Sufritzeari etekina atera

Athleticek ligako partida jokatuko du gaur Real Madrilen zelaian. Zuri-gorriek bost partida daramatzate irabazi gabe. Agirrezabala eta Paredes deialdian dira

Athleticeko atezain Unai Simon baloi bat aldentzen, aurreko sasoiko partidan. JUANJO MARTIN / EFE.
haritz gallastegi
2021eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Joko eta emaitza bolada kontrakoan dauden talde bi lehiatuko dira gaur Santiago Bernabeun (21:00, Movistar La Liga). Athleticek bost jardunaldi daramatza irabazi barik. Sasoia hasi zenetik izan duen lehorterik handiena da. Emaitzak erakusten ari den jokoaren isla dira. Athletic ez dago hautsita. Jokalariak ez dira ari bakoitza bere aldetik. Taldea da euren lehentasuna. Baina golak sartzeko arazoak dituzte, eta, azken partidetan, aukerak sortzeko ere zailtasunak izan dituzte. Freskotasuna galdu du taldeak. Baina Marcelino Garcia teknikaria baikor da: «Emaitzek diotena baino hobeto gaude. Kezkatuta egongo nintzateke utzikeria, lehiakortasunik eza eta ahultasuna ikusiko banu. Baina ez da horrela».

Real Madril, berriz, denboraldiko garairik gozoenean dago. Espainiako Liga eta Txapeldunen Liga batuta, bederatzi partida daramatza galdu gabe. Zortzi irabazi ditu, eta bat berdindu. Aurreneko postuan dago, eta konfiantzaz gainezka.Garaipen asko kateatzen dituen talde batek dohain asko ditu. Futbolari asko nabarmentzen dira. Real Madrilen, batez ere Benzema eta Vinicius ari dira denen arreta bereganatzen.

Erdiko aurrelariak urteak daramatza taldeko erasoko erreferentzia izaten. Gol asko sartzeaz gain, inguruan dituen futbolariak hobeak egiten ditu. Area barruan zein areatik kanpo argitasuna dauka. Azkeneko errematea zein azken pasea emateko gaitasuna dauka. Ligako jokakalari osoenetakoa da egun.

Vinicius, berriz, zuzena da. Edozein defentsa hankaz gora jartzeko abiadura eta abilezia dauzka. Buruz burukoan geldiezina da. Denboraldion, gainera, asmatzen ari da ate aurrean. Erabakigarria da. Benzema eta Vinicius kapaz dira norgehiagoka bat irabazteko. Beraz, Athleticek arreta berezia jarri beharko du haiek zaintzeko lanean. Baina Real Madril bi jokalari baino askoz gehiago da. Kroos eta Modric zelai erdian erakusten ari diren maila oso ona da, eta defentsan arazoak sortu direnean, Courtois agertu da.

Real Madrilen joko bolada bikaina eta futbolarien talentuaren berri izatea nahikoa da gaurko lehia zaila izango dela konturatzeko. Gainera, zuri-gorriek Bernabeun duten estatistikak ere ez du asko laguntzen. Ligan jokatu dituen azken hogei partidetatik bakarra irabazi du: 2005-2006 denboraldian irabazi zuen han azken aldiz, eta tarte horretan bost puntu baino ez ditu lortu.

Athleticek dena kontra duela dirudien arren, badu aukera punturen bat irabazteko. Batetik, Real Madril ez da talde zapaltzailea. Pitzadurak ditu. Bestetik, Athletic erosoago ari da kanpoan, etxean baino. Denboraldion ez du partidarik galdu. Marcelinoren taldea hobeto moldatzen da kontraerasoan jokatu behar duenean neurketaren zama hartzea egokitzen zaionean baino. Defentsan sendo aritzen bada, zuloak izango ditu. Marcelinok ez du jokatzeko era aldatzeko asmorik: «Real Madrilek aurreko sasoian baino bizkorrago jokatzen du. Baina iragan denboraldian bezala, goian presioa eginez hasiko da gure jokoa». Iñigo Martinezek ezingo du jokatu, zigortuta baitago. Vivianek eta Villalibrek min hartuta segitzen dute, eta deialdian dira Julen Agirrezabala eta Aitor Paredes gazteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.