Pessoa eta Sarri, Antzaren bahetik

'Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia' irakurraldi antzeztuan, bi idazle horien testuak bere bizipenekin uztartu ditu Mikel Antzak. Gaur estreinatuko dute lana, Loraldian

Ainhoa Alberdi aktorea, irakurraldi antzeztuaren entseguetako batean. LORALDIA.
amaia igartua aristondo
2021eko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Fernando Pessoa, Joseba Sarrionandia eta Mikel Antza. Zehazki, lehenengoaren antzerki obra bat, bigarrenak haren literaturari eginiko interpretazioak, eta hirugarrenak aurreko biak biribiltzeko erantsi dituen eguneroko eta Euskal Herriko pasarte zenbait. Loraldiak irizpide duen diziplina eta gai nahasketaren erakusle egokia da Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia irakurketa antzeztua: bi idazle klasikoak bere galbahetik pasatu ditu Antzak, idazlea bera ere; hiru figurak uztartu ditu, eta emaitza irakurtzearen ardura Ainhoa Alberdi eta Erika Olaizola aktoreen ahotsen esku utzi du, eta Idoia Beratarbidek muntatu eta gainbegiratu du pieza. Iazko Loraldian zen aurkeztekoa ikuskizuna, baina, orduan bertan behera utzi behar izan zutenez, aurten berritu dute estreinatzeko asmoa. Gaur egingo dute, Bilboko Azkuna zentroan. Ikuskizunak BERRIAren laguntza izan du, besteak beste.

Jaialdiaren antolatzaileek eginiko enkargu bat du sorburu irakurraldi antzeztuak. Pessoaren eta Sarrionandiaren arteko elkarrizketa literario bat irudikatu zezala eskatu zioten Antzari Loraldikoek, baina hasierako ideia moldatu egin zuen prozesuan, idazleak azaldu duenez: «Elkarrizketaren ordez, irakurraldi antzeztua antolatu dut. Pessoaren eta Sarrionandiaren arteko harremanari buruz idazlan bat egin behar nuen, eta konturatu nintzen bazuela zerikusia nire biografiarekin edo nire bizipenekin ere. Horren inguruan txirikordatu dut». Sarrionandiak itzulitako Pessoaren Marinela antzezlana hartu du oinarri Antzak, eta horrekin uztartuz joan da gainerako elementuak.

Ametsen ekarpena

Antzerki estatikoaren moldea erabilita, zazpi antzerki ontzea aurreikusi zuen Pessoak, baina Marinela izan zen bukatu zuen bakarra. Autoreak berak azaldu zuenez, antzerki estatikoan istorioaren korapiloa ez da ekintza bat, ezta horrek eragindako ondorioak ere, baizik eta hitz lausoen bidez erdietsitako arimaren errebelazioa. Horretarako, ametsaren planoa oso baliagarria begitantzen zitzaion autore portugaldarrari. Hala gogorarazi zuen Sarrionandiak Marinela-ren euskarazko bertsioaren hitzaurrean: «Berak esaten zuenez, bizitza bi izaten ditugu: bata, egiazko bizitza, haurtzaroan amets egin eta harrezkero ere irudimenaren behelaino mehe artean segitzen duguna; eta, bestea, bizitza faltsua, besteekin eta jarduera praktikoan konplitu eta hil kaxan amaitzen dena».

Pessoaren antzezlana hiru beilariren arteko elkarrizketa sakona da, zeintzuk hilkutxa batean dagoen dontzeila baten inguruan ari diren solastatzen. Ametsak dituzte ahotan haiek ere, besteak beste, eta beste horrenbeste izango dute, orobat, Antzaren irakurraldi antzeztuko aktoreek ere, idazleak adierazi duenez: «Beilariek ordezkatzen duten planoa ametsen mundua izango litzateke». Plano horri beste bat gehitu dio Antzak, zehaztu duenez: «Bi plano nahiko desberdinduak ditu obra honek, eta biak joaten dira txirikordatzen».

Bigarrena «plano diskurtsibo edo narratiboa» da, dioenez, eta hor bestelako informazioak nahastu ditu Antzak, «bai Pessoari buruz, bai Euskal Herriko gertaera batzuei buruz», zehaztu duenez. «Zertzelada batzuk dira, kronologikoki kokatzeko Euskal Herriko historiako pasarte jakin batzuk, eragina izan zutenak ondorengo gertaera batzuetan». Plano ezberdinak gorabehera, literatura dago irakurraldi antzeztuaren oinarrian. «Literaturak bizitzan daukan eraginari buruzko interpretazio bat izan daiteke. Hau da, ez da bakarrik aisialdirako; irakurraldiarekin, adierazten dudana da literaturak ere eragina daukala gertakizunetan».

Ez da lehen aldia Antzak Pessoa eta Sarrionandia ikuskizun berean batzen dituena. 1985ean, Pessoaren Marinela antzezlanaren Sarrionandiaren itzulpena oholtzara eraman zuen, Luar antzerki taldearekin batera. Orduko hartan, hiru beilariak gorpuzten zituzten hiru aktore aritu ziren. Oraingoan, ordea, bi antzezle baino ez dira arituko haien larruan. Izan ere, orduko aktoreetako bat, Elena Leza, gazte hil zen, eta haren falta «sinbolizatzen» du antzezlan osoan hutsik dagoen aulkiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.