Akatsen irakaspena

Osasunak Diego Martinezen Granadari egingo dio bisita gaur. Gorritxoen teknikari ohiaren taldea esne mamitan dabil: laugarren da, hamalau punturekin

Diego Martinez Granadako teknikaria aginduak ematen, sasoi honetako partida batean. Osasuna ere zuzendu zuen, eta, gaur, aurrez aurre ariko dira. TONI ALBIR / EFE.
enaut agirrebengoa
2019ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Izan zitekeena eta izan ez zena. Hala labur liteke Diego Martinezek (Vigo, Galizia, 1980) duela bi sasoi Osasunan egindako egonaldia. Teknikaria aro berri eta egonkor baten buru izateko helburuarekin iritsi zen Iruñera, Bigarren Mailan. Bermeak bazituen hori lortzeko: gaztetasuna, izaera metodikoa eta harrobiko lanaren ezagutza. Ondo ekin zion erronkari, baina okerreko bidea hartu zuen denboraldiak aurrera egin ahala. Defentsan erabat oinarritutako estiloa ezarri zuen, hotzegia Osasunaren zale grinatsuentzat. Eten egin zen taldearen eta harmailen arteko lotura, eta, hala, ezinbestean, banatu egin ziren prestatzailearen eta klubaren bideak. Bada, gaur bat egingo dute berriz ere: oraingoan, aurkari moduan, eta Lehen Mailan.

Osasunatik atzeko atetik atera ostean, Granadaren aulkian eseri zen Martinez. Han bai, baleko tekla sakatu du. Lehenik, Lehen Mailara igo zuen Espainiako taldea, eta gorengo mailako ezusteko nagusi bihurtu du sasoi hasiera honetan. Sailkapeneko laugarren postuan ageri da Granada, hamalau punturekin. Erasoan ari da nabarmentzen, hamabost gol sartu baititu ligako lehen zortzi partidetan. Soilik Bartzelona (20), Vila-real (19) eta Real Madril (16) izan dira emankorragoak orain arte. Zifra horiek ikusita, harri eta zur egongo dira zale gorritxo asko, ez baitziren inolaz ere egokitu Osasunak Martinezekin egin zuen jokora.

Osasunan zenean, defentsako jardunari eman zion lehentasun osoa. Alor hori sufrikarioa izan zen nafarrentzat, Lehen Mailan aritu zirenean, eta, halakorik errepika ez zedin, amaraun trinko bat osatzeko lanean jarri zuen arreta guztia Sevillaren harrobian zaildutako teknikariak. Erasoan, ordea, ez zuen asmatu bide orri garbi bat lantzen eta ezartzen. Nafarrek talentu handiko jokalariak zituzten aurreko lerroan, eta haien inspirazioa eta inprobisazioa zen aurkariei min egiteko ia bide bakarra. Hala, 44 gol eskasekin amaitu zuten denboraldia. Hamar partidatan ez zuten gol bakar bat ere sartu. Hori horrela, zortzigarren izan ziren azkenean.

Kolpea izan zen Lehen Mailara igotzeko kanporaketak jokatzeko postuetan ere ez sartzea. Bada, hori bezain mingarria izan zen etxean emaniko itxura. Ligako talderik onenetako bat izan zen etxetik kanpo, baina, Iruñean, puntuek erruz egin zioten ihes. 33 besterik ez zituen eskuratu, zortzi partida irabazi, bederatzi berdindu eta lau galduta.

Esperientzia hura ikasgai baliotsua izan zen Martinezentzat, Granadan erakusten ari denez. Irmotasuna lehenesten du oraindik ere, baina planteamendu orekatuago baten barruan. Horren isla dira Granadaren aurreko denboraldiko datuak: 28 gol jaso zituen —beste inork baino gutxiago— eta 52 sartu —alor horretan onena izan zen Osasunak baino zazpi gutxiago—. Are erasokorrago dabil sasoi honetan. Gainera, lehiakorra eta fidagarria da etxean. Hamahiru partida irabazi eta soilik bi galdu zituen iragan sasoian, eta, oraingoan, kapaz izan da Bartzelona menderatzeko.

Osasunak ere ikasi du bere akatsetatik, eta aspaldi ez bezala ari da gozatzen, Jagoba Arrasateren lemapean. Gaur, bigarren garaipena kateatzen saiatuko da, Sadarren Vila-reali irabazi eta gero.

GRANADA-OSASUNA

Granada: Rui Silva; Víctor Diaz, Duarte, Martinez,Carlos Neva; Gonalons, Yangel Herrera, Azeez; Puertas, Machis eta Soldado.

Osasuna. Ruben; Nacho Vidal, Roncaglia, Aridane, Estupiñan;

Roberto Torres, Oier, Fran Merida, Ruben Garcia; Adrian eta Chimy Avila.

Epailea. Estrada Fernandez.

Lekua. Los Carmenes (19.336 ikusle).

Ordua. 21:00, La Liga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.