Burua altxatzeko beharrean

Athleticek eta Alavesek derbia jokatuko dute gaur, San Mamesen; bizkaitarrek Kopako kolpetik osatu nahi dute, eta arabarrek, zulotik irten. Eibarrek Levante hartuko du

Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Denboraldiko garairik erabakigarrienean sartzear da Espainiako Liga, eta Alavesek eta Athleticek kolpe latzak jaso berri dituzte. Helburua betetzeko asmoz, azken txanpara indarrez eta konfiantzaz gainezka iristea komeni da. Gaur-gaurkoz, ez daude horrela ez arabarrak ezta bizkaitarrak ere. Sendotasuna berreskuratu, eta burua altxatzeko premia dute biek. Gaur, derbia jokatuko dute San Mamesen (16:15, Movistar La Liga). Irabazleak hiru puntu baino zerbait gehiago bilduko du: sentipen onak; galtzaileak, ordea, lanean jarraitu beharko du.

Bolada bat badarama Alavesek noraezean, zer egin behar duen ez dakiela. Arabarrak azken postuan dira sailkapenean, eta aste honetan bertan Abelardo Fernandezek kargua utzi du, eta Javier Callejak hartu du haren tokia. Entrenatzaile aldaketa ez da seinale ona izaten, eta Alavesek dagoeneko denboraldiko hirugarren teknikaria du Calleja —Pablo Machinek ekin zion sasoiari—. Prestatzaile espainiarra taldeak duen egoeraren jakitun dago. «Talde lehiakor, irabazle eta ausart bat nahi dut. Hiru puntuen bila joan behar dugu, akatsen beldur izan gabe. Baikorrak izan behar dugu», esan zuen atzo.

Azken asteetan giroa nahasia izan da Gasteiz aldean, Abelardok Lucas Perezekin izandako eztabaida tarteko. Baina Callejak bazterrean utzi nahi izan ditu kontu horiek: «Oso giro baikorra topatu dut». Ikusteko dago zein hamaikakoren alde egiten duen. Hiru jokalari faltako ditu: Ruben Duarte zigortuta dago, bost txartel hori jaso ondoren; Rodrigo Ely eta Facundo Pellistri, berriz, min hartuta daude. Lucas Perez deialdian dago aspaldiko partez, eta, hortik aurrera, zelai erdian ditu zalantza gehien. Rodrigo Battaglia, Tomas Pina, Pere Pons eta Manu Garciaren artean, bi postu daude jokoan.

Athletic, berriz, Espainiako Kopako finalean duela astebete jasotako kolpetik dator, eta datorren asteburuan du bigarren finala, Bartzelonaren aurka. Baina gaur, ligako lanei heldu behar die. Sailkapenean ez gora ez behera dagotalde zuri-gorria, eta hiru puntuak lortzeko beharrean da Europako postuetatik are gehiago ez aldentzeko, eta datorren larunbateko finalari begira sentsazio onekin iristeko.

Ziurra da gaurko neurketari begira Marcelino Garcia Toralek aldaketak egingo dituela. Batetik, hainbat jokalari min hartuta ditu: Yuri Berchiche eta Yeray Alvarez, besteak beste. Bestetik, litekeena da Iñaki Williamsi eta Iker Muniaini atseden ematea, eta Ibai Gomezek, Oihan Sancetek edo Jon Morcillok jokatzeko aukera izatea.

Marcelinok atzo esan zuenez, taldea «gero eta hobeto» dago. «Oso kolpe gogorra jaso genuen finala galduta, baina saiatzen ari gara horri aurre egiten».

Eibarrek, lehia garrantzitsua

Eibarrek ere gaur jokatuko du, Ipuruan, Levanteren aurka (18:30, Movistar La Liga). Jose Luis Mendilibarren taldeak hiru jardunaldi daramatza jaitsiera postuetan. Hiru partida horietan ez du irabazi; puntu bat besterik ez du poltsikoratu, baina hamazazpigarren postu preziatua eskura du oraindik, garaipen bakarrera. Gero eta jardunaldi gutxiago geratzen dira, eta hortik lehenbailehen ateratzea komeni da. Gaur, zulotik irteteko beste aukera bat izango du. Izan ere, dirudiena baino gertuago dago helburua.

Mendilibarrek badaki zein den egoera: «Hor gaude, baina ezin dugu jarraitu besteek egiten dutenari begira. Irabazi behar dugu», esan zuen herenegun. Halere, jaitsieratik irtetea baino garrantzi handiagoa eman zion bolada txarra eteteari: «Garaipen batek asko laguntzen du. Konfiantza ematen dio taldeari. Nahiz eta aurkari zuzenenek irabazi, beste modu batera hartzen dituzu gauzak».

Levante izango dute aurrean eibartarrek. Sailkapenaren erdialdean da, arazo gutxirekin, oraingoz, baina Huescarenjaitsiera postuetan dago aurka galdu berri du etxean: 0-2.

Jokalari batzuk min hartuta dituela egingo dio aurre Eibarrek gaurko neurketari. Edu Exposito eta Pedro Bigas jokalari garrantzitsuei taldeko jokalaririk biziena batu zaie: Bryan Gil. Eskuin hankan giharretako arazoekin dabil hegaleko gaztea. Hiru jokalari horiez gain, Mendilibarrek ez ditu eskuragarri izango Yoshinori Muto, Jose Luis Garcia Recio eta Rober Correa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.