Erraza dirudi, baina ez da

Eibarrek Vallecasen jokatuko du gaur gauean. Real Madrili irabazi eta gero, azken- aurrekoaren aurka ere antzera aritu beharko du: bete-betean

Ivan Ramis, Kike Garciak Real Madrili sartutako gola ospatzen, Eibarrek partida horretan sartutako hirugarrena. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2018ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Garaipen historiko baten ondorena neurtzen hasiko da gaur Eibar. Aurreko astean Real Madril nagusitasunez mendean hartu eta gero —inoiz ez zion irabazi—, errealitate gordinera nola itzuli den erakutsi beharko du taldeak. Proba ona dauka, gainera, konfiantza gehiegizko harrokeria eta harrotasun bihurtu ez dela erakusteko, Vallecasen, Rayo Vallecano azken-aurrekoaren zelaian ariko baita gaur gauean.

Jose Luis Mendilibarrek badaki zerbait kontu hauetaz, eta garden asko azaldu du zer izan zen jokalariei esan zien lehendabiziko gauza Real Madril mendean hartu ondorengo aurreneko entrenamenduan: «Gogoan izan Huescaren aurka galdu egin genuela etxean lehen jardunaldian». Azkeneko sailkatua da gaur egun Huesca.

Eibarrek behar duena da gauzak bere-berean joatea zelaian, ohiko bidetik, eta horri eman dio garrantzia Mendilibarrek: «Ezin dugu lo hartu. Egiten ari garena egiten jarraitu behar dugu, asterokoa, intentsitate berarekin, eta helburu berberak jarriz». Ez zuen ezkutatu berak ere ardura duela horretan: «Real Madrilen aurkako partidaren aldean ezberdina izango da hau. Nire asmoa eta betebeharra da jokalariak bizi-bizi ateratzea aurreneko minututik».

Esango zien jokalariei aparteko garrantzia duela gaurkoak ere, sailkapenak eta taldearen puntuek ez baitute gezurrik esaten. Prentsaren aurrean, behintzat, nabarmendu zuen gaurkoaren garrantzia: «Hamalaugarren partida izango dugu ligan, eta, irabaziz gero, 21 puntu izango genituzke, mailari eusteko lortu behar direnen erdiak lehen itzulia bukatu baino bost partida lehenago».

Bi taldeetan jokatu dutenak

Aitortu zuenez, barru-barruan badauka pentsamendu onik gaurko: «Gauzak ondo joango diren ziurtasuna daukat. Gero, ikusi egin beharko da nola hasi eta nola jarraitzen duen partidak». Aurkariak zeresana izango du horretan, jakina, eta Rayoren inguruan hitz hauek kateatu zituen: «Guk goian egiten dugunez presioa, eta haiek zaleak direnez baloia atzetik jokatuta ateratzen, guk gurea ondo egin beharko dugu defentsako lanean, presioan. Bestelakoan, ondo ari da Rayo, eta zelai erditik aurrera jokalari onak dauzka. Guk lo hartzen badugu, gai dira atera heltzeko eta jokaldiak amaitzeko. Bizi eta azkar ibili behar dugu».

Ez zuen esan zein jokalari hautatuko dituen hasieratik jokatzeko, eta, ohi duen moduan, ezkutuan gordea dauka hamaikakoa. Non aukeratua badauka, Anaitz Arbilla eta Pape Diop jokatzeko moduan baitira, partida bateko zigorra bete eta gero.

Berezia izango da gaurkoa bi taldeentzat eta hainbat jokalarirentzat. Izan ere, Rayon ari dira Eibarreko jokalari izandako Bebe erdilaria eta Alejandro Galvez atzelaria, eta Rayon jokatutakoa da Arbilla.

RAYO-EIBAR

Rayo. Dimitrievski; Tito, Galvez, Amat, Alex Moreno; Comesaña, Imbula, Trejo; Embarba, De Tomas eta Pozo.

Eibar. Riesgo; Peña, Ramis, Arbilla, Jose Angel; Orellana, Escalante, Sergio, Cucurella;Enrich eta Kike.

Epailea. Munuera Montero.

Lekua. Vallecas (14.708 ikusle).

Ordua. 21:00 (BeIN La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.