Frantziako Tourra

Grabitateari desafio eginda

Mont Ventouxen bere legea ezarri, eta Tourreko 11. etapa irabazi du Van Aertek. Vingegaardek estu hartu du Pogacar, baina liderrak ez du denborarik galdu. Bilbao hamargarren jarri da nagusian

Grabitateari desafio eginda.
enaut agirrebengoa
2021eko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Sailkaezina da Wout van Aert (Jumbo). Ezin zaio etiketarik jarri, edozein tokitan moldatzen baita ongi: ziklo-krosean, klasikoetan, erlojupekoetan, esprintetan... Atzo, berriz, igotzaile bihurtu zen, Mont Ventoux haizea baino arinago igo, eta Tourreko etaparik menditsuenetako bat irabazteko. Erakustaldi harrigarria egin zuen maldan gora, bezperako esprintean bigarren izan eta gero. Txirrindulari astuna da flandriarra (78 kilo pisatzen du), baina sekulakoa du indarra, eta grabitateari desafio eginda nagusitu zen eguneko ihesaldian.

Hautagaien artean, berriz, haize berriak agertu ziren Mont Ventouxen. Txirrindulariek birritan igo zuten Proventzako kolosoa, eta bigarren igoeran, hezur-haragizkoa dela erakutsi zuen Tadej Pogacarrek (UAE). Izan ere, erre egin zen Jonas Vingegaardek (Jumbo Visma) piztutako sua itzali nahian. Liderraren lehen ahulezia zantzua izan zen, eta aurkariek erasokorrago jarduteko behar zuten akuilua. Ineosek ia egun osoa egin zuen tropelaren buruan, baina Richard Carapazek ez zion jarraipenik eman taldearen lanari. Vingegaard izan zen ahalguztidun itxura zuen Pogacarri erasotzeko adorea izan zuen bakarra. Eta ez zen damutuko, jaitsieran harrapatu bazuten ere.

Ahalegin ugari izan zen tropeletik ihes egiteko, eta hamasei txirrindulariko multzoa osatu zen lasterketa buruan. Erdibitu egin zen Mont Ventouxera alde leunenetik eginiko lehen igoeran; besteak beste, aurrean sartu ziren Van Aert, Bauke Mollema eta Kenny Elissonde(Trek), eta Julian Alaphilippe (Deceuninck). Hurrena igoera klasikoa egin behar zuten mendate ikonikora, eta azpi-azpitik abiatu zen Van Aert. Onenekiko bost minuturen aldea zuen; bada, minutu erdia besterik ez zuen galdua Chalet Reynarden, ilargi-itxurako gailurrera iristeko sei kilometroren faltan.

Aldeak behera egin zuen oilarrak mokoka hasi ostean, baina ez flandriarraren garaipena kolokan jartzeko adina. Gozatu egin zuen jaitsieran. Vingegaardek 40 segundo atera zizkion goian Pogacarri, eta apur bat gehiago Carapaz eta Rigoberto Urani (Education). Laurak batera iritsi ziren. Pello Bilbao (Bahrain) 11. izan zen, eta postu bat igo zuen nagusian: 10. dago orain, 10.28ra. Bestalde, eskas aritu zen Ben O´Connor (Ag2r), eta podiumetik atera.

Gaur 159 kilometroko etapa laua jokatuko da. Tour honetan laugarrenez irabazi nahi du Mark Cavendishek (Deceuninck), hala Eddy Merckxen 34 garaipeneko marka berdintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.