Ikusarazteko bilgunea

Artium museoak euskal emakume artisten dokumentazio zentroa sortu du. Emakume artisten ondare bibliografiko eta dokumentalaren erakuslehio bat da

Euskal emakume artisten dokumentazio zentroak atzo ireki zituen ateak Artium museoan. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2021eko martxoaren 6a
00:00
Entzun
1971n Linda Nochlin historialariak galdera bat egin zuen Art News aldizkarian: «Zergatik ez da emakume artista handirik egon historian?». Historialari estatubatuarrak itaun hori egin zuenetik, goitik behera aldatu da emakumeek artean duten presentzia, eta, hein batean, ikusezin izateari utzi diete. Artium museoak gogoeta hori abiapuntu hartuta, Euskal Emakume Artisten Dokumentazio Zentroa martxan jarri du. Atzo ireki zituen ateak zentroak, eta hura inauguratzen izan ziren Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, Ana del Val Kultura eta Kirola diputatua, eta Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea.

Eginkizun bikoitza izango du zentroak: batetik, museoak bere funtsean eta artxiboetan dituen emakume artisten bildumen erakusleiho bat izango da, eta, bestetik, artisten lanak eta irudiak ezagutzeko eta aztertzeko bilgune bilakatuko da. Elena Roseras Artiumeko Biblioteka eta Dokumentazio prozesuko arduradunak azaldu zuenez, zentro berria plataforma bat eta topagune bat izango da praktika artistikoen eta ikuspegi feministen artean sortzen diren «harreman emankorretan» interesa duten artistentzat zein publikoarentzat. Halaber, arte garaikidearen kontsultarako eta ikerketarako «erreferentziazko espazio» bat izango da, eta izaera «irekia» izango du: «Interesa duen edozeinen eskura egongo da museoaren ondare bibliografikoa eta dokumentala».

Guztira, 113.000 erreferentzia bibliografiko katalogatu dituzte: tartean daude euskal emakume artisten monografiak, erakusketetako katalogoak, aldizkako argitalpenak, ikus-entzunezko materiala, liburuak eta artxiboetako funtsak. Emakumeen praktika artistikoen eta ikuspegi feministen ezagutza esparruei buruz eskuragarri dagoen informazio guztia identifikatu, bildu eta antolatu dute,espazio «espezializatu» bat sortzeko. Roserasen esanetan, museoko bildumari eta erakusketei lotutako emakume artisten artxiboen gordeleku eta biltegia ere izango da.

Feminismoaren eta artearen ondarea babesteko gune gisa ere lan egingo du zentroak, eta feminismoak egituratutako testuinguru kulturalak, sozialak eta politikoak ikertzeko euskarria izango da: «Sinergiak sortu nahi ditugu feminismoarekin lotura duten artistekin, komisarioekin, elkarteekin, instituzioekin eta ikerketa zentroekin».

Bestelako lan ildoak jorratzeko asmoarekin lanean hasiko da zentroa, eta antolatu duen ekintza programaren barruan zenbait jarduera martxan jarriko ditu: besteak beste, dokumentazio zentroaren eta museoaren bildumaren arteko lotura indartzeko hainbat artelan erosiko ditu, euskal emakume artistei buruzko tesauro bat sortuko du, eta artista, idazle eta pentsalari batzuek gomendatutako azterketa ildo bat abian jarriko du. Gomendatutako azterketa horiek museoaren funts bibliografikoa eta jarduerak osatzeko baliagarriak izango dira, Roserasek jakinarazi zuenez. Gema Intxausti eskultoreak emandako gomendioekin lan egin du jadanik museoak, eta eskuragarri dago emaitza zentroan. Emakume artistekin egindako elkarrizketak kontsultatzeko parada ere emango du zentroak, ikus-entzunezko euskarrian.

Ibilbide berria erakusketan

Artium museoak emakumeek praktika artistikoan duten presentziari buruzko gogoetari heldu zion 2018. urtean. Orduan egiaztatu zuten —museoan zeuden 2.400 artelan ingururen azterketa egin ondotik— hamar artistatik bi baino ez zirela emakumeak. Ordutik, feminismoak eta emakumeen lanek gero eta garrantzi handiagoa hartu dute museoan. «Feminismoa museoaren lan ildo estrategikoa da, eta departamentu guztiak zeharkatzen ditu». Beatriz Herraez Artiumeko zuzendariak azaldu zuenez, zentroaren sorrera «keinu» bat da Emakumeen Nazioarteko Egunari, baina data zehatz batetik harago doan proiektua da.

Euskal emakume artisten dokumentazio zentroak ateak irekitzearekin batera, Bigarren Bidea izenburupeko ibilbidea antolatu dute Zeru bat, hamaika bide erakusketaren barruan. Ibilbide horretan ikusgai daude, lehen aldiz,Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Donostiako Tabakalerak eta Bilboko Arte Ederren Museoak elkarrekin erositako artelan batzuk, eta baita Arabako Foru Aldundiak eskuratutako beste batzuk ere. Horien artean, Azucena Vieites, Estibaliz Sadaba, Ana Isabel Roman eta Lucia Orzain artisten lanak ikus daitezke Artiumeko aretoetan. Eta haiekin batera, Juana Cima artistak 1980ko hamarkadan egindako horma-lan bat ere badago.

Bigarren Bidea ibilbidea ulertzeko 1977. urtera joan beharra dago. Urte horretan, Euskal Herriko mugimendu feminista kezkatuta zegoen emakume artistak arte erakundeetatik baztertuta zeuden, eta erakusketak antolatzen hasi ziren aldarrikapen moduan. Erakusketa horietan parte hartu zutenen artean zeuden Cima, Itziar Elejalde eta Juncal Ballestin. «Haiek artearen bigarren bide hori jorratzen hasi ziren, iruditeria berriak sortuz eta artearen erakundea zalantzan jarriz. Artista horiek ekoitzi zuten, era berean, mugimenduaren ikonografiaren zati handi bat ere: kartelak, liburuxkak, eranskailuak...». Bide horri erreparatzen dio Bigarren Bidea ibilbideak, Artiumeko zuzendariak esplikatu zuenez. Ibilbide berri hori marrazten duten lanen artean erosketa eta gordailu berriak bilduta daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.