Suntsiketaz eta egunerokoaz

Sigfrido Koch Bengoetxearen 150 argazki bildu dituzte 'Kearen eta lanbroaren artean' erakusketan, Donostiako San Telmo museoan. Orain arte erakutsi gabeko 36ko gerrako dozenaka irudi daude

1936ko gerran bonbardatutako hainbat euskal udalerritako argazkiak hartu zituen Koch Bengoetxeak; lehen aldiz daude ikusgai orain, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2021eko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Hegazkin beltzak zeruan. Bonbek jotako eraikinen hezurdurak Elgetan, Durangon. Sutan, ke artean, Zornotza. Lurrarekin berdinduta ia, Gernika. Bizkaian mendebaldera egin, eta bala zuloak Derioko hilerriko horman. Hilik, lau fusilatu lurrean. Gorpu gehiago Artxandarako bide bazterrean. 1936ko gerrako izugarrikeria horien eta beste askoren aurrean jarri zuen bere objektiboa Sigfrido Koch Bengoetxea argazkilariak (Donostia, 1908-1973), suntsiketa iruditan jasotzeko. Bilduma hori hamarkada luzez gorde dute haren senideek, eta, orain, lehen aldiz ikusi ahal izango dira argazki horietako asko, Donostiako San Telmo museoan. Argazkilariaren 150 irudi inguru bildu dituzte Kearen eta lanbroaren artean izenburua duen erakusketan; gaurtik maiatzaren 23ra bitartean izango dira denak ikusgai.

XX. mende hasieran Donostiara bizitzera heldu zen Willy Koch Schoneweiss argazkilari alemaniarraren lau seme-alabetan bigarrena izan zen Koch Bengoetxea. 2019ko maiatzean, familiak haren obra osoa dohaintzan eman zion museoari, haren seme eta argazkilari Sigfrido Koch Arrutirenarekin batera. Kristalezko 147 plaka; plastikozko 656 plaka; 35 milimetroko 36 negatibo; País Vasco. Guipúzcoa liburuaren jatorrizko maketa, 138 positibatu barne; eta Gerraren albuma biltzen ditu Koch Bengoetxearen artxiboak. Album hori, 1936ko gerrako 231 argazki txikiz eta hainbat ilustrazioz osatua, «ustekabe garrantzitsua» izan zen museoarentzat, inoiz argitaratu gabeko irudiak biltzen baititu. Hala, Gerraren albuma du oinarri erakusketaren lehen zatiak. Bigarren zatiak, berriz, País Vasco. Guipúzcoa liburua du ardatz, zeinetan argazkilariak herrialdeko jendeen eta paisaien erretratuak bildu zituen.

Elkarrekiko oso ezberdinak diren bi irudi multzo izanik, argazkiak eta bestelako materialak bi aretotan banatzea erabaki zuten Juantxo Egañak eta Lee Fontanellak, erakusketaren komisarioek. «Kontraesanean dauden bi mundu irudikatu ditzakete bi zatiek, eta, halere, pertsona beraren obra dira», Fontanellaren hitzetan.

Iluntasuna da aretora sartzean lehen kolpean bisitariak sumatuko duena. Argi apalak, horma grisak, eta zuri-beltzeko argazkiak dira nagusi. Eta iluna da haietan ikus daitekeena ere. Robert Caparena da sarrerako hormakoa: Bilbo bonbardatzen ari direla, zerura begira ageri dira ama-alabak, eskutik helduta. Irudi hori bera du oinarri Oskar Kokoxkaren aldameneko kartelak, Pomozte baskicky'm detem! (Lagundu euskal haurrak!) leloa duenak.

Atarikoaren ondotik, Gerraren albuma da erabateko protagonista; liburuko 90 bat argazkik hartzen dituzte hormak. Egañaren ustez, «adierazgarrienak» lirateke Italiako Abiazio Legionarioen eta Alemaniako Kondor Legioaren bonbek Zornotza, Durango, Galdakao nahiz Gernikan utzitako ondorioak erakusten dituztenak. «Argazkietakoak, bonbek txikituta, hiri grisak bihurtzen dira, hiri mamuak. Oraindik zutik dauden murru eta eraikinek sentsazio ikaragarria eta iluna eragiten dute». Bilboko Burdin Hesiaren irudiak ere badira.

Aurrera egin ahala, argazkietan gorpuak ere hasten dira agertzen; fusilatuenak, frontean hildakoenak... Bizkaikoak ez ezik, Ebroko fronteko irudiak nahiz Madrilgo Unibertsitate Hiri suntsitukoak ere badira. Azken horien parean, kolpistek konfiskatutako gerra materialekin Donostiako Kursaalean 1938an eginiko erakusketarenak daude. Eta aurrerago, are irudi gordinagoak: soldadu zaurituak, hilak, erreak, tortura aztarnak dituztenak... Baita Karmelo Balda doktoreak eginiko aurpegi-ebakuntza batzuenak ere.

Argazkilariak ez zituen inoiz argazkiok argitara atera. Egaña: «Ez dakigu zein zen bere intentzioa gerrako irudien album hau egitean. Koch ez zen fotokazetari bat, tropen atzetik joaten zen gerrak utzitako suntsiketari eta miseriari argazkiak ateratzen». Dena den, komisarioaren ustez, lekukotasun izugarri baliotsua dira.

Horien guztien osagarri, eta argazkiak zein testuingurua hobeto ulertze aldera, askotariko materialak jarri dituzte aretoan zehar: argitalpenak, beste argazkilari batzuen lanak, eta beste.

Paisaiak eta bisaiak

Ibilbidearen amaiera aldera, «arnasa pixka bat hartzeko» eta gerrako irudi gogorrekin kontrastean, bestelako argazkiak ageri dira areto txikiago batean. Desberdina da argia han, aurreko gelako ilunperik ez da. Eta irudiek ere beste argitasun bat dute.

Gerra amaitu eta bederatzi urtera argitaratu zuen Koch Bengoetxeak País Vasco: Guipúzcoa, 1948an, eta oso bestelakoak dira bertan jasotako irudiak, orain hormetan ere ikusgai jarri dituztenak. Liburuko 143 argazkietatik 65 hautatu dituzte, batzuk jatorrizko maketakoak —maketa bera ere bitrina batean jarri dute—.

Gipuzkoako hainbat herritako txokoak —Zaldibia, Hernani, Azkoitia, Lizartza, Getaria...— eta inguruetako paisaiak ageri dira argazkietan. Beste batzuetan, garaiko jendea eta haien lanbideak eta ohiturak dira protagonista: saregileak, arrantzaleak, baserritarrak segan edo iratzea biltzen, pilotariak, dantzariak, sagardotegi bat... ageri dira erretratatuetan.

Museoak, bestalde, erakusketaren katalogoa ere argitaratu du, eta, argazkiez gain, hainbat testu bildu dituzte liburuan. Tartean, komisarioenak: Argazkigintzaren botere askatzailea du izenburu Fontanellarenak, eta Gatazka belikoak prentsa ilustratuan, berriz, Juantxo Egañarenak. Bestalde, Nevadako Unibertsitateko (AEB) Euskal Ikasketen Zentroko zuzendari Xabier Irujok gerrako bonbardaketak ditu hizpide Gernika. Bonbardaketa perfektua artikuluan. Aranzadi elkarteko historialari Lourdes Herrastik, berriz, Gerraren albuma-ren irudiei buruzko hainbat gako aletu ditu. Album beretik abiatuta, Eduardo Lagarde irudigileaz idatzi du Mikel Lertxundi Galiana arte historialariak. Azkenik, Koch Bengoetxearen lanaz interpretazio «poetikoagoa» egin du Karmele Jaio idazleak Hasperen baten baitan izeneko testuan. Museoan eskuragarri dago katalogoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.