Sei erlama elkar ziztaka

Bihar estreinatuko da 'Erlauntza', Kepa Errastik idatzi eta Mireia Gabilondok zuzendu duen obra. Bost egunetarako sarrerak agortu dira Donostian

Naiara Arnedok, Leire Ruizek, Aitziber Garmendiak, Itziar Atienzak, Getari Etxegaraik eta Sara Cozarrek parte hartu dute Erlauntza-n. GORKA RUBIO / FOKU.
Maider Galardi
Donostia
2018ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Asteburu bat landetxe batean. Sei lagun. Ezkontza bat. Alkohol asko, eta droga, nahi adina. Hori da Erlauntza antzerki obrak duen abiapuntua. Gaztetako kuadrillako sei emakume bilduko dira haietako baten ezkontza aurreko agurra ospatzeko. Aspaldi ikusi gabeak batzuk, harremana mantendu dutenak besteak, asteburua baliatuko dute elkarri kontatuak eta kontatu gabeak esateko. Sei erle, zein baino zein erreginago, erlauntza bakarrean. Ospakizunez betetako festa segituan bihurtuko da elkarri zizt egiteko gunea. «Umore garratza» izango da nagusi Kepa Errastik idatzitako eta Mireia Gabilondok zuzendutako Erlauntza obran. Bihar estreinatuko dute, Donostiako Viktoria Eugeniako Klub aretoan.

Donostia 2016 egitasmoaren Antz3rkiz programaren bidez hasi zen Errasti gidoia osatzen. Hainbat gidoilari bildu, eta hiru topaketa egin ostean aurkeztu zuen Erlauntza. «Harriduraz» jaso zuen antzerkia ekoitziko zelako albistea: «Zortzi obra aurkeztu ziren, eta batzuk aukeratu zituzten. Sari moduko bat da». Izan ere, ekoizle dira Donostiako Viktoria Eugenia antzokia, Bilboko Arriaga eta Gasteizko Antzoki Zaharra.

Berehala hasi zen Mireia Gabilondorekin elkarlanean, eta jatorrizko lanari beste kutsu bat ere eman diote. Edonola, azken hilabetean obra piztu egin da: Naiara Arnedo, Itziar Atienza, Sara Cozar, Getari Etxegarai, Aitziber Garmendia eta Leire Ruiz aktoreek gorpuztu dituzte Errastik sortutako pertsonaiak. «Entseguetan sortu dira ertz berriak. Aktoreek sekulako lana egin dute; bakoitzak zerbait berezia eman dio pertsonaiari, eta oso kimika ona sortu da gure artean», azaldu du zuzendariak.

Cozarrek, esaterako, Garaziren rola egiten du: «Berezia da Garazi. Bere burua besteen ezberdina sentitzen du. Hala ere, bizitzarako badu helburu argi bat: ama ona izatea». Hortaz, pertsonaia bakoitzak du bere berezitasuna, baina bakoitzak ere badu bere «motxila edo zama», Errastik nabarmendu duenez. «Komedia bat da, baina bakoitzaren alderdi ilunenak agerian gelditzen dira, eta horrek ezustekoz betetako obra bihurtzen du», gehitu du Cozarrek.

Beraz, hizpide izango dituzte amatasuna, laguntasuna, traizioa, maitasuna, gaixotasuna... Ahoan bilorik gabe, eta erabateko anabasan murgilduta. Gainera, pertsonaia bakoitzak du bere unea; alegia, protagonista ez da bakarra, eta guztien istorioek dute garrantzia obran. Seiek dute zer kontatua, eta horrek une oro aldatzen du istorioren norabidea: «Ustekabeko aldaketa ugari daude antzezlanean. Horregatik, oso lan korala da. Parte hartzen dugun emakume guztiok dugu zer kontatu, eta protagonista momentua dugu bakoitzak», adierazi du Cozarrek.

«Ez da ohikoa emakumeak gisa horretara irudikatzea oholtza gainean», azaldu du Errastik. Hori ere hautsi nahi izan du: «Nahi nituen emakume protagonistak. Neurrigabeko emakumeak. Ez beti irudikatzen diren andre lasai eta apalak». Cozarrek ere azpimarratu du sei emakume taula gainean elkarrekin aritzearen garrantzia: «Indar handia du obrak. Norberaren beldurrak eta nahiak azaleratzen ditugu, eta gainera, geure artean harreman ona genuen aurretik, eta orain indartu egin da hori».

Gehiegikeriaz, umore onez eta tentsioz betetako obra da Erlauntza, baina Errastik ez du uste errealitatetik urrun joan denik gidoia idazteko: «Benetakoak izan daitezkeen istorioak kontatzen dira antzezlanean. Nire inguruan ikusten ditut askotariko emakumeak, eta horiek ere irudikatu nahi nituen». Kuadrilla egitura moduan oinarri hartzea izan da, besteak beste, zuzendariak errealitatera hurbiltzeko egindako hautuetako bat: «Euskal Herrian, ia instituzio bat da kuadrilla. Urteak joan daitezke, baina harreman hori mantentzen da», azaldu du. Cozarrek ere egin du azpimarra: «Uste dut kuadrilla guztietan gertatzen direla antzerkian ikusiko dituzten ika-mikak».

Hain justu, Errastik ideia hori oinarri hartuta jarri dio izena obrari: «Erlauntza bera ere egitura bat da, erleak elkartzeko gune bat». Erleen metaforarekin ere joan da urrunago: «Badirudi intsektu horiek komunikatzeko gaitasun handia dutela, eta obra honetan garrantzitsua izango da hori, komunikazioa: esandakoa, eta esan gabea». Bizkortasun horrek ematen dio freskura antzezlanari, Cozarren ustez: «Bonba bat jaurtitzen dugu bestearen atzetik. Obrak ez du erritmorik galtzen».

Hurrena Gasteizen

Hori da, Errastiren ustez, obraren gako nagusietako bat, eta horri egotzi dio Cozarrek arrakasta: «Badirudi jendeak lan berri bat ikusi nahi duela, diferentea eta freskoa». Antzerkian ez ezik, aktoreak dantzan eta kantuan ere aritzen dira, eta horrek bestelako balio bat ematen diola ere nabarmendu du. Obrak sortu du jakin-mina, eta sarrera guztiak agortuta daude jadanik. Gaurtik igandera bitarte izango dira Donostiako Viktoria Eugenia antzokiko Klub aretoan.

Errastik nabarmendu du «albiste paregabea» dela euskarazko antzerkiarentzat, eta azpimarratu du pozik dagoela taldean egindako lanarekin: «Ez da erraza aretoa bost egunetan jarraian betetzea; sekulakoa izan da guretzako». Elkarlanean egindako ekoizpena izan denez, aukera izango dute, besteak beste, Gasteizko antzokietan izateko. Gaur, ordea, hilabetez egindako lana erakusteko ordua izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.