Bertsozale Elkarteak 'online' saioak egingo ditu larunbatetik aurrera

Villabonan grabazio aretoa prestatu du elkarteak, eta han egingo ditu emanaldiak. 45.000 euro jarri ditu hainbat proiektu aurrera eramateko eta bertsolaritzaren ikusgarritasunari eusteko

Andoni Egañak hurrengo asteazkenean Amets Arzallusek eta Alaia Martinek egingo duten saioa gidatuko du. E.P. / FOKU.
mikel lizarralde
2020ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Martxoaren 15ean urteroko Batzar Nagusia egitekoa zen Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, eta han zen aurkeztekoa 2020. urterako egitasmoa. COVID-19 gaitzak eragindako larrialdi egoera dela eta, ordea, bertan behera utzi behar izan zuen batzarra, eta, ordudanik pasatutako hilabete eta erdian, hala egitasmoa nola aurrekontua berrikusi behar izan ditu. Izan ere, esku artean zituen proiektu asko bertan behera geratu, atzeratu edo moldatu behar izan ditu elkarteak.

Horri lotuta, eta «ohiko bertso plaza berreskuratzeko» denbora beharko dela kontuan izanda, egungo egoerara egokitutako egitasmoak jarri ditu abian Bertsozale Elkarteak. «Salbuespen egoera batean gaudela jakinda», bertsolaritzaren ikusgarritasunari eusteko eta bertsolarien «egoera zaurgarria» leuntzeko, 45.000 euro erabiliko ditu.

Hainbat egitasmo jarriko ditu abian Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak datozen egunetan.

PLAZA

Lehendik lotuta zeuden eta mantendu nahi dituzten edo datozen hilabeteetan saioren bat antolatu nahi duten antolatzaileei saioak online egiteko aukera emango die Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak Lanku Kultur Zerbitzuetatik saioak kontratatzen dituzten antolatzaileei. Villabonako (Gipuzkoa) Subijana etxean prestatu du elkarteak grabaketa lekua, beharrezko osasun neurriak hartuta, baina denborarekin herrietatik saioak egiteko aukera aztertuko du, «konfinamendu aginduen arabera» betiere. Saioak osorik eskainiko dira www.bertsoa.eus atarian, zuzenean edo diferituan, antolatzaileak erabakitzen duen egunean. Hasteko, asteburu honetan bi saio antolatu dituzte Elkarteak eta Lankuk. Larunbatean, 18:30ean, Jone Uria, Oihana Iguaran, Sustrai Colina eta Xabi Igoa ariko dira, Idoia Anzorandiak gidatutako saio batean. Hurrengo egunean, igandean, 18:00etan, Igor Elortza eta Onintza Enbeita ariko dira bertsotan, Kike Amonarrizek jarritako gaiei erantzuten. Bigarren saio hori Erandioko Udalak antolatutakoa da.

BIDAIAK

«Inertziak hautsi eta esperimentazio gunea izango da», elkarteak adierazi duenez. Ekitaldi formatuetan eta gaitegian berritzaileak izan nahi duten saioak eskainiko dituzte, molde ezberdinetakoak, asteazkenetan. Herrialde eta adin ezberdinetako bertsolariei eman nahi zaie ahotsa, eta [email protected] helbidean jasoko ditu elkarteak proposamenak. Bidaiak egitasmoaren lehena maiatzaren 6an izango da, asteazkenean, 18:30ean. Andoni Egañak gidatuta, Alaia Martinek eta Amets Arzallusek haurtzarora egingo dute bidaia bertsoaren bitartez.

POTOKASTAK

Bertsolari gazteei egindako elkarrizketak dira, entzutekoak. Azken asteetan bildu dituzte www.bertsoa.eus atarian Ane Zuazubiskar, Eli Pagola, Peru Abarrategi, Aitor Bizkarra, Sarai Robles eta Aner Peritz bertsolariekin osatutakoak. Astelehenero ale berri bat jarriko dute entzungai.

400 saio gutxiago

Hainbat egitasmo jartzearekin batera, larrialdi egoerak bertsolaritzan izan duen eraginari buruzko azterketa ere egin du Bertsozale Elkarteak, eta horren barruan Lankuk jasandako kolpea ekarri du gogora. «Inondik inora espero ez genuen bat-bateko kolpea izan da», adierazi du Marta Agirrezabalak www.bertsoa.eus atarian. «Lanku erabat lotuta dago plazari; lan jarduera nagusia plaza da, eta bat-batean geratu gara». Plazak etetearen ondorioz, Lanku Kultur Zerbitzuak aldi baterako enplegu erregulazio egoeran dago.

Xenpelar Dokumentazio Zentroan biltzen dituzten datuen arabera, 2019an 1.644 saio egin ziren Euskal Herrian: horietako 1.215ek bertsogintza zuten ardatz, izan jaialdi, lagunarteko, plaza libreko zein txapelketa; eta gainerakoak, 400 ekitalditik gora, bereziak, esperimentalak, hitzaldiak edo saio didaktikoak izan ziren.

Aurten, saioen gorakada txiki bat izan da urteko lehen bi hilabeteetan. «Urtarrila eta otsaila ez dira hilabeterik osoenak izaten bertsolarien eta bertsozaleen agendetan, eta horregatik da pozgarria goranzko joera». Udaberriko hilabeteak indartsuagoak izaten dira, udakoen pareko, baina krisiak bete-betean aldatu du panorama: martxoan 195 bat saio aurreikusten ziren, eta 53 egin ziren. Hortik aurrera, bertan behera gelditu da plaza: iaz 122 saio egin ziren apirilean, 162 maiatzean, 179 ekainean eta 135 inguru udako hiru hilabeteetan, horietako zenbait Lanku Kultur Zerbitzuek bideratutakoak. Honek guztiak ondorio ekonomiko nabarmenak ditu: martxotik ekainera arte, 385.600 euro inguruko galerak.

Elkartean egiten dituen edo egitear zeuden proiektuetan berehalako eragina izan dute koronabirusaren hedapenak eta larrialdi egoerak, eta epe luzera ere 2020ko egitasmoa eta aurrekontua berrikusi behar izan ditu. Hala, hainbat egitasmo bertan behera utzi ditu, eta beste zenbait atzeratu. Hain zuzen ere, hauek dira bertan behera geratu diren egitasmoak:Bertso Udalekuak eta barnetegiak, Haizea dator, Plazara, Sakontze Bertso Eskola, Eskolatik Plazara; Bertso Eskolen Egunak, Bertsulari Ttiki eta Elebidunen ikasturte bukaerako Besta Eguna.

Oraingoz, atzeratu egin dituzte, berriz, beste hainbat proiektu eta txapelketa: Arabako Bertso Kuadrilla Artekoa, Bardoak, Bizkaiko Txapelketako udaberriko fasea, BBK Sariketa, Eskolartekoa, Pello Mari Otaño bekako deialdia (epea luzatu zaio) eta Udako Euskal Unibertsitateko eskola (ikusteke).

Azkenik, badira elkartearen asmoetan egon badauden, baina egiteko moduan egongo diren ez dakiten hainbat proiektu: zenbait ikastetxetako ikasturte amaierako jaialdia, Bertsoa Bizi Gazte lehiaketa, Oholtzapetik, Hernandorena Sariketa, Ahalduntze Bertso Eskola, Gizonezkoen Bertso Eskola Feminista eta EHUko Uda Ikastaroa.

Bizkaiko eta Euskal Herriko elkarteetako batzarrak ere ezin izan dituzte oraindik gauzatu; alarma egoera ezarri zen asteburuan bertan egin behar zituzten. «Elkartzeko baldintzak daudenean, hitzordua zehaztuko dugu, eta jakinaraziko zaie bazkideei garaiz».

Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara: www.bertsozale.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.