Frantziako Tourra

Lehengo lepotik burua

Pogacarrek beste erakustaldi bat egin du erlojuaren kontra, saioa irabazi eta aurkari denei alde handia aterata. Van der Poelek doi-doi eutsi dio lidergoari

Lehengo lepotik burua.
enaut agirrebengoa
2021eko uztailaren 1a
00:00
Entzun
«Helburua denborarik ez galtzea zen»: hala adierazi zuen Tadej Pogacarrek (UAE) Tourreko bosgarren etaparen ostean, barrez. Txantxa dirudi, erakustaldi basatia egin baitzuen 27 kilometroko erlojupekoan, eta alde handia atera zien aurkari guztiei. Iaz hankaz gora jarri zuen lasterketa erlojuaren aurka, eta oraingoan, kolpe handia emateko baliatu du bakarkako lana. Ibilbide aldetik, atzokoak ez zuen La Planche des Belles Filleseko saioaren antzik, laua zelako, aparteko zailtasunik gabea. Haatik, emaitza berbera izan zen, denborarik onena ezarri baitzuen Pogacarrek, batez beste orduko 51 kilometroko abiaduran. Lehengo lepotik izan zuen burua, eta gauza bakarra falta izan zitzaion: lasterketako burura iristea. Zortzi segundorengatik ez zion kendu lidergo Mathieu van der Poeli (Alpecin). Herbeheretarrak zain eta muin defendatu zuen maillot horia.

Tourra hasi besterik ez da egin, baina Pogacarrek gauzak oso alde ditu jada. Apenas eragin zioten lehen egunetako erorikoek, Primoz Roglici (Jumbo Visma) eta Geraint Thomasi (Ineos) ez bezala. Eta atzo, aise nagusitu zitzaien biei ala biei: 44 segundo atera zizkion herrikideari, eta 1.18 galestarrari. Hainbestean jardun zuten, zauriz eta kolpez josita egonagatik. Ordea, Pogacarren denbora beste mundu batekoa izan zen. Minututik gorako galera izan zuten Roglicek ez gainontzeko faboritoek: 1.08era geratu zen Rigoberto Uran (Education First), 1.11ra Julian Alaphilippe (Deceuninck), 1.44ra Richard Carapaz (Ineos), 1.49ra Enric Mas (Movistar) eta Wilco Kelderman (Bora), 2.14ra David Gaudu (Groupama)...

Espezialistek ere amore eman behar izan zuten esloveniarraren ahalmenaren aurrean. Mikkel Bjerg (UAE) izan zen erreferentzia on bat ezartzen lehena, kronometroa 33.01ean geldituta. Euria hasi zuen geroago, eta horrek asko zaildu zuen danimarkarraren marka ondu ahal izatea. Bihurgune asko zutik hartu behar izan zituzten txirrindulariek: azken metroetan zeudenak, esate baterako. Tarte baten ondoren, ordea, atertu egin zuen, eta Mattia Cattaneok (Deceuninck) zapuztu egin zuen Bjergen ametsa, ibilbidea sei segundo azkarrago osatuta. Handik gutxira, italiarrari 36 segundo atera zizkion Stefan Kuengek (Groupama). Hura zen proba irabazteko hautagai nagusietako bat, eta ez zuen hutsik egin.

Oso zaila zirudien inork Kuengen denbora hobetu ahal izatea. Gertu izan ziren Jonas Vingegaard (Jumbo Visma) eta Kasper Asgreen (Deceuninck), baina zortzi eta hemezortzi segundora gelditu ziren, hurrenez hurren. Burrunba ozena entzun zen bat-batean. Pogacar zen. Tximista bezala zihoan. Erlojupekoaren ostean aitortu zuenez, hasierako aldapetan ez zuen asko estutu nahi izan, gerora esfortzuan itota ez gelditzeko. Halere, denborarik onena ezarri zuen lehen mugarrian; baita bigarrenean ere, eta, nola ez, helmugan ere bai. Wout van Aertek (Jumbo Visma) kolokan jar zezakeen haren garaipena, baina urrun gelditu zen azkenean, 30 segundora. Laugarren bukatu zuen azkenean; aurretik izan zituen Pogacar bera, Kueng eta Vingegaard. Atzetik, berriz, Van der Poel izan zuen, segundo bakarrera. Liderrak erlojuaren kontra aritzeko ere badu gaia, atzo erakutsi zuenez.

Euskal herritarrak, berriz, apal aritu ziren. Omar Fraile (Astana) izan zen onena: 24. bukatu zuen, 1.44ra. Pello Bilbaok (Bahrain) eta Ion Izagirrek (Astana) ondo ibiltzeko aukerak izan zitzaketen, baina 41. eta 65. izan ziren, 2.08 eta 3.07ra, hurrenez hurren.

Erasora jo beharrean dira

Pogacarrek abantaila handia lortu du sailkapen nagusian: besteak beste, 1.36ra du Carapaz, 1.40ra Roglic, eta 1.46ra Geraint Thomas. Hori horrela, Jumbo Visma eta Ineos taldeei bide bakarra gelditzen zaie UAEko ziklista azpiratzeko: lasterketa hankaz gora jartzea, Euskal Herriko Itzulian gertatu zen bezala. Alegia, Pogacarrek atzo eman zien astinduak xaxatu egin beharko lituzke. Ibilbidea eta indarra badute egoera iraultzeko, edo gutxienez esloveniar gaztea estu hartzeko.

Etzitik aurrera ekin ahalko diote erasoari, mendiko etapetan. Gaur, berriz, esprinterrek beste aukera bat izango dute tropeleko azkarrena nor den erakusteko, Tours eta Chateauroux artean jokatuko den 160 kilometroko etapan. Laugarren mailako koska bat izango da eguneko mendate puntuagarri bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.