Ibilbide bat erakusgai

Milton Glaser artistaren hogeitik gora kartel daude Bilboko Arte Ederren Museoan. Haren lanaren berrogei urte pasatxo islatzen dira: 1967tik 2011ra

Ekainaren 26ra arte, Bilboko Arte Ederren Museoan egongo dira Milton Glaser artistaren zenbait kartel. Irudian, obretariko batzuk. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2022ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Milton Glaser. Agian hainbati ez zaio ezaguna egingo artista horren izena, baina haren lanak sarritan egon izan dira ikusgai diseinuarekin eta marketinarekin lotutako zenbait eremutan. Horren adierazgarri da, esaterako, I [love] New York logotipo ezaguna. Glaserrek etxera bidean taxian egindako zirriborro bat da irudia, «New York hiriari egindako opari bat». Gerora, mundu osora hedatu da diseinua, baina artistak sekula ez zuen bere lanen artean erregistratu. Horixe da, besteak beste, Milton Glaser. Kartelak erakusketa monografikoaren asmoa: artistaren lanaren berrogei urte pasatxoko hogeitik gora kartel bildu dituzte. Ekainaren 26ra arte egongo da zabalik, Bilboko Arte Ederren Museoaren 32. aretoan.

1960ko hamarkadaren amaierakoak dira aretoko kartelik zaharrenak, eta 2011koa, berriz, berriena. «Artista totala izan zen», nabarmendu du Mikel Bilbao Salsidua EHUko irakasle eta erakusketako komisarioak. Harekin batera, Javier Novo ere aritu da komisario.

Bildumagile batek 2013., 2020. eta 2021. urteetan dohaintzan emandako 48 lanen artetik aukeratu dituzte erakusketako kartelak, eta diseinatzaileak bere ibilbidean landutako eremu zabala erakusten dute. Tartean dira helburu komertziala duten kartelak, baita gertaera jakinen oroitzapenezkoak eta giza eskubideen eta ingurumenaren aldeko aktibismoaren ingurukoak ere.

Bob Dylan musikariaren Bob Dylan's Greatest Hits kantu bildumaren barruan zetorren kartela da erakusketako zaharrena, 1967koa. Marcel Duchampen Profilezko autorretratua lana hartu zuen hura sortzeko inspirazio iturri moduan. «Baina Glaserrek aire psikodelikoko uhin erritmo koloretsuak erantsi zizkion, garai hartako giroa erakusteko asmoz», kontatu du Bilbaok. Urte hartakoak dira Edward Power Biggs organo jotzailearen The Biggs Bach Book albumaren promozio kartela eta Poppy Records diskoetxearena ere.

Erakusketako alerik berrienari dagokionez, berriz, 2011ko New Yorkeko Ikusizko Arteen Eskolako promozio kartela da: Heart. Hiru afixaz osatutako sail baten parte da azken hori, eta hiruretan art hitzarekin jolas egiten du artistak. Kasu honetan, bihotzak agintzen duena egiteko ideia azpimarratzen du Glaserrek, kartelaren behealdean dagoen aipuak dioen bezala: There is no better purpose in life than to start the work you love (Bizitzan ez dago maite duzun lanari ekitea baino helburu hoberik).

Kartel horren alboan dago urte batzuk lehenago, 2005ean, eskola berarentzat egin zuen kartela ere: Artearen sekretua. Paper zimurtu baten forma duen irudi bat da nagusi bertan, eta, Bilbaoren hitzetan, saiatzeari egiten dio erreferentzia: «Artista guztiak emaitzarekin gustura geratu arte behin eta berriro saiatzen ari direla erakusten du».

Erakusketako hautaketak agerian jartzen du artistaren moldakortasuna, eta, Bilbaoren esanetan, horrek egiten du handi Glaserren jarduna: «Diseinatzaile grafiko handienetarikoa izan zen, eta, zalantzarik gabe, eremu askotan egin zituen ekarpenak». Bere ibilbidean, logotipoak, tipografiak, publizitate kanpainak eta disko, liburu eta aldizkarietako azalak dira nagusi, besteak beste.

Kasurako, 1979an, Sony kaseteak sustatzeko publizitate kartela egin zuen. Beethovenen 5. Sinfonia-ren partitura azaltzen da bertan, eta musika pasarteak koloredun paisaia zatiekin nahastuta agertzen dira. Proposamenaren bitartez, produktuaren soinu kalitatea nabarmentzen ahalegindu zen.

Vincent Van Goghen heriotzaren mendeurreneko afixan, berriz, nahastu egiten dira margolariaren erreferentziak. Esate baterako, pintoreak bere buruari eginiko erretratuetan agertzen den pipa Rene Magritte artistaren Hau ez da pipa bat lanarekin uztartzen du.

Orotara, 25 bat dira erakusketan dauden kartelak, baina, Bilbaok jakinarazi duenez, «500 afixatik gora» egin zituen artistak: «Esanahi handiko erakusketa bada ere, kopuruz, egindako lanaren zati txiki bat baino ez da erakusten, lagin txiki bat».

Arrastoei jarraika

2015ean museoan bertan egindako Hormako mezuak. Bilboko Arte Ederren Museoaren bildumako kartelak (1886-1975) erakusketaren arrastoari jarraitzen dio bildumak. Orduan ere Bilbao aritu zen komisario, eta azpimarratu du publikoarentzat «guztiz ezezaguna» zela mundu hori. Museoaren kartel bildumako berrehun lan baino gehiago egon ziren ikusgai, eta, batez ere, afixa ilustratu artistikoak ziren erakusketaren muina: irudia eta testua uztartzen ziren haietan. Gainera, erakusketa hartan erakutsi zen lehenengoz Bob Dylanen kantu bilduma hartako kartela.

Guztira, 18.000 pieza baino gehiago ditu Bilboko Arte Ederren Museoak bere bilduman. Horietatik 1.347 dira kartelak, eta Miguel Zugaza zuzendariaren arabera, dohaintzei esker iritsi dira, batez ere, kopuru horretara. Adolfo Guiard euskal margolariarena da bildumako kartelik zaharrena, 1886koa, hain zuzen ere: Toros en Bilbao.

Glaserren estiloa, baina, bestelakoa zen. New Yorkeko Cooper Union for the Advancement of Science and Art Unibertsitatean ikasketak egin ondoren, Giorgio Morandi margolariaren ikasle bihurtu zen beka bati esker, eta haren eragina nabaria da artistaren karteletan. Bere ibilbidean hainbat sari irabazitakoa da; azkena, 2009an: AEBetako arteen domina nazionala eman zioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.