Europak latitude ezberdinak ditu

Gaur Sturm Grazi irabaziz gero, Realak Europa ligan segitzeko urratsa egingo luke, eta Konferentzia liga lotu. Oiartzabal eta Gebara lesionatuta daude; Isak deialdian da

BERRIA.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Tokiaren arabera, gauzak asko alda daitezke Europan. Geografiari dagokionez, egoera oso bestelakoak bizi daitezke Norvegiako Knivskjellodden lurmuturrean, 71. latitudean, edo Greziako Gavdos uhartean, 34.ean. Futbolean ere antzeko zerbait gertatzen da; Europa luzea eta zabala da, gero eta gehiago, eta ez da gauza bera Txapeldunen Ligan jokatzea, Europa ligan aritzea edo Konferentzia ligan estreinatzea. Gavdos epelagoa da Knivskjellodden baino; futbolean, Txapeldunen Ligan dago gozoen, baina Europa ligan ere gustura egoten da.

Hargatik, Realak txapelketa horretako ligaxka gainditzeko garaipen bat eskuratu nahi du gaur, Sturm Grazen aurka, Anoetan. Irabazita, ondo kokatuko da sailkapenean, PSV Eindhovenen eta Monakoren artekoan zer gerta ere. Gainera, partida horretako emaitzaren arabera, multzoko lehen postua eskura dezake. Edozelan ere, jakina da hiru puntuak batuta saria izango duela: txarrenera, Konferentzia ligan ariko da multzoen fasea amaitzean.

Konferentzia ligan hotz handiagoa egiten du, ordea, eta bestelakoa da Realaren xede bakarra: Europa ligan segitzea. Irabaztea da horretarako modurik eraginkorrena. Hala uste du Imanol Alguacilek ere, atzo partida bezperako prentsa agerraldian adierazi zuenez: «Garrantzitsua izango da partida, dudarik gabe, baina beste bi geratuko zaizkigu gero, eta beste partida ere badago [Monako eta PSVren artekoa]. Gu, badaezpada ere, irabazten saiatuko gara».

Reala bigarren postuan dago sailkapenean, bost punturekin, eta alerik ere ez du Sturm Grazek. Kontrarioak derrigor irabazi behar du, lehiaketatik kanpo geratu nahi ez badu. Bolada makurrean da Austriako taldea: jokatu dituen azken zazpi partidetatik sei galdu ditu. Joan zen igandean astindu egin zuen Wolfsbergek (0-3), eta petral antzean dabil giroa taldean. Baina Imanolek uste du minduta dagoen aurkari bat «arriskutsua» dela: «Ez daude bolada onean, baina ez dute aldatu jarrera. Beti izan da talde oldarkorra presioa egiteko orduan, eta baloia jokatzean saiatuak dira jokalariak. Nahiz eta hutsuneak eduki eta halako bolada txarrean egon, saiatuko dira egiten dutenari segida ematen». Horretarako, Sturm Grazek 600 zale ingururen babesa izango du.

Aurkariak, talde eraberritua

Realak eta Sturm Grazek orain bi aste neurtu zituzten indarrak, eta ordutik zenbait hutsune izan dituzte austriarrek. Jokalari batzuek ez dute Anoetan jokatuko, min hartuta baitaude: Jusuf Gazibegovicen, Vincent Trummerren, Stefan Hierlanderren, Otar Kiteishviliren, Sandro Ingolitschen eta Francisco Mwepuren kasua da hori. Jon Stankovic ere ez da ariko, joaneko partidan txartel gorria ikusi baitzuen.

Realeko zenbait jokalari ere min hartuta daude. Mikel Oiartzabal oraindik ez da osatu, eta deialditik kanpo utzi du Imanolek. Baita Ander Gebara ere; gasteiztarrak arazoak ditu koadrizepsean. Alexander Isakek, berriz, lan bereizia egin zuen atzoko lan saioan, baina deialdian dago, Jon Ander Olasagasti bezalaxe. teknikari oriotarrak estreinakoz deitu du harrobiko jokalaria.

«Niretzat ez dago hurrengo partida baino garrantzitsuagorik», esan zuen Imanolek atarikoan. Latitude epeletara bidaiatzen segitzeko jarrerarik onena da hori.

REALA-STURM GRAZ

Reala. Remiro; Zaldua, Aritz, Le Normand, Aihen; Silva, Zubimendi, Merino; Barrenetxea, Portueta Sorloth.
Sturm Graz. Siebenhandl; Dante, Wuthrich, Geyrhofer, Jager; Kuen, Prass, Ljubic; Niangbo, Jantscher, eta Yeboah.
Epailea. Andris Treimanis (Letonia).
Lekua. Anoeta (39.500 ikusle).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.