Futbolak hasi du partida

Euskadiko Futbol Federazioak FIFAri eta UEFAri eskubide osoko kide moduan onartua izatea eskatzea erabaki du. 44 bozetatik 43 aldekoak izan dira bileran
Euskadiko Futbol Federazioko ordezkariek atzo Durangoko San Agustin aretoan egindako batzar orokorra.
Euskadiko Futbol Federazioko ordezkariek atzo Durangoko San Agustin aretoan egindako batzar orokorra. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko abenduak 13
Euskal futbolak ofizialtasunaren partidari ekitea erabaki du. Epaileak atzo jo zuen hasierako txistua, Euskadiko Futbol Federazioak Durangon (Bizkaia) eginiko bileran, eta orain lehia luze bat jokatu beharra dauka. Lehen pausoa baino ez da, baina nazioarteko federazioetan integrazioa eskatzeko lehenbizi batzarraren babesa behar zuen ekinaldiak, eta arazorik gabe lortu zuen bermea. 44 kide agertu ziren urteroko bilera orokorrera, eta 43k bozkatu zuten UEFAri eta FIFAri integrazioa eskatzearen alde. Pauso historiko bat da, mugarri bat euskal kirolean. Hurrengo jokaldia Espainiako federazioan jokatuko da, haren bermea behar baitu eskaera egiteko. Ezezkoa aurreikusten da, eta auzibidea hastea kirol epaitegietan.

Federazioaren bilerak ikusmin handia sortu zuen Durangoko San Agustin kulturgunean. Futbol munduko izen handi asko bertaratu ziren. Jose Angel Iribar goiz iritsi zen, Jose Mari Amorrorturekin, eta azken horrek eman zuen botoa Athleticen izenean. Realaren izenean, Joseba Ibarburu presidenteordeak eman zuen boza. Eibarrek eta Alavesek, aldiz, ez zuten ordezkaririk bidali. Jokalariak ere izan ziren: David Zurutuza eta Asier Illarramendi Realekoak, Ainhoa Tirapu Athleticekoa, Manu Garcia Alavesekoa eta Asier Riesgo Eibarrekoa. Juan Luis Larrea Gipuzkoako federazioko presidentea ere egon zen; ez, ordea, Bizkaiko eta Arabako federazioetakoak. Federazioko presidenteek ez zuten boto eskubiderik; hori klubei dagokie.

Bozketa sistemaren zalantza hasi eta berehala agertu zen. Luis Mari Elustondo Euskadiko federazioko presidenteak hitza hartu, eta boto sekretua izango zela jakinarazi zuen. Ezohiko prozedura da, baina bere esku zegoen. 44 boto izan ziren guztira. Asko dira, presidentearen ustez. «Nik karguan daramatzadan urteetan inoiz ez dira hainbeste parte hartzaile agertu, baina, era berean, egia da inoiz ez dela ezer bozkatu. Horri gehitu behar zaio boto nominala duen jendeak ezin duela beste inoren esku utzi, eta asko ezin dira hona etorri asteazken arratsalde batean». 87 ziren boto eskubidea zuten kirol elkarteak, eta 38 jokalari, epaile eta entrenatzaileen estamentuetako ordezkariak. Deigarria da 38 horietatik bakarra dela emakumea.

Elustondo pozik irten zen bileratik, emaitzarekin harrituta. «Baiezkoak irabaztea espero nuen, baina ez hain modu garbian. Federazioko kideek argi utzi dute eskaera egin nahi diotela UEFAri eta FIFAri». Antzera mintzatu zen Larrea. «Garbi gelditu da herri honetako taldeek eskaera egin nahi dutela. Prozesua hasteko, galdetu egin behar zitzaien. Hau, baina, prozesu luzea da; Espainiako federazioarekiko mendekotasun handia dago. Baina han badakite Euskal Herrian eta Katalunian nolakoak garen». Larreak ondo baino hobeto ezagutzen du Espainiako federazioa; urte luzez egon zen zuzendaritzan, eta presidente izan zen zortzi hilabetez. Bi agintariek argi utzi zuten Espainiako federazioak atzoko bozketaren berri izan zuela.

Bide luzearena izan zen Elustondok nabarmendu zuen beste ideia. Partida atzo hasi zen, baina luzea izango da, eta Gabonak pasatuta jarriko dira harremanetan Espainiako federazioarekin. Era berean, eta aurreratu zuenez, ez du harekin harremanik hausteko asmorik. «Orain ez dugu presarik izan behar. Gaurkoa mugarri bat da, eta jende asko oso pozik ikusi dut. Baina nik nahiago dut tentuz joatea. Espainiako federazioari ez dio graziarik egingo eskaera honek, baina gure federazioko kideek beren borondatea plazaratu dute».

Kike Zurutuza Euskal Herria Kirolako kidea ere bileran egon zen. Ofizialtasunaren aldeko elkarteak lanketa egin du kluben artean informazioa emateko, eta «aurrerapausotzat» jo zuen emaitza. «Bozketa hau 40 urte berandu iritsi da. Duela hamabost urte egin izan balute, jokalariek ofizialtasunaren gaia mahai gainean jarri zutenean, nazioarteko testuingurua ezberdina litzateke. Baina guk ez dugu iraganera begiratu nahi, eta aurrerapauso bat da, eman beharreko pauso bat».

Eta orain zer?

Euskadiko federazioak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako klubak ordezkatzen ditu, gaur-gaurkoz ez baitago Euskal Herriko klubak bateratzen dituen elkarterik. Eskaera, beraz, hiru lurralde horietako kluben izenean egingo da. Idazkia bidaliko du Espainiako federaziora, eta, FIFAren arautegiaren arabera, hark egin behar du eskaintza. Harreman oso estua dago bi federazioen artean, eta ofizialtasun maila ezberdinak daude. Federazioa Gabonak pasatuta jarriko da harekin harremanetan. Ezezkoa espero da, eta Jaurlaritzak laguntza juridikoa eskainiko dio nazioarteko epaitegietara joateko. Bien bitartean, selekzioaren lagunartekoak izango dira. Udaberrian gizonezkoek eta emakumezkoek jokatuko dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna