Donostiako 66. Zinemaldia. Hasierako gala

Gastronomia eta euskara

Bere ohiko formatuari bizkarra emanez, Donostiako 66. Zinemaldiaren inaugurazio galan umorea izan da protagonista erabatekoa. 'Phantom Thread' filmak Fipresci federazioaren saria jaso du

Nagore Aranburu eta Belen Cuesta arduratu ziren gidoigileen lana oholtzara eramateaz. JON URBE / FOKU.
mikel lizarralde
Donostia
2018ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Esana zegoen aurretik ere. Aurreko urteetan inaugurazio galek izan duten tonu serio eta errutinazkoa alde batera utzi, eta umorea izango zen Donostiako 66. Zinemaldiaren lehen eguneko galaren ardatza. Horretarako, Borja Kobeagari, Diego San Joseri eta Borja Etxebarriari eskatu zieten emanaldia presta zezaten, eta, zalantzarik balego, Belen Cuesta aktore espainiarrak oholtza zapaldu orduko, nabarmena izan zen txisteek izango zutela gau osoan protagonismoa. Hasiera-hasieratik, bere buruarekiko txantxa bat eginez abiatu zenetik: «Nik ez daukat kategoriarik edo mailarik hemen egoteko. Ez dut maskorrik.Baina [Jose Luis] Rebordinosek deitu zidan. Miresten ninduela esan zidan, nire zalea zela, eta nire ibilbideari Mar adentro ikusi zuenetik erreparatzen ziola. Gero,El orfanato eta Los Serrano ere asko gustatu zitzaizkiola». Cuesta ez, baizik eta beste Belen bat, Belen Rueda izan zen film eta telesail horietako protagonista.

Baina ez zen hor gelditu, eta berehala ekin zion Cannes, Berlin eta Veneziako zinemaldiekin Donostiak izan dezakeen gutxiagotasun konplexuari buruzko aipamenak egiteari. «Hemen aste ikusgarria izango dugu, eta emango ditugu Cannesen eta Venezian eman nahi izan ez dituzten filmak. Eta Donostia eta Cannes ezin dira alderatu. Bat hiri txikia da, garestia, eta zaharrez betea dago. Bestea Frantzian dago».

Jose Luis Rebordinosi ere ziria sartu zion Cuestak, eta Hollywoodeko aktoreek Donostiara etorri nahi ez dutela eta, iradoki zuen Pablo Motos Espainiako telebistako aurkezleak zinemaldiko zuzendari kargua hartu beharko lukeela. Baina hala gaineratu zuen: «Aurten jende inportantea dator: Juliette Binoche, Bradley Cooper, Chris Hemsworth, Judi Dench... Euren benetako pasioa asetzera datoz, doan afaltzera». Gala ezberdina izan zen seinale, Pedro Subijana sukaldaria ere prest azaldu zen txantxarako bideo baten bidez: 2015ean Urrezko Maskorra irabazi zuen zuzendaria Akelarre jatetxean dago ordutik, egunero-egunero zerbait dastatzen.

Aurten, Belen Cuestak Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean Europako beste hiru jaialdi garrantzitsuetan baino emakume zuzendari gehiago lehiatzen direla gogoratu zuenean —bost dira—, txalo ugari jaso zituen, baina, aipamen gastronomikoekin jarraituz, Donostian zabalduta egon den ohitura bati erreparatu zion segidan. «Inon baino gehiago izango zarete Zinemaldian, baina Donostiako elkarte gastronomikoetan ezingo zarete sukaldean aritu».

Nagore Aranburu izan zen Cuestaren oholtzakide, eta espainiarra baino solteago agertu zen agertokian. Donostiarren izaerari buruzko txantxa batekin hasi zen. «Hemen asko gustatzen zaigu Zinemaldia oso donostiarra izatea. Hiria egun hauetan zinemaz maitemintzen da. Baina urte osoan bere buruaz maiteminduta dago».

Gastronomiarekiko aipamen ironikoak etengabekoak izan ziren bezala, euskaraz gutxieneko hitz batzuk ikasteko atzerritik datozen izarrek jasan beharreko entrenamenduarekin ere umorezko bideo bat osatu zuen gidoilari taldeak. Santi Ugalde aktoreak bete zuen gonbidatuei gabon, eskerrik asko eta abar esaten irakasten dien irakaslearen rola, eta, bideoan azaltzen zenez, Hirokazu Kore-eda zuzendariari Skype bidezko eskola ematen ari zitzaion, arrakasta handirik gabe ematen ere. Kore-edak bihar jasoko du aurtengo hiru Donostia sarietako bat.

Lehen saria

Umoreak protagonismo ia erabatekoa izan zuen arren, zinemaldiaren inaugurazio gala baliatu zuen, urtero legez, Fipresci Prentsa Zinematografikoaren Nazioarteko Federazioak bere saria banatzeko. Mundu osoko 500 zinema kazetariren artean erabakitzen da, eta aurten Paul Thomas Andersonen Phantom thread aukeratu dute 2017ko lan aipagarriena. Ez da sari prestigiotsu hori jaso duen lehenengo aldia, Magnolia (1999) eta There Will Be Blood (2007) ere saritu baitzizkion Fiprescik. Anderson ez zen Donostiara etorri, eta Jose Luis Hervias Universal Picturesen ordezkariak jaso zuen saria.

Aurten Alexander Paynek, Rossy de Palmak, Agnes Johansenek, Nahuel Perez Biscayartek, Constantin Popescuk eta Bet Rourichek osatzen dute Sail Ofizialeko epaimahaia, eta Paynek hitz egin zuen denen izenean: «Zoriontasuna eta ohorea sentitzen dugu. Zinema maite dugu. Eta badakigu asko gustatuko zaizkigula film denak edo ia denak. Erabaki zaila izango da. Baina festibala da inportantea, ez sariak. Leiho bat irekitzen dio zinemari eta historia garaikideari. 10 egun barru izango duzue txosten ofiziala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.