Ikuskizunen dekretua defendatu du Zupiriak, eragileen kritiken aurrean

Hitz egiteko prest agertu da Kultura sailburua, baita malgutasunez jokatzearen alde ere. Arteak Ireki plataformak kritikatu egin du sailburuaren jarrera, eta dekretua bertan behera uzteko eskatu du

Arteak Ireki plataformako kideak Eusko Legebiltzarrean izan ziren atzo, eztabaida jarraitzen. Kanpoan, agerraldia egin zuten ondoren. IHANA IRIONDO / FOKU.
Gasteiz
2019ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
«Niri ez didazue txalorik joko, baina berdin-berdin maite zaituztet», bota zuen Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak atzo, mikrofono aurrean jarri zen bigarren aldian. Arteak Ireki plataformako kideak Legebiltzarrean zeuden, Jolas Jardueren Legea Garatzeko Dekretuari buruz sailburuak zer esango zuen entzuteko zain. Taberna eta areto txikietako ikuskizun kopurua mugatuko du Jaurlaritzaren testuak, eta indargabetzeko eskatzen du plataformak, kulturgile eta ostalariek osatzen dutenak. Aurrez txalo artean agurtu zuten EH Bilduko Josu Estarrona —auziari buruzko galdera proposatu zuen hark—. Agerraldiaren ostean ere ez zuen txalorik jaso sailburuak. Araudi berria defendatu zuen, eta hitz egiteko prest dagoela gaineratu. Norekin eta noiz hitz egingo duen, ordea, ez zuen zehaztu.

«Arautze lan hau ez da Segurtasun Sailaren kapritxo bat», argitu zuen Zupiriak. «Herritarrek, tabernariek, ikuskizun antolatzaileek eta udalek etengabe planteatzen dituzten eskariei emandako erantzuna izan da». Argi defendatu zuen Kultura sailburuak araudi berria. Beharrezkotzat jo zuen «linbo» batean zeuden tabernetako kultur eskaintzak eta kontzertuak arautzea. «Dekretuaren helburua da lizentziarik ez duten aretoetan zenbat kultura emanaldi egitea legezkoa dela bermatzea».

Nabarmendu zuen begi onez ikusten duela halako aretoek artista hasiberriei aukera ematea. Zupiriaren ustez, ordea, eztabaidagarria izan daiteke ikuskizunak antolatzeko zenbaterainoko aukera eman behar zaien taberna eta aretoei. «Zenbat emanaldi baimendu behar dira horretarako lizentziarik eskatu ez duen areto batean? 12, 48 edo libre? Muga bat ipini behar zaio edo ez?».

Legebiltzarrean zeuden Arteak Ireki plataformako hainbat kide, eta sailburuaren agerraldia bukatu bezain pronto egin zuten haiena. «Ez dugu inongo zifrarik onartzen», argitu zuen Iker Zubiak, plataformaren izenean. «Ezin zaio zifrarik jarri. Kulturari ezin zaio inongo mugarik jarri».

Dena den, hitz egiteko prestasuna agertu zuen Zupiriak bere jardunean. «Dekretuak aukera ematen du malgutasunez jokatzeko. Alde guztiak kontuan hartuta kudeatu behar da, udalak, ostalariak, musika areto pribatuak, herritarrak, eta denen eskubideak kontuan hartuta».

Bartzelonako eredua

Sailburuaren agerraldiak «hotz» utzi zituela aitortu zuten, baina plataformako kideak hitz egiteko prest agertu ziren. «Elkarrizketa zabaltzea ondo ikusten dugu, eta txalotzen dugu dekretua zalantzan jartzen duen eztabaida oro», esan zuen Miren Narbaiza plataformako kideak. «Baina oraindik hitzak baino ez ditugu jaso. Ekintzetara pasatzeko beharra dugu». Asmoak eta esanak gorabehera, dekretua bertan behera uzteko eskatzen jarraitzen dute.

Plataformatik azpimarratu zuten ez dutela ulertzen zergatik ematen zaion alde teknikoari horrelako garrantzia, benetako garrantzia, haien ustez, beste zenbait alderdik baitute. «Euskal Herrian sekulako kultur mugimendua dago», adierazi zuen Narbaizak. «Kanpotik jende asko etortzen da kontzertuak jotzera, erreferentziak sortzen dituzte, eta askok etorri nahi dute. Horri esker lortzen dituzte programazioak areto handiek. Dekretu hau aurrera badoa, oso larria izango da, eta kostako zaigu honi buelta ematea». Bartzelonako Udalean martxan jarritako eredua goraipatu du Arteak Ireki plataformako kideak: «Kultura Bizia izeneko espazioak sortu dituzte. Lizentziarik ez duten lokalei babesa ematen die».

Oraingoz, ez dute Jaurlaritzaren gonbidapenik jaso hitz egiteko. Hala ere, hitz egiteko aukera eskatu dute datorren martxoaren 14ko Kultura Batzordean. Han helaraziko dizkiote Jaurlaritzari beren eskaerak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.