'Balentziagatasuna' zer den

Balentziaga museoak 'Balentziaga izaera' erakusketa ireki du, diseinatzailea hil zela 50 urte betetzear direla. Haren estiloa bereizten duten 90 pieza ditu, gehienak orain arte erakutsi gabeak

Dandar luzeko soineko bat, eta artilezko jantziak atzealdean. GOTZON ARANBURU / FOKU.
Andoni Imaz.
Getaria
2022ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
«Zer da Balentziaga bat?». Galdera horrek bistako erantzuna izan lezake, Miren Vives Balentziaga museoko zuzendariaren esanetan: haren etiketa duen jantzi bat. Cristobal Balentziagak (Getaria, Gipuzkoa, 1895 - Xabia, Herrialde Katalanak, 1972) diseinatutako arropek, ordea, sinadura bat baino gehiago izan zuten soinean, eta kopiak ere egin zituzten, legezkoak zein faltsuak. Hortaz, josturen artera jo behar da definizio osoago baten bila: «Filosofia bat da: sinpletasuna; helburu bat: erosotasuna; ideal bat: dotorezia eta harmonia». Haren jostorratzak asmo horiei segika egindako bidea aztertzeko asmoz, Balentziaga izaera erakusketa ipini dute museoan, diseinatzailearen heriotzaren 50. urteurrenean. Datorren urteko martxora arte egongo da zabalik.

Atzo aurkeztu zuten, eta Balentziaga fundazioaren patronatuko kideak izan ziren Getarian: Denis Itxaso Espainiako Gobernuko ordezkaria, Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea eta Mari Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria.

Balentziaga izaera erakusketak museoko bost areto hartzen ditu, eta 90 piezak osatzen dute. Denak museoaren funtsekoak dira, eta hiru laurdenak orain arte erakutsi gabeak. Vivesek azaldu du erakusketa bakoitzarekin diseinatzaileari buruzko ikuspegi berri bat erakutsi nahi dutela, eta urteurrenaren okasioa baliatu dutela bere obra definitzen duen horri buruz gogoeta egiteko: «Balentziagatasuna zer den erakusteko».

Zuzendariaren ustez, Balentziagaren izaera ez ezik, museoaren bildumaren izaera bera ere adierazten du erakusketak. Izan ere, soineko ikusgarriez gain, erakusgai jarri dituzte amaitu gabeko lanak, patroi originalak, barruko jantziak, eguneko kokteletakoak... Ikerketa eta berritze lanak egin dituzte, eta ikusleak gonbidatu nahi dituzte azterketa horretara, erakusteko bilduma nola eratzen den. «Pieza asko erakutsi ditugu beren dibulgazio balioagatik, ez itxuragatik. Ez dute zertan ederrak izan, denek ematen diote balio handia Balentziagaren historiari», azaldu du Igor Uria komisarioak; museoaren bildumen zuzendaria da.

Gaueko soineko gorri bat ageri da parez pare bidean abiatu orduko, diseinatzailearen estiloaren esentzia jasotzen duena nolabait, Uriaren hitzetan. «Azken finean, Balentziaga mugarri bat da modaren historian, eta soineko hau ere bai. Esaten zuten fintasun frantsesaren eta grina espainiarraren bat egitea adierazten zuela».

Eragina eta desira

Balentziagaren lanak aroz aro aztertu dituzte, eta, hasieran, bere karreran izan zituen enpresen irudiak erakutsi dituzte, etiketen bidez. Batetik, erakutsi dute etiketa ez dagoela beti espero den tokian; garondoan, alegia. Balentziaga batean, egon liteke aldakan, azpiko gonan, lepoan... Bestetik, kopiak eta faltsutzeak ere jarri dituzte. «Hain zen handia haren sorkuntzaren eragina, hain bizia kalean jantzita eramateko desira, legez kanpoko kopiak ere ohikoak baitziren, eta, are, etiketak berak ere faltsutzen ziren».

Diseinatzailearen lanik ezagunenak 1937tik aurrerakoak dira, Parisen bizi zen garaikoak, baina horren aurreko aroa ere nabarmendu du Uriak: «Mundu guztia ahaztu da 1924 eta 1937 bitarteko Balentziagarekin; ez zituen bere tailerrak itxi, ezta gerra garaian ere, eta bere piezak saltzen zituzten inguruan eta nazioartean».

Bigarren aretoan, 1940ko hamarkadako gaueko siluetak erakutsi dituzte; hirugarrenean, 1950eko eta 1960ko urteetako beroki laxoak; laugarrenean, joskintzaren teknika, tunikena batez ere, «iraultza bat» izan baitziren bere garaian; eta azken aretoan, bolumen dotoreak eta askotariko ehunak.

Dotore eta eroso

«Balentziagak silueta perfektuak nahi zituen bezeroentzat, baina gizakiak inperfektuak dira. Jostunek esaten zuten kirurgia egiten zutela», kontatu du Uriak barre txikiarekin. Anatomistatzat hartu du diseinatzailea, argi zuelako bere obraren oinarrian giza gorputza zegoela, eta hura hobetzeko asmoz aritzen zela lanean. Bi helbururen arteko orekarekin: dotorezia eta erosotasuna.

Bezeroak dotore sentiarazi nahi zituen, hori zelako ezagutarazteko biderik argiena. Hala ere, ez zuen zertan erakuskeriatan aritu, Uriaren hitzetan. «Goi mailako joskintzan, beti pentsatzen dugu gaueko jantzietan eta ekitaldi inportanteetan, baina joskintza hori oinarrizkoa da eguneroko jaka batean ere».

Haren estiloaren bereizgarrietako batzuk dira soinekoa estutzen duten marrak, zeinak ez dauden beti gerrian, horiekin jolasten zelako gorputzeko zati batzuk nabarmentzeko eta itxura argalagoa lortzeko. Airea bilatzen zuen, ez estutzea, mugimenduak erosoak izan zitezen. «Mugimendua bi puntutan dago: sorbaldan eta belaunean; hori zainduta edertzen da silueta».

Manikien soinean geldi ikusten badira ere, jantziak mugimendu harmonikoak izateko diseinatzen zituen Balentziagak, komisarioak azaldu duenez. Eta aztertzen zuen zer-nolako jauskera izango zuten jantziek. Mahukaren atzean toles txiki bat egitea eta behealdean beruna jartzea nahikoa zen «jauskera perfektua» lortzeko. Parean jarri arte ikusten ez diren elementu horiek sortu dituzte diseinatzaileak desio zituen irudiak. «Pentsatuko duzue: nik horrelako jantzi asko ikusi ditut. Bada, antzekoak, seguru. Baina hauek bezalakorik ez. Hau da Balentziaga izaera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.