. Hasieratik iragarritako zenbait ildo bere horretan mantendu ahal izan dituzte, eta eutsiko diote, esaterako, hiru emakumezko zuzendariren debutari —Ruth Reinhard, Gemma New eta Anja Bihlmaer—, Mikel Urkizaren Mis monstruos marinos obrari eta Vadim Gluzman biolin jotzailearen eta Nikolai Lugansky pianista bakarlariaren parte hartzeei.

Moldaketen eta berrikuntzen artean, berriz, «konposizio organikoagoko edo iraupen txikiagoko» beste batzuk hautatu dituzte bazter utzitako obren partez. Aldaketarik handiena Mahlerri eskainitako programan egin dute: haren 7. sinfonia, Gaueko abestia jo behar zuten, baina Brucknerren 5. eta. 6. sinfoniengatik ordezkatuko dute orain. Horrez gainera, Augustin Hadelich biolin jotzailea, Judith Jauregi pianista eta Semyon Bychkov zuzendaria batuko dira denboraldira.

Gehiago, baina motzagoak

Birmoldatze lanak bete-betean harrapatu duen kideetako bat izan da Ruth Reinhard alemaniarra. Orkestraren Miramongo egoitzan da egunotan, musikariekin lanean, Donostian. Aldaketa girora moldatzeko «eskuzabaltasuna» eskertu dio Rochek: «'Kontatu nirekin; caché-a berbera da', esan zidan». Sibeliusen, Dvoraken, Urkizaren, Brahmsen eta Smetanaren obra bana hartuko dituen Bizirik programa gidatuko du, eta horien konbinazio ezberdinak zuzenduko ditu emanaldi bakoitzean. Lehen biak ostiralean izango dira, Donostian, eta Bilbora, Gasteizera eta Iruñera egingo dute handik.

Urkiza ere ari da Reinhardekin lanean azken asteetan, Elkanoren mundu biran oinarritutako Mis monstruos marinos-ekin. Garapen teknologikoen ondorioz «mapen irudimenezko lurraldea» desagertuz joan zela-eta, galdutako izaki eta fantasien munduan oinarrituta sortu du pieza, hiru mugimendutan deklinatuta.

Robert Treviño Euskadiko Orkestraren zuzendari titularra Rochen ildotik mintzatu da, eta musika erakundeak gizarteari egiten dion ekarpena nabarmendu du: «Osasun espiritualaz eta komunitate zentzuaren osasunaz arduratzea ere badagokigu; muturreraino eraman dugu orkestra garai honi erantzuteko eta esperientzia partekatua bultzatzeko». Gogoan izan ditu, halaber, abonatuez gain, gizartearen ahalik eta eremu zabalenera iritsi asmoz hartu dituzten beste erabaki batzuk: orkestraren kontzertuak EITBren bidez zabaltzea, kasurako.

Hurrengo denboraldiari begira, Rochek aurreratu du «berreskurapenerako denboraldi bat» pentsatzen ari direla. Izan ere, galera aipagarriak izan ditu orkestrak azken hilabeteetan: abonatuen %20 galdu ditu, eta aurreikusitakoa baino 150.000 euro gutxiago bildu. Eragina izan dute bertan behera geratutako zenbait lankidetzak ere: ABAOrekin lotutako bi operak, besteak beste.

Hala ere, Rochek azaldu du abonatuen beherakada, batez ere, unean uneko arau aldaketek eragin dutela: «Ez da gure proiektu artistikoarekiko nahigabeagatik izan». Nabarmendu du inoiz egin gabeko lana egin dutela haiekin etengabe harremanetan izateko, eta hala egingo dutela datozen hiletan ere —programa bakoitza hasi baino egun gutxi lehenago komunikatuko dira zuzenean eurekin—. Sarrera solteak ere emanaldien bezperetan jarriko dituzte salgai, unean uneko murrizketen menpe izango baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.