Itxura hobetzeko premian

Euskal selekzioak eta Venezuelak elkarren aurka jokatuko dute gaur, Mendizorrotzan (20:45, ETB1). Ahal den ikusle gehien bildu eta azken partidan izandako giro eskasa hobetu nahi du Euskadiko Futbol Federazioak
Euskal selekzioko jokalariak, entrenatzen, atzo, Ibaian.
Euskal selekzioko jokalariak, entrenatzen, atzo, Ibaian. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Julen Etxeberria -

2018ko urriak 12
Duela 22 hilabete jokatu zuen azken aldiz gizonezkoen euskal futbol selekzioak. Oso txarra da orduko oroitzapena. 3-1 irabazi zion Tunisiari San Mamesen, baina emaitza izan zen gauza on bakarra. Baziren urte batzuk gero eta jende gutxiago joaten zela selekzioaren partidak ikustera, baina 2016ko abenduaren 30 hartan hondoa jo zen. 15.000 ikusle eskas izan zen, 15.000 ikusle eskas 53.000 lagunentzako estadio batean. Ia isilpean jokatu zuten jokalariek. Partida amaieran ados ziren jokalari, teknikari, agintari eta zaleak: oso tristea izan zen bizi izan zena. Ordurako, askok zioten Gabonetako partidaren dinamika «agortuta» zegoela, eta egun horretan gertatutakoak uste hori berretsi besterik ez zuen egin. Hausnartzeko garaia zen.

Bada, pasatu dira ia bi urte, eta euskal selekzioak berriro jokatuko du lagunarteko bat. Aldaketak daude. Batetik, gaur jokatuko du, FIFA egunen barruan. Hori eginda, Euskadiko Futbol Federazioak dio «aukera gehiago» dagoela selekzio indartsuren baten kontra aritzeko. Ez da gaurko kasua, Venezuela baita aurkaria, beste bitan selekzioaren kontrario izandakoa —3-4 eta 3-1 irabazi zion selekzioak—. 32. postuan da FIFAren zerrendan. Hori bai, lehia FIFA garaian jokatuko denez, Hego Amerikako selekzioak jokalari onenak zelairatuko ditu.

Bestetik, Mendizorrotzan jokatuko dute norgehiagoka, eta ez San Mamesen. Azken urteetatik hona selekzioaren neurketek erakargarritasuna galdu dutela kontuan hartuta, estadio aproposagoa da Gasteizkoa: 20.000 ikusle eskas sartzen dira bertan. Duela bi urte, 15.000 ikusle inguru egon zen San Mamesen. Gaur antzeko kopurua egonez gero, harmailek askoz itxura hobea izango lukete. Luis Mari Elustondo Euskadiko Futbol Federazioko presidentearen arabera, «sarrera oso ona» izango da.

Euskal Zaletuak euskal taldeetako jarraitzaileen taldeak batzen dituen elkarteak zenbait ekintza antolatu ditu. 19:00etan, kontzentraziora deitu du Andre Maria Zuriaren plazan «Espainiako inperialismoa» salatu eta «Venezuelako herria defenditzeko». Jarraian, kalejiran joango dira zaleak Mendizorrotzara. Ofizialtasunaren aldeko aldarrikapena ozen entzun dadila eskatu dute.

Selekzio eraberritua

Zelaian, berriz, euskal selekzio eraberritua ariko da. Berriro Espainiako Lehen Mailako jokalariak ariko dira bakarrik, eta berriro Athleticekoak eta Realekoak dira gehiengo, hemezortzitik hamar. Zortzi dira, berriz, selekzioarekin estreinakoa egingo duten jokalariak: Iñaki Williams, Aritz Elustondo, Luca Sangalli, Jon Bautista, Martin Agirregabiria, Jon Ander Serantes, Mikel Vesga eta Anaitz Arbilla. Bestalde, seik baino ez zuten jokatu selekzioaren azken partida: Iñigo Martinezek, Yuri Berchichek, Dani Garciak, Aritz Adurizek, Asier llarramendik eta Manu Garciak. Omenaldientzako tartea ere izango da: Xabi Prieto eta Imanol Agirretxe omenduko dituzte atsedenaldian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Julen Etxeberria

Informazio osagarria