Notak jasotzeko garaia dute

Urtea amaitzeko, derbia jokatuko dute gaur Realak eta Alavesek, Anoetan. Ez bata ez bestea ez dago une onean: etxekoek galdu egin dituzte azken hiru partidak; bisitariek ez dute irabazi azken lau lehietan
Mikel Oiartzabal, Gabriel Maripanekin eta Victor Laguardiarekin lehian, Realak eta Alavesek denboraldi-aurrean Zarautzen jokatutako lagunartekoan.
Mikel Oiartzabal, Gabriel Maripanekin eta Victor Laguardiarekin lehian, Realak eta Alavesek denboraldi-aurrean Zarautzen jokatutako lagunartekoan. GORKA RUBIO / FOKU

Jon Ander De la Hoz. Eñaut Agirrebengoa -

2018ko abenduak 21
Urteko azken eskola eguna dute gaur Realak eta Alavesek. Gabonetako oporrak hartu aurretik irakasleen kalifikazioak jasotzeko ordua. Ekainean arazorik ez izateko, ikasturte guztikoak balio du, eta ikusteko dago azken azterketak zer ekarriko duen. Etxekoen errieta samurtu nahi du Realak. Bikaintasunaren agiriarekin etxeratu Alavesek.

Hiru gutxiegi jarraian izan ditu Realak, eta Alavesen aurka irabazita irauli nahi dute bolada txarra. Horretarako, etxeko lanak egin beharko ditu 90 minutuan, eta ez dirudite oso errazak. Hala uste du Asier Garitanok: «Alaves denboraldi ona egiten ari da, nahiz eta azkeneko neurketetan garaipenik ez duen lortu».

Bere taldearen egoera makurrari buruz ere mintzatu zen atzo Garitano, baina ez du uste gehiegi kezkatzeko arrazoirik dagoenik: «Ez da estutasunik izan behar, eta ezta zoratu ere». Garitanok aitortu zuen ez duela begiratzen sailkapenik, baina badakiela bere taldea hamabosgarren doala.

Alabaina, gaurko neurketan jarriak ditu begiak: «Etxean jokatzen dugun aldiro irabaztera behartuta gaude». Azaldu zuenez, «ez asmatzeak» kalte egin dio txuri-urdinen ligako ibiliari, eta gol falta jarri du horren adibide: «Aurkariek ez dizkigute aukera asko egiten, baina golak sartzen dizkigute; guri alderantzizkoa gertatzen zaigu».

Garitanok gaur goizean jakinaraziko du deialdia, baina Aritz Elustondo prest dago. Joseba Zaldua, aldiz, ez da osatu, eta litekeena da beasaindarra haren lekuan aritzea. Luca Sangalli «laster» itzuliko da. Harrobiko bost jokalari aritu ziren atzo. Litekeena da haietako bat edo beste deialdian izatea urteko azken partidan.

Golari bizkarra emanda

Alavesek, berriz, Gabonetako oporretara Europa ligako postuetan iritsi nahi du, eta, horretarako, gaur irabazten saiatuko da. Azkenaldiko bolada txarra eteteko ere balioko lioke garaipenak, lau jardunaldi baitaramatza irabazi gabe. Azken hamabi puntuetatik soilik bi poltsikoratuta, zeharo moteldu da arabarrek ligako lehen hamar partidetan harturiko erritmo bizia. Goizegi da oraindik alarma pizteko, baina txakalaldia gaur bertan amaitzea komeni zaie gasteiztarrei. Irabazita, pauso garrantzitsua emango lukete mailari eusteko bidean, eta, bidenabar, zalantzak uxatuko lituzkete geldialdiari begira.

Horretarako, emankorrago jardun beharko dute erasoan. Abelardo Fernandezen aburuz, «gol falta» da azkenaldiko emaitza txarren atzean dagoen zio nagusietako bat. Azken lau neurketetan gol bakarra sartu du Alavesek, eta entrenatzaile espainiarrak atzo nabarmendu zuen «oreka» behar dutela defentsaren eta erasoaren artean. Edonola ere, ez du gehiegizko kezkarik: «Lehen Mailan ez da erraza golak sartzea, baina taldeak aukerak sortzen ditu, eta hori gustatzen zait». Gaurko lehiari begira, azaldu du «arraroa» izan dela prestakuntza, Athleticen aurka astelehenean jokatu zutenez «entrenamendu arinak» egin behar izan baitituzte.

Realaz, nabarmendu zuen «sekulako maila teknikoa» duela, eta Garitanorekin «hobera» egin duela «defentsako lanean». Donostiarrak gozakaitz dabiltza etxean, baina Alaves ere halaxe ibili da azken asteetan etxetik kanpo; galdu egin ditu Gasteiztik at jokaturiko azken hiru partidak. Gainera, Anoeta ez da plaza samurra arabarrentzat: han jokaturiko azken sei neurketetatik bostetan gelditu dira esku hutsik. Bolada zahar eta berriak irauli beharrean daude gaur, hortaz.

REALA-ALAVES

Reala. Moya; Aritz Elustondo, Diego Llorente, Hector Moreno, Theo; Zubeldia; Illarramendi, Zurutuza; Januzaj, Oiartzabal eta Juanmi.

Alaves. Pacheco; Martin Agirregabiria, Ximo Navarro,Laguardia, Duarte; Pina, Manu Garcia, Wakaso; Ibai, Calleri eta Jony.

Epailea. Estrada Fernandez.

Lekua. Anoeta (28.995 ikusle).

Ordua. 21:00etan (Gol).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna